“Lazkaoko Martxa” estreinatu zuen Lazkaoko Bandak, Joxe Mari Oiartzabalek moldatuta

Aiurri 2024ko mai. 2a, 12:03

Eneritz Jauregi eta Joxe Mari Oiartzabal, Lazkaon, atzo (Argazkia: Eneritz Jauregi)

Andoainen ez ezik Lazkaon ere bete-betean dituzte jaiak, San Prudentzioak hain zuzen. Atzoko egitarauan, hizki larriz jarrita zeukaten Eneritz Jauregi andoaindarrak zuzentzen duen bertako Udal Musika Bandaren kontzertua, “Lazkaoko Martxa” estreinatzen baitzuten. Pieza Joxe Mari Oiartzabalek moldatu du, Bandako instrumentu guztiek jotzeko moduan. Kontzertura gonbidatu zuten Oiartzabal, eta esker oneko omenaldi xumea jaso zuen lazkaotarren eskutik.

“Lazkaoko Martxa” Jabier Muruamendiarazek sortu zuen 2002an, eta Andres Barandiaranek letra jarri zion hurrengo urtean. Herriko jaietako danborradetan jotzeko prestatu zuten, eta atzotik jada bandako instrumentistek ere badauzkate partiturak eskura.

Joxe Mari Oiartzabal musika andoaindarra konposatzailea izateaz gain, abestien moldatzailea ere bada, eta ez nolanahikoa, antza denez. Izan ere, handik eta hemendik eskatzen baitiote Bandako hainbat instrumentuentzat egokitu ditzan abestiak.

Atzo, Lazkao Txiki Musika Eskolak Musikako Bandak oroigarria eman zion, esker onez. Abestia estreinatzeko unean, Eneritz Jauregi zuzendariak Oiartzabali batuta eman zion, pieza zuzendu zezan.

 

Jauregi, musikari eta zuzendari

Eneritz Jauregi flauta-jole andoaindarra Lazkao Txiki Musika Eskolan 2019n sortu zen Bandako zuzendaria izateaz gain, eskolako zuzendaria da eta flauta eta flautinako irakaslea. Bestalde, Getariako Musika Banda ere zuzentzen du, eta Hernaniko Musika Bandan flauta-jole bakarlaria da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!