Miren Lopez de Munain eta Tolo Ollo txalapartariek, Ion Beloki bertsolariak, eta Joxema Setien txistulariak eta Unai Barrutia dantzariak eman diote hasiera ekitaldiari.
Ondoren, Joxe Ramon Berrondo eta Xabier Cabezon Burdinako kideek hitza hartu dute, Adierazi dutenez, Leitzarango bailaran, iraganean, makina bat meategi ustiatu zituzten, eta egundoko garrantzia hartu zuen meagintzaren jarduera ekonomiko horrek. Hain zuzen, Plazaolako trenbidea XX. mendearen hasieran eraiki zuten, Bizkotx burdin-hobitik kiskalitako minerala Norteko trenbidera garraiatzeko asmoz.
Cabezonek eta Berrondok, meategi horietan aritzen ziren langileen lan eta bizi-baldintza gordinak izan dituzte gogoan, besteak beste.
Hiru elementuk osatzen dute batik bat, gaur aurkeztu ostean, aurrerantzean Leitzarango aintzinako meatzariei aitortza egingo dien espazioa: Olaberria baserritik gertu kokatzen zen La Milagrosa meategiko sarrera-galeria, burdin-harriez zamatutako bi bagoi, eta, horiek garraitzeko erabiltzen ziren tren-erreiak.