Datorren maiatzaren 4an, larunbatarekin, goizeko 10:30ean irekiko dute azoka Zumea plazan, eta bezeroek eta herritarrek edukiko dute zer ikusia eta zer erosia bertan.
Amaiur Etxebarria bera artisaua izanik, ongi asko ezagutzen du mundu hori, eta ziurtatu du herritarrek produktu anitzak eta irudimentsuak topatuko dituela plazan. Artisau multzoa banan bana aztertzen hasita, kalitatea eta aniztasuna nabarmendu nahi izan du Etxebarriak: “Eskulangintzan formazio eta eskarmentu handia daukaten artisauak Andoainera ekartzen saiatu gara, eta hori lortuko dugula esango nuke. Ezaugarri ugari aipatuko nituzke, eta denak dira baloratzekoak: originaltasuna, benetakotasuna, aniztasuna… Oso pertsonalak dira, artista hutsak dira egiten duten horretan, eta horretaz gain, jendartekoak dira, badakite publikoarekin modurik naturalenean konektatzen, badakite beren sortzaile sena transmititzen”.
Artisau izatearen ofizioa (irudimenaren lanketak, eskulangintza, bezeroarekin aurrez-aurreko salmenta zuzena...) barne-barnetik bizi duten artisauak Andoainera datozela adierazi du Etxebarriak. “Bizi-filosofia eta bizimodu bat partekatzen dugu; hori oso garrantzitsua da.
Artisautza, umetatik
Amaiur Etxebarriak ume-umetatik bizitu izan du artisauen azoken giroa. “Hogei urte ditut, eta esango nuke bizi guztia daramadala azokaz azoka, alde batetik bestera. Izan ere, ama ere artisaua dut eta harengandik jaso dut grina hori, bizitzeko estilotzat jo daitekeena”.
Horrela, Etxebarriak aitortzen du egundoko ilusioa egiten ziola bere herrian bertan azoka indartsua antolatzea, jai egitarauaren ekitaldi betegarri ez baizik eta etorkizunean erreferentzia bilaka daitekeena bere kalitateagatik. “Ideia horretxek mugitu ninduen orain hilabete batzuk abentura honetan sartzera. Gogorra izaten ari da antolaketako hari guztiak jostea, baina merezi izan duela iruditzen zait. Beraz, azoka bisita dezaten gonbitea luzatzen diet andoaindarrei, ea zer nolako inpresioa hartzen duten”.
Zehazki, Etxebarria joskintzan trebatu da, eta hortik abiatuta, makina bat produktu zabaltzen ditu merkatuan egun, Rbelde markarekin (Instagramen, @r_belde). “Neuk diseinatzen ditut guztiak. Patroiak sortu, eta zerotik hasita josten ditut. Denetariko produktuak egiten ditut, konplementu edo osagarri deitzen direnak, apaingarriak…”.
Haurrentzat, gune berezia
Haurrei begira azokan aparteko txokoa bat prestatu dute 12:00etatik 14:00etara, eta bertan, haurrek eskulagintzetan murgiltzeko aukera edukiko dute; besteak beste, aurpegi-margoketa, txapak egitea, kalkomania, globoflexia… Piraten unibertsoa izango dute gai nagusitzat eskulan horiek.
Bestalde, musika zuzenean izango da, Joxune taldearekin, 12:00etatik aurrera.
20 artisau
Hogei artisauk osatuko dute Zumea plazako azoka. Instagraneko @andoaingo.azoka kontuan artisau horien aukezpenaz gain, hainbat xehetasun agertzen dira. Hona nortzuk diren:
- Lioka (modako osagarriak, maskotak).
- Marapilo (makrame).
- Lok.atz (buztina).
- Ketzalak (egurrarekin artelanak).
- Koloreztatu (kosmetika naturala).
- Akna (aire-gozagarriak).
- Kikuxa (imitaziozko bitxiak).
- Xolearte (errestaurazioa eta esku-lanak).
- Saio.art (akuarelak).
- Josune makrame (makramea).
- Toñi (kakorratzak).
- Poxtiñeneko gazta.
- Spoon proyect (whittling, labanaz zura zizelkatzea).
- R.ebelde (joskintza).
- Santana tailerra (berziklatutako materialarekin eskulanak).
- La txika de la cerveza.
- Sualma jostailuak (egurrezko hezkuntza-jostailuak).
- Brotes verdes.
- Helena Agell (estanpazioa, enkuadernazioa…).
- Atalaya (eztia).
Gainera, Aita Larramendi ikastolako gurasoek Kilometroak 2024ren aldeko mahaia ere ipiniko dute azokan.