Hainbat musikarik hartu zuten parte omenaldian, eta denek ere Fracak konposatzaile gisa sortu izan zituen abestiak biziberritu zituzten. Musikari batentzat ezin oparirik gozoagoa izan daitekeena eskaini zutela, alegia.
Udal Musika Eskolako honako irakasleek hartu zuten parte gorazarrean, nor bere instrumentuarekin: Myriam Ulanga (pianoa), Mirari Irurtzun (biolina), Txitxu Castro (pianoa-teklatua), Gorka Otamendi (perkusioa), Elena Gorrotxategi (flautina-flautina), Koldo Salaberria (tronpa-tronpeta), Ane Urbizu (eskusoinua), Mikel Emezabal (klarinetea-rekintoa), eta, Claudia Alduncin (klarinetea-klanrinete-baxua).
Horiekin aritu ziren, halaber, Ainhoa Merzero sopranoa eta Erik Carrero terrona.
Eta bukatzeko Mikel Emezabalek zuzentzen duen Udal Musika Bandaren txanda heldu zen.
Ekitaldian, Aitor Arrutik hainbat testigantzekin Luis Fracaren inguruan atondu duen ikus-entzunezko montajea proiektatu zuten.
Ixiar Oreja aritu zen aurkezle gisa.
Ekitaldi instituzionala
Andoni Alvarez alkateak hitza hartu zuen ekitaldian, “Andoain herriak ezagutu duen musikari entzutetsu eta handienetakoari omena egiteko bildu gara gaur. Maiz entzun izan ditugu herriko festetan berak sortutako izan zirela doinu eta melodiak, ziur asko berak sortuak izan zela jakin gabe askotan. Baina bistan da, gaur eta hemen, Luis Fracak utzitako emaria izugarria izan dela”.
Gaineratu zuenez, andoaindarrek egungo Bandarekin gozatzeko aukera baldin badugu, hori “berak egin zuen lanari, eta, ondoan eduki zituenei eta bere lekukoa hartzen jakin izan dutenei” esker izan da.
“Fracaren melodiek, konposaketek eta bere umore ona guregan jarraituko dute hamarkadetan. Eskerrik asko herriari emandako guztiagatik!”, esanez amaitu zuen hitzartzea Alvarezek.
Segidan, Fracaren alargun Alicia Sanz oholtzara igotzera gonbidatu zuten. Txalo zaparradaren erdian, erabat hunkituta zela, oroigarria jaso zuen Alvarezen, Marta Lasa kultura zinegotziaren eta Fracaren ikasle izan zen Myriam Ulangaren eskutik.
Eta bukatzeko, Udal Musika Eskolako Bandak Luis Fracak sortu zuen “Andoain” abestia interpretatu zuen.