Herri ondarea berreskuratzea eta zabaltzea helburu dituen Burdina elkarteko kideek makina bat tresneria, pieza, gailu eta altxor zahar berreskuratu, txukundu eta ikusgai jarri dituzte Gordeleku izeneko egoitzan, azken urteotan. Joan den astean, Gordelekuren ateak ireki zituzten Museoen Nazioarteko egunarekin bat eginez, eta besteak beste, Sorabillako San Martin elizako antzinako erlojuak egundoko ikusmina piztu zuen bertaratu ziren ikusleen artean.
Antzinako erlojuaren berreskuratzea
Sorabillako San Martin elizako erlojua Lazaro Iparragirre erlojugileak eraiki zuen 1795ean, eta funtzionamenduan mende eta gehiago aritu ostean, kanpandorrean erabili gabe egon da, bazter batean utzita, azken hamarkadetan. Ikusita balore historiko handiko ondarea zela, Burdina elkarteak berreskuratze lanari ekin zion orain hilabete batzuk.
Horretarako, antzinako erlojuen makinarian adituak diren Juan Mari Elosua eta Xabier Alvarez zumaiarrekin harremanetan jarri ziren. Bien aholkularitzaz baliatuta, erlojua piezaz-pieza desmuntatu egin zuten lehenengo eta behin. Pieza guztiak ondo markatu eta argazkiak atera ondoren, kanpandorretik banan-bana polea erabiliz jaitsi, eta Gordelekura eraman zituzten.
Dexenteko denboraldia igaro zuten Gordelekun, pieza guztiak garbitzen eta txukuntzen, eta langintza horren ostean ekin zioten erlojua biziberritzeari.
Erlojuak, guztira, 300 kilo izango dituela estimatzen dute.
Artistek egindako artelana
Erlojuak bere esferan bertan, inskripzio bat dauka erantsita, eta horri esker, jakin ahal izan dute Lazaro Iparragirre izan zela erlojuaren egilea, 1795ean. Hain zuzen, De la Prada Iparragirre familia XVIII. eta XIX. mendeetako erlojugile familia ospetsua izan zen.
Inskripzioan ere agertzen denez, 1879an, Benito Yereguik erreforma edo konponketa lanak egin zituen. Kontu egin behar da konpontzaile hori, Xabier Alvarez Yereguiren birraitona dela. Hortaz, argi dago arbasoengandik jaso duela antzinako erlojuenganako aparteko interesa.
Egiazki, Elosuak eta biek biziki estimatzen dituzte aitzinako erlojuak, eta horietako ehun bat ikusi dituzte azken hamar urtetan; horietatik, zortzi berreskuratu dituzte. Bada, beren estimazioen arabera, “Antzinatasunari begiratzen badiogu, Gipuzkoan, bigarrena izango da; zaharrena, Hernanin topatu dugu, 1760koa da, eta De la Prada familiako kide batek eraiki zuen”.
Goitik behera aztertu dute Sorabillako erlojua. Arkeologia lanak egin dituzte, beren hitzetan. Bere teknologia, mekanismoa, materiala… arakatu dituzte xehe-xehe. Era horretan, hainbat xehetasun jarri zaizkie begi-bistan zumaiarrei. “Lehenbiziko eta behin, orduetako bi karakol dituela, eta ez bakarra, orain arte ikusi ditugun guztien antzera”.
Karakola, erloju mekaniko zahar batzuetan erabiltzen den dispositibo mekanikoa da; malguki kiribil batek (tradizionalki harizko erlojuak deitzen zaie) bultzatzen dio, makinei motorraren malgukiak ematen dien indarra konstante bihur dadin.
Erlojuak hiru engranaje handi edo gurpil-horzdun inperial ditu. Horietako batek, erlojuak beharrezkoa duen mugimenduari indarra ematen dio, eta beste biek, orduak eta ordu-laurdenak jotzeko ditu.
Erlojuak eguneko 24 orduak bitan banatzen ditu, eta zenbait kanpai-hots bereiz daitezke, Angelus garaia esate baterako. Esan bezala, 12 ordutako bi karakol ditu erlojuak, eta horri esker, programazio mekanikoa errazten du. Kanpai-hots bat finkoa du, eguerdiko 12:00etarako ziurrenik, eta beste bi programagarriak ditu.
Yereguik ohartarazi duenez, kanpai-dorretako erlojuen zeregina ez zen mugatzen elizaren funtzioak eta erritualak markatzera, “herriko-etxeek eta elizako arduradunek erlojugileekin kontratuak sinatzen dituztenean, argi uzten zuten, esate baterako, eguneroko botikak hartzeko edo otorduak noiz egin zehazteko balio behar zutela. Izan ere, garai haietan jendeak ez zuen edukitzen ordularirik. Geroko asmakizun modernoak dira horiek!”.
Beste zenbait xehetasun jakinarazi dituzte Elosuak eta Yereguik erlojua aztertu eta gero. “Besteak beste, argi geratzen da artista galantak zirela bere eraikuntzan aritu ziren errementaria eta zurgina. Esate batera, burnizko piezak batzeko orduan, soldadura calda eran eginak daude, ingudearekin; berotze prozesu konplexua da hori, gaur egungo oso soldatzaile gutxik menperatzen duten teknika da hori, hain zuzen”.
Zergatik zokoratu zuten
Erlojua 1795ean jarri zuten abian, eta XX. mendearen erdia aldera arte funtzionatu zuen. Zergatik ez ote zuten konpondu? Yereguiren iritziz, arrazoi bat baino gehiago egon liteke erabaki horren atzean. “Izan liteke ezin zutela beren bizkar hartu konponketaren kostua. Edota, sakristauarentzat, serorarentzat edo beste edozein auzotarrentzat ardura handia izan zitekeela egunero edo astean ez dakit zenbat txandatan kanpai-dorrera igo eta erlojuari giltza ematea”.
Sorabillako elizan, betirako
1795eko erlojua ez dute martxan jarriko, iraganean bezala. Garesti samar aterako litzateke eginkizun horretan murgiltzea, “izan ere, zenbait pieza hondatuta dauzka eta beste zenbait falta zaizkio”. Baina irizpide horren gainetik, kontuan hartu dute egun ez duela “zentzurik aitzinean bete zuen eginkizunak, herritarrei eguneko orduak jakinaraztea, alegia”. Horren ordez, balio handiko ondare historiko batek merezi duen tokia hartuko du. Erakusgai jarriko dute bere jatorrizko lekuan, herritarrek ikusi eta estimatu dezaten.
Gordelekun zainduko dute hurrengo hilabeteetan. Baina irailaren 8an, Koruko Ama Birjinaren egunean, Sorabillako jaien egun handian, bertako San Martin elizara eramango dute. Meza nagusiaren ostean, bera biziberritzen aritu diren Elosuak eta Yereguik zenbait azalpen egingo dituzte. Auzoko jaietan ofizializatuko du erlojuaren leku-aldatze hori, hortaz.
Eliza barruan, sarreran, beira-arasa batean sartuta jarriko dute erakusgai, eta modu iraunkorrean geratuko da bertan.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 649 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.