Igandean, gaueko 22:00ak pasatxo zirenean, Jai Batzordeko kideek azken ekitaldiari ekin zioten. Xumea zen, eta ez zioten oihartzun berezirik eman. Zezen suzkoa Zubiaurre etxean amaituta, jaietako antolatzaileetako bi lehen solairura igo ziren mastatik Ikurriña kentzera. Inguruan zebiltzan haur eta familia asko, gertaerarekin jabetuta, etxerako bidea atzeratu zuten. Atera ziren balkoira Eneko eta Tolo, Ikurriña mastatik atera eta bandera jasotzen hasi zirela jendea txaloka hasi zen. "Gora Santakrutzak!" oihukatu zuen norbaitek, jendartetik. "Gora!", erantzuna berehalakoa izan zen. Akabo festak! Zezen-suzkoa, suziri bikoitza eta Ikurriñaren jaitsiera izan ziren azken hitzorduak. Sei eguneko ospakizunen ostean, lanera eta eskolara joateko garaia zen.
Jaien balorazioa egiteko garaia da. Normaltasuna nagusitu da, aparteko gorabeherarik gabe. Eta hori, bere horretan, pozgarria da. Kopuruari eta parte-hartzeari dagokionez, pozik egoteko motiboak badituzte antolatzaileek. Izan ere, bertako eta hurbileko herrietako festazale ugari elkartu da Andoainen. Horrez gain, antolatu diren ekitaldi gehienetan parte-hartze handia izan da. Kuadrillen bazkarian edo auzo bazkarian, esaterako, ehunka lagun elkartzea aintzat hartzekoa da. Jaiak sortzen duen atxikimenduaren seinale da hori.
Andoaingo Udalaren balorazioa
"Ehun ekimenetik gora burutu dira festetan, jendetsuak gehienak; herriko bizilagunez gain, inguruko herrietako bisitariak ere etorri dira jaiez gozatzera. Hori guztia ez litzateke posible izango Jai Batzordeak gauzatuduen lan eskergarik gabe. Nekaezin aritu dira gainerako herritarrek jaiez goza zezaten. Udal gobernu gisa, eskerrak ematea dagokigu".
Bestalde, Udalak nabarmendu du Gune Morean ez dela aparteko intzidentziarik jaso. Zaurgarri diren kolektiboei begira, aurtengoan berrikuntza txertatu da Txistoki pasealekuko barraketan. Udala pozik agertu da saiakerarekin: "Gogoratzekoa da, jai hauetan lehenbizikoz zarata eta argirik gabeko ordu eta egunak izan direla barraketan; Udalak balantze positiboa egin du, eta hala jaso du horiekiko sentikor diren pertsona edo beren gertukoen aldetik. Aurrerantzean ere, bide horretan lanean jarraituko duela adierazi nahi du Udalak".
Jai Batzordeak, bere aldetik, datozen egunetan egingo du aurtengo Santakrutzen balorazioa.