"Errespetua oinarri duen kirola da boxeoa"

Mikel Arberas 2024ko eka. 14a, 11:00

Euskal Herriko txapelduna da Nura Ariztimuño 48 kilogramotan, eta boxeoan lehiatzen jarraitu nahi du. Etorkizun luzea du aurretik.

Nura Ariztimuño eskubaloi jokalaria zen gazteagotan, baina unibertsitatera joan zenean kirola alde batera utzi zuen. Handik gutxira, berriro ere kirolean hasteko gomendioa eman zioten eta boxeoa probatzea erabaki zuen, gaur arte. Egun, gogor entrenatzen du Donostiako Anoeta Boxeo Eskolan.

Azaldu apur bat nolako entrenamenduak egiten dituzun.

Txapelketetan aritzen garenok egunero joan gaitezke entrenatzera, egokien zaigun orduan, izan ere, lana egiten dugunez ordutegira moldatu behar izaten ditugu entrenamenduak.

Entrenamenduei dagokionez, bi zatitan bereiztuko nuke: batetik, lanketa fisikoa, eta, bestetik, alde teknikoa; izan ere, kolpeak teknikoki lantzea ezinbestekoa da boxeoan. Hamabost pertsonako entrenatzaile bat eduki ohi dugu eta kolpe-konbinazioak nola egin azaltzen digu; orduan, bikoteka jartzen gara eta kolpe multzo hori errepikatzen saiatzen gara eta, bitartean, entrenatzaileak zer hobetu esaten digu. Horrez gain, beste kiroletan bezala, estiramenduak eta beroketa ariketak egitea ezinbestekoa da.

Larunbatean, Hernaniko kiroldegian lehiatuko zara. Zein aurreikuspen egiten duzu?

Ez dut aurkaria ezagutzen eta, ni bezala, borroka gutxitan parte hartu duela uste dut. Hortaz, ezin dut aurretiaz ezer esan, informazio asko falta zaidalako. Era berean, urduritasun apur bat sorrarazten dit, ez baitakit nola mugitzen den ring-ean, zein ahulgune edo indargune dituen eta zer esperoko dudan lehian.

Maiz aipatu da boxeoa bezalako kirolak zakarrak eta bortitzak direla. Bestalde, kiroltasun eta errespetu handia omen dago boxeolarien artean...

Boxeoan eduki ditudan esperientziak errespetuan oinarritutakoak izan dira. Errespetua oinarri duen kirola da. Azken finean, aurkaria eta biok, kirol bat praktikatzen ari garelako kolpatzen dugu elkar, ez haserreagatik edota gure artean arazorik dagoelako. Hori ulertzea ezinbestekoa da. Are gehiago, emakumezko boxeolari gutxiago gaudenez, elkarren artean babesten, animatzen eta harreman ona edukitzen saiatzen gara. Nire kasuan, aurkariak errespetuz tratatzen saiatzen naiz, bai borrokaldia baino lehen, pisaketetan esaterako, eta bai ondoren. Adibide bat jartzearren, lehiaren ostean elkarri eskua eman, besarkatu edota laguntasun keinuak elkartrukatzen ditugu.

Pisaketa aipatu duzu. Zertan datza?

Borrokaldia baino bi ordu lehenago izan ohi da. Zure izena esaten dutenean, pisatu eta zenbateko egokia eman behar duzu.

Zer pasatzen da pisuz pasatzen bazara?

Oso zorrotzak dira. Dena den, denbora tarte bat ematen dizute pisuz jaisteko, eta, horretarako, ariketa fisikoa egin dezakezu; esaterako, lasterka edota soka-saltoa, beste batzuen artean.

Borrokari dagokionez, lehia betean murgilduta askotariko kolpeak jasotzen dituzue. Ematen dituzuen bezala, jasotzen ere ikasi egin behar al da?

Baietz esango nuke. Entrenamendu eta borrokaldi gehiago egin ahala, gorputza kolpeetara moldatzen da. Hortaz, irakurleei harrigarria egingo zaien arren, momentuan ez duzu kolpea guztiz sentitzen; zera esan nahi dut, kaskoarekin eta bukalarekin babestuta goaz, eskularruek barrubiguna dute eta unean uneko adrenalinak borrokarekin jarraitzen laguntzen du.

Geroz eta gehiago dira boxeoa praktikatzen hasten direnak. Normalizatze prozesuan al dago?

Inguruan asko hasi dira boxeoan. Gainera, geroz eta gehiago dira boxeoa praktikatzera animatzen diren emakumeak, eta horrek asko pozten nau.

Amaitzeko, aurrera begira helbururik ba al duzu boxeoan?

Aurtengo nire helburua Euskal Herriko txapelketa irabaztea zen, 48 kg-tan, eta lortu dut. Urte osoan aritu naiz prestaketa lanetan eta asko sufritu dut 48ko pisura iristeko. Beraz, datorren urteari begira, beste maila batean lehiatzea edo 48 kilogramotan jarraitzea pentsatu behar dut. Horiek horrela, hurrengo urteko garapenaren arabera erabakiko dut gauza bat edo beste.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!