[DENDARIAK]

“Maskoten osasuna bermatzea premiazkoa da”

Aiurri 2024ko eka. 21a, 08:00

Pablo Troncoso eta Lili Chavez Andoaingo Kukulcan dendaren jabeak dira. Maskoten arloan zerbitzu integrala eskaintzen dute, La Salle hiribidean, duela bi urtetik hona.

 

Ia bi urte dira Kukulcan negozioa zabaldu zenutenetik. Ondo doakizue?
Andoainen txakur ugari dagoela antzeman dugu, eta geroz eta lan gehiago izaten ari gara. Ezagutzera ematen ari gara Andoainen, eta inguruko udalerrietan.

Pozik zaudete?
Bezeroekin harreman ona dugu eta herriak harrera bikaina egin digu. Oro har, Andoainen maskotak asko zaintzen dira familiaren parte sentitzen dituztelako. Ondorioz, janarian eta produktu osagarrien kalitatean inbertsioa egiteko prest daude.

Zein zerbitzu eskaintzen duzue?
Zerbitzu integrala eskaintzen ari gara: Txakurrentzat ile-apaindegia, maskotentzat janaria eta produktu osagarrien salmenta, albaitaritza-aholkularitza zerbitzua. Horiez gain, hezitzaile bat gurekin ari da lanean.

Gertuko harremana dendariek aldeko duten balioa da.
Bai. Bezeroarekin hitz egitea oso gogoko dugu eta jabearen animaliaren xehetasun guztiak hizpide izaten dugu. Aurrez aurreko harremana funtsezkoa da animaliaren ohiturak ezagutzeko. Ile-apaindegi zerbitzuak ez du, bere horretan, zerbitzu estetikoa izan behar. Mendian eta aske ibiltzeko ohitura duten txakurren kasuan orrazkera estetikoa egiteak ez du zentzurik.

Zuen produktuen salmenta zenbateraino dago on-line bidezko ohiturengatik baldintzatuta? 
Eragina badu, lehia gogorra dugu interneti erreparatuz gero. Baina saiakera handia egiten ari gara gure bezeroei ahalik eta baldintza txukunenak eskaintzeko. Promozioak eta bestelako eskaintza bereziak egiten ditugu.

Modak zenbaterainoko eragina du maskoten artean?
Animalia zaindu beharra dago, eta hori geroz eta gehiago barneratzen ari gara. Izan zen “boom” modukoa, baina dagoeneko maskotarekiko kontzientzia hartu duen jendea gehiengoa da. 

“Boom” horrek izango zuen eragina, zuen negozioan.
Bai, bereziki pandemiaz geroztik. Maskoten kopurua biderkatu egin zen, eta dagoeneko apalaldia antzematen ari gara. Legedi berriak ere jaitsiera horretan eragin du.

Zer esango zenieke bezeroei?
Bezeroei eta herritarrei, oro har, gugana hurbiltzeko gonbita luzatu nahi diegu. Familia bat gara negozio hau aurrera atera nahian, eta gertuko harremana izatea funtsezkoa da guretzat. Laguntzeko eta aholkuak emateko prest gaude. Maskoten osasuna bermatzea baita gure lehentasuna.

 

Andoaingo La Salle hiribidean dute negozioa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!