Txakurra, zuen kasuan, kirola egiteko kide egokia duzue. Andoainen zeintzu dira toki kuttunak?
Andoainen leku zoragarri asko ditugu eta pribilegiatu batzuk gara: Belkoain, Buruntza, Adarra, Trentxikiko pasealekua… Bakarra aukeratzekotan, kanaletako buelta esango genuke; jende gutxi ibiltzen da eta, gainera, itzal handia dago.
Xua oraindik sasoiko dago, baina egia da adinean gora doala eta hori nabari da. Hala ere, mendian korrika ibiltzea oso gogoko du eta, ahal den bitartean, berarekin gozatzen jarraituko dugu.
Zer ematen dizue txakurra izateak etxean?
Konpainia eta maitasun handia, etxean bat gehiago da. Nirekin (Alex) lanera joaten da eta, beraz, egunero laguntzaile izaten dut. Hala ere, esan beharra dago txakur bat izateak lan eta denbora asko eskatzen duela.
Bitxikeriarik badu kontatzeko? Pasadizoren bat, mania bereziren bat?
Etxera ekarri genuenean herritik kanpo zegoen. Mendiko baserri batean bizi zen, hortaz, ez zuen zibilizazioarekin harremanik. Hori dela eta, beldur dexente du. Jende asko dagoen lekuetan erraz estutzen da eta sonbrilei beldur handia die, ez dakigu zergatik. Ahal badu sonbrilla inguratu egiten du, azpitik ez pasatzeko.
Honen harira, Xuak eta biok (Alex) Euskanikross Canicross txapelketako hiru lasterketetan parte hartu genuen. Irteerak oso zalapartatsuak izaten dira, zakurrak zaunka, ezinegon handiko momentuak izaten dira eurentzat. Xua lasterketan oso gustora ibili zen, baina irteerako momentu horietan asko sufritzen zuen. Maialenek, ikusleen artean, irteerako momentu horietan asko sufritzen zuen. Xuaren egoera ikusita, beldurrek dagoen bitartean behintzat gehiago ez parte hartzea erabaki genuen.
Denbora tarte honetan haurra jaio da. Asko aldatu da zakurra? Eta zuen bizimodua?
Haurrekin beti oso ongi moldatu izan da, ilobekin asko egon da eta zentzu horretan ez dugu aldaketarik nabari. Haurra jaio arren, berari denbora eta mimoak eskaintzen saiatzen gara albo batera utzi dugula senti ez dezan. Gure bizimodua aldatu egin da, noski, baina pixkanaka martxa hartzen ari gara eta Xua ere gurekin batera bizitzako etapa berri honetara egokitzen ari da. Etxeko txikia lau hanketan berarengana hurbildu eta iletik tiraka hasi da jada, beraz, adi ibili beharra dugu.
Nola konbentzituko zenuke zakurrik etxean ez duenari euren etxean hartzeko?
Ez ginateke konbentzitzen saiatuko. Txakurra etxean izateak denbora eta lan handia eskatzen du eta txakurra eduki nahi izatea ez da nahikoa. Norberak garbi izan behar du horretarako aukera duen edo ez, eta horren arabera erabakiak hartu. Egunerokoan txakurra kontuan izan behar da, asteburuan planak egiterako garaian, oporretara joatean…, ez da beti erraza izaten, baina behar duena emanez gero, txakurrak bueltan ematen dizu.