Ate-irekiera Burdinaren Gordelekun, Museoen nazioarteko egunarekin bat eginez

Xabier Lasa 2024ko mai. 16a, 08:40

Extremadura kaleko zazpigarrenean, etxabean, aurkitzen da Gordeleku Burdina elkartearen museoa. Ia hogeita bost urteko ibilbidean bildutako ondarea ikusgai izango da, egunotan, Museoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez

Burdina elkarteak Gordelekun “Ate Irekiak” jardunaldiak antolatu ditu, Museoen Nazioarteko Egunaren harira. Maiatzaren 16, 17 eta 18an irekiko ditu ateak Burdinak, eta herritarrei bertaratzeko gonbidatpena egin die.

Azken urtetan tresneria zaharrak berreskuratu, txukundu eta ikusgai jartzeko erabili duen egoitza da Gordeleku, eta Extremadura Kalea 7n kokatzen da. Bada, hiru egunetan honako ordutegia izango du: goizetan, 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldeetan 18:00etatik 20:00etara. Bisitariek bertan topatuko dituzte Burdina elkarteko kideak ordu horietan; horiek prest egongo dira edonolako azalpenak emateko, eta galdera eta kontsultei erantzuteko.

Burdinak, ia 25 urtetako ibilbidean, geure arbasoen lanbideak, bizimoduak eta pentsamenduak islatzen dituzten makina bat tresneri eta objetu bildu eta txukundu ditu. Azken urtetan, berriz, guzti horiekin museo etnografiko baten antza hartzen duen Gordeleku ikusgarria egin du. 

Etengabeko langintzan murgilduta dabiltza Burdinako kideak Gordelekun, kasik egunero bildu ohi baituzte era guztietako tresneriak eta objetuak. Zenbaitetan emaileek uzten dizkiete, eta bestetan, ondare historikoa berreskuratzaren alde hen-hemen bhurutzen arid iren egitasmoetan topatu ohi dituzte. 

Azken harribitxi arkeologikoa, Sorabillako San Martin elizan baztertuta zegoen erloju zaharra da. 1798an eraikitakoa da, eta ziurrenik Gipuzkoan dagoen zaharrenetakoa da. Erloju horien makinarian adituak diren Juan Mari Elosua eta Xabier Alvarez konponketa lanetan aritu dira zenbait astetan, eta ikusgai jarri dute jada. Etorkizunean, erlojua Sorabillako elizan bertan, (ez kanpai-dorrean, sarreran baizik) ikusgai eta modu iraunkorrean ipintzeko asmoa du Burdina elkarteak. Auzoko jaietan ofizializatuko du erlojuaren leku aldatze hori.

Galtza bete lan

Gordelekua tresneria zaharrekin aberasten segitzeaz gain, beste zenbait egitasmotan murgiltuta dabiltza Burdina elkarteko kideak. Horietako zenbait, aurten burutu nahiko lituzkete. 

Besteak beste, Andoaingo historiako industria zaharra gogorarazten diguten sinbologia handiko bi ekintza egingo dituzte. Batetik, Urigain kultur etxeko zelaian, Plazaolako bide gorriaren parean, meatzetako bagoneta bat ipiniko dute; Leitzarango bailaran egundoko garrantzia eduki zuen meatzaritza islatuko du elementu horrek.

Bestetik, Leitzaran ibaiaren bazter bateko horman, Santa Krutz elizatik gertu, aingura bat zintzilikatuko dute. Lehendik ere, Andoainen aingurak eraikitzeko lantegia (sutegia) eta ontziralekua bazirela gogorarazten digu kale izendegiak, hain zuzen, Aingurasutegi kaleak. Aingura hori Orion topatu zuten garai batean, eta baliteke Andoainen bere garaian eraikia izana. Gainera, informazio panela erantsiko dute bertan, industria horren berri emateko. Liburuxka ere kaleratuko dute, Mendoza Txurreriarekin egin zuten bezala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!