Iñaki Olazabal eskulturgilea omendu dute berriki

Xabier Lasa 2024ko uzt. 6a, 20:09

Musikarekin egin zioten ongietorria Olazabali Etxeberrieta plazan

Iñaki Olazabal Ezeiza (Andoain, 1959) eskulturgileari zenbait adiskide eta ezagunek omenaldi-ekitaldi xumea eskaini zioten Kotoi elkartean joan den larunbatean, bere urtebetetzearen harira. Bere ibilbide pertsonalaren eta artistikoaren aitortza gisa prestatu zuten ekitaldia.

Olazabalen ibilbide artistikoaz gehiago ulertzeko eta interpretatzeko, gomendagarria da arte historian aditua den Itziar Gutierrez andoaindarrak Leyçaur 13 aldizkarian 2014an argitaratu zuen Artea Andoainen: artista garaikideen obra eta bizitza ikerlana. Bertako lau eskulturgileen (Gotzon Etxeberria, Pello Irazu, Joxe Ramon Amondarain eta Iñaki Olazabal) lanen inguruan egin zuen ikerketa.

 

Andoainen, bi eskultura

Egun Zumaian bizi den eta bertan arte-lantegia daukan Olazabalek bi artelan dauzka Andoainen ipinita; Goikoplazan, erretoretxea parean bata, eta Allurralde pasealekuan, izen bereko kiroldegiaren eta Ubitarte futbol zelaiaren artean bestea.

Makina bat urtetan Andoainen bizitokia eduki zuen Manuel Lekuona euskaltzalearen omenezkoa da Goikoplazako eskultura.

Egileak bere garaian adierazi zuenez, elkarrekin erlazionatuta dauden harrizko blokeek Lekuonaren kultur egintza zabalaren aberastasuna irudikatzen dute.

1988ko otsailean egin zuten bistaratze ofiziala, Lekuonari eta bere obrari eskainitako kultur astearen baitan. 1989ko uztailean, berriz, Andoaingo udalak Lekuona “Ohorezko Seme” izendatu zuen; aldi berean, bere irudia udal-batzar aretoko horman zintzilikatu zuten, beste hainbat herriko seme eta alaben aldamenean.

Azken urtetan, Trentxikiaren estazio zaharreko inguruan kokatzen den auzoak bere izena hartu zuen.

 

Oria ibaiertzeko zazpi eskulturak

Allurraldeko pasealekuan kokatzen den eskultura, “Oria ibaia” izeneko proiektuaren parte da. Hain zuzen, Olazabalek, Oria ibaiaren sorlekutik itsasoratzerainoko bidean diren Gipuzkoako zazpi herrietan (Zegama, Ordizia, Ikaztegieta, Tolosa, Andoain, Zubieta eta Orio) eskultura bana jarri zuen 2005-2006ko epealdian. Oria ibaiari omenaldi gisa irudikatutako egitasmoa osatu zuten zazpi artelanek, era horretan.

Eskultura-sortaren gaineko erreportajea luzea, 2020/10/09ko Aiurri hamabostakariaren 568. zenbakian.

 

Batzar Nagusietan, biktimen oroimenez

Olazabalen sormenetik irtendako hainbat artelan Gipuzkoako hainbat herritan ikus litezke. Besteak beste, aipatzekoa da Batzar Nagusien aurrean dauden hiru.

hain zuzen, “Terrorismoaren eta indarkeriaren biktima guztien oroimenez eta omenez” izenburua daraman Olazabalen eskultura-sorta Batzar Nagusietan, 2007an ipini zuten. Egilearen hitzetan, hiru eskulturek espazioaren barrua eta kanpoa komunikatzen dituen toki bat sinbolizatu nahi dute, “erakundearen eta gizartearen analogia egiten duena, aitortza eta elkarrizketa horretatik sortzen joan dadin oroimen publiko anitzagoa, irekiagoa eta elkartasun handiagoa duena”.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!