Zerk animatu zaitu Kandido izatera?
Jai Batzordeko Imanol Etxeberriak egin zidan proposamena, eta bi aldiz pentsatu gabe erantzun nion baietz. Egia esan, jendaurreko kontu horrek ez nau batere beldurtzen; izatekotan ere, euskararekin daukat arazoa; ulertu, dena ulertzen diet bezeroei-eta, baina gero mintzatzerako orduan, komeriak! Ea nola moldatzen naizen pregoiarekin…
Kaletxikitarra sentitzen naiz erabat, eta esan beharrik ez dago ohore bat dela niretzat Kandido izatea aurtengo jaietan. Eskertuta nago Jai Batzordearekin, nirekin konfiantza eduki dutelako halako erantzukizun publikoa hartzeko orduan.
Zer erakartzen zaitu Kandidoren figuratik?
Dotorea da bere estiloa, baina aldi berean, badu xarma, eta herrikoia da guztiz. Izan ere, edozein izan liteke Kandido, baldintza bakarra izanik maitatzen Kaletxikiko auzoa, kaletxikitarrak eta bertako jaiak.
Emakume bakarra izan da orain arte Kandido, Ainara Lasa 2017an hain zuzen. Euskal jantziaz azaldu zen orduan. Zuk zer asmo duzu?
Egokia izan zen aukera hura, eta dotore atera zen dena. Aurtengo ekitaldirako, Jai Batzordearekin batera aukerak zeintzuk diren aztertu ostean, azkenean erabaki dugu hasieratik diseinatu zuten Kandidoren errepresentazioa errespetatzea. Hortaz, Kandido gisa, galtza beltzekin, blusa zuriarekin, kaparekin, onddo-kapelarekin eta makilarekin irtengo naiz plazara.
Erabat kaletxikitarra zarela diozu…
Goitik behera, bai! Lau urte nituela, familiarekin batera Hernanitik Andoainera etorri nintzen bizitzera, Kaletxikira hain zuzen. Hiru ahizpak Berrozpeko mojekin ikasitakoak gara, eta iraganean auzoko kale-giro bizi-bizian hezi eta haziak gara.
Kaletxiki giza-komunitate kohesionatua zen hura, eta bertan, herrira aldapan igo gabe igaro zenezake eguna, lasai askoan igaro ere! Denetik geneukan eskura, okindegia, harategia, janari-denda, tabernak, auto-tailerra… Lagun-giroa ere jatorra zen, eta jolasean pasa zenezake goizetik gauera, etxera erretiratu gabe. Hitz batean, Bizimodua bertan egiteko moduko gizarte txiki bat zela Kaletxiki. Bizipen hori jaso duenak, nola ez du eramango bihotzean Kaletxiki?
Azken urteetan, Lasarte-Orian bizi naiz familiarekin, baina hura lotegia besterik ez da guretzat. Andoainera lotuta segitzen dugu.
Zer duzu gogoko Kaletxikiko jaietan?
Ekitaldi ugaritan hartzen dut parte, danborradan batik bat. Izugarri maite dut ekitaldi hori. Oilo-ipurdia jartzen zait Berrozpeko kaperan danborra jotzerakoan! Giro bikaina izaten da danbor-joleon artean; gainera, azken urteetan, ugaritzen joan da emakumeen parte-hartzea, eta, egun, gehiengoa garela esango nuke.
Danborradaz gain, luzea da gogoko ditudan ekitaldien zerrenda: sagardo-lehiaketa, auzotarren bazkaria, bakarrizketak, gaueko dantzaldiak, DJ Nemuxek sortzen duen festa lotsagabea…
Erantzukizun handia da Kandidoren figura ordezkatzea. Serio demonio ibili beharko duzu aurten…
Etzazula pentsa! Egia aitortuko badizut, aurreko urteean baino are sakonago bizituko ditut jaiak aurten. Burua galtzeko edo balantzaka ibiltzeko beldurrik gabe, goiz etxera erretiratzeko estutasunik gabe, ibiliko naiz. Izan ere, ez dut alkoholik edaten, eta beraz, parranda kide perfektua izan ohi naiz edozein kuadrillarentzat.
Alde horretatik, zorte onekoa naiz, auzokoak baititut kuadrillako gehientsuenak, Txikituak izeneko talde osatzen dugu. Esan beharrik ez nola den gure martxa jaietan: normalki lehenbiziko egunetik janzten dugu zapi berdea eta blusa gorri-beltza, eta ez ditugu kentzen igande ilunabarrera arte.
Zer esango zenioke Kaletxikikoa ez den irakurleari, asteburuan festara batu dadin?
Egundoko lana egiten dute Jai Batzordekoek jende ezberdina asebetetzeko, eta badaukate meritua! Kaletxikiko jaiak ezagutzen dituenari ez zaio gauza askorik “saldu” behar, badakielako zein herrikoiak eta alaitsuak diren. Sekula etorri ez denari, berriz, proba dezala. Ziur nago ez dela damutuko.
Andoainen eta bailaran ospatzen diren festarik herrikoienak eta politenak dira niretzat; asko gara horrela pentsatzen dugunok auzoan. Badakit subjektiboa dela sentimendu hori, baina zer pentsatua eman behar lioke edonori horrek bakarrik, auzotarrek horrelako harrotasunez sentitzeagatik festak, alegia.
Badaramazu urte mordoa Donostian, Muchas Telas oihal-dendarekin…
2015ean ireki genuen Hondarribia kalean, eta oso gustura gabiltza. Hainbat arlo jorratzen ditugu oihalgintzan: oihalak saltzeaz gain, blusekin egiten dugu lan izugarri (Santa Krutz jaiekin hasi eta Egiako Porrontxoak bitarte), etxeetako barne-diseinatzaileekin eta dekoratzaileekin elkarlanean aritzen gara… Aparte, zerbitzu gehigarriak antolatzen ditugu urtean barrena, dendari erantsita daukagun tailerrean: besteak beste, helduei zein haurrei joskintza ikastaroak.
Joskintzarako joera gurera etorrita dago berriro ere…
Halaxe da. Iraganean nolabaiteko belaunaldien arteko mozketa gertatu zen. Izan ere, garai bateko jostun gehienek ez zioten transmititu ondorengoei, eta ez arrazoi faltagatik, oso ogibide sakrifikatua baita. Kontua da gizarte joerak joan eta etorri egiten direla maiz, eta horrela, emakume gazte ugarik heldu diote azken boladan. Eboluzio hori bizkortu egin du pandemiak. Ez lehengo mentalitatearekin noski, ogibidearen ikuspegitik alegia, baizik eta denbora-pasa gisa.
Jendea ohartuta dago joskintzak barruan daramagun izpiritu sortzailea pizten duela, eta, gainera, terapeutikoa dela guztiz.