Gogoangarria izan zen 1813ko gertakarien oroitzapenezko atariko kontzertua, Donostian

Xabier Lasa 2024ko abu. 27a, 12:42

Xarma hari-laukoteak Donostiak 1813ak jasan zuen erreketarekin eta giza sarraskiarekin lotutako maila goreneko kontzertua eman zuen udaletxean igandean, oroitzapenezko ekitaldi-sortari hasiera emanez. Erabat arrakastatsua izan zen, Larraitz Oiartzabal biolin-joleak adierazi zuenez kontzertua amaitu ostean.

Argazkian, ageri dira, ezker-eskuin: Francisco De Paula (Tupperen karga abestiaren egilea), Joxe Mari Oiartzabal kontzertuko obren moldatzailea eta Gogoan zaituztegu abestiaren egilea), Larraitz Oiartzabal (biolina), Laura Balboa (biolina), Delphine Dupuy (biola), Gabriel Mesado (txeloa), eta, Jose Mari Leclerck ikerlaria The Siege of Saint Sebastian abestiaren partiturarekin.

 

Gerren antzuak dituzten sei abestiko kontzertua

Kontzertuaren atarian Aiurrin erreportajean azaldu zen bezala, Joxe Mari Oiartzabal musikariak hari-laukoteak jotzeko moldatutako ekitaldia izan zen igandekoa, eta tartean, berriki topatu duten The Siege of Saint Sebastian abestia estreinatu zuten.

Hona kontzertuko kantutegia osatu zuten sei abestiak:

1.- Donostiako Hiru Damatxo (herrikoia; moldaketa, Joxe Mari Oiartzabal)

2.- Gernika (egilea, Pablo Sorozabal; moldaketa, Joxe Mari Oiartzabal).

3.- Tupperen karga (egilea, Francisco De Paula; moldaketa, Joxe Mari Oiartzabal). 4.- Hari-laukotea 3. zbk. Fa Nagusian (op. 73) (egilea, Dmitri Shostakovich).

5.- The Siege of Saint Sebastian (egilea, Thomas Haigh; moldaketa, Joxe Mari Oiartzabal).

6.- Gogoan zaituztegu (egilea, Joxe Mari Oiartzabal).

Kualifikazio eta eskarmentu handiko musika interpretariak izatea eskatzen zuen kantutegiak, ordu erdi pasatxoko iraupena duen Dmitri Shostakovichen piezak batik bat, eta erronka gustura asko gainditu zuela taldeak aitortu zuen Larraitz Oiartzabal biolin-joleak. “Ez zen ohiko kontzertua, eta primeran atera da dena, pozgarria egin zaigu alde guztietatik begiratuta. Hasteko, erronka galanta zen guretzat emanaldia; oso exijenteak garenez geure buruarekin ekin eta ekin aritu gara prestatzen, eta egia esanda, satisfazio handia sentitu dugu bukatu orduko. Gozamena izan da lauok konplexutasun handiko piezak interpretatu ahal izatea, eta gainera, horren ondo moldatu izana elkarrekin”.

Musika jotzeaz gain, entzuleen jarrera eta erreakzioa behatzeko ere denbora hartu zuen Oiartzabalek: “Entzuleak oso kontzentratu sumatu ditugu kontzertu osoan, eta hori oso motibagarria izaten da zuzenean ari den musikarientzat; zer esanik ez, entzuleen artean familiakoak eta lagunak egonda!”.

Azkenik, Larraitzek Oiartzabalek gogoan hartu nahi izan zuen kontzertuaren zergatia: “Aldi berean, ilusio berezia eragin digu lauoi Donostiako 1813ko gertakariekin lotutako kontzertua eman ahal izatea, eta bertan, berriki aurkitu duten partitura estreinatzeko ohorea edukitzea, kontziente baikara guztiak ere aparteko esanahia daukala hiriaren eta herritarren memoria historikoan”.

 

The Siege of Saint Sebastian abestiaren estreinatzea

Donostia 31 Kultur Elkarteko kide eta 1813ko sarraskiaren ikerlaria den Joxe Mari Leclerckek ikertu du igandean estrainekoz jo zen The Siege of Saint Sebastian partituraren nondik norakoa, eta laster Donostiako setioa: 1813ko uda hartan liburua argitaratuko du, ikerketen emaitza gisa. Aurrez, ikerketa hizpide izango du  San Jeronimo kaleko Kriptan, abuztuaren 30ean, ostiralarekin, 19:00etatik aurrera, 1813ko gertakarien oroitzapenen inguruan antolatu den ekitaldi sortaren baitan.

Lecrerkek hitza hartu zuen udaletxean egindako kontzertuan, eta gogorarazi zuen Thomas Haigh konposatzaile ingelesak sortu zuen The Siege of Saint Sebastian obra Thomas Graham jeneralaren eta bere ofizial eta soldadu ingelesen omenezkoa dela.

Une historiko zehatz batean sortu zuela Haighek, gehitu zuen. “Wellington dukearen agindutara zegoen Thomas Graham jenerala izan zen Donostia sutu eta arpilatu, eta gainerako basakeri guztiak egin izanaren erantzule handienetakoa. Urte bete beranduago, 1814n, Britania Handian jabetzen hasi zirenean Donostian benetan gertatu zenaz, politikako eta prentsako zenbait sektoreek gobernua kritikatzen hasi ziren. Wellingtonek beti ukatu egin zuen ezer txarrik egin zutenik, eta orduan, gertakarienganako negazionistek kontraerasoari ekin zioten, Donostian ibili ziren militarrak babestuz eta musika pieza hauxe bultzatuz. Gainera, frantsesengan jarri zuten kalteen ardura guztia, eta baita ere donostiarrengan, haiekin “kolaborazionistak” izan omen zirelako”.

 

Ekitaldi-sortarekin oroitzapenaren jarraipena, hurrengo egunetan

Igandeko kontzertuak hasiera eman zion oroitzapenezko ekitaldi sortari. Hona zeintzuk izango diren ekitaldiak:

* Abuztuaren 27an (asteartea). Aranzadi Zientzia Elkarteari aitorpen ekitaldia. Iñigo Aristegiren 31813 eskultura emango zaie elkarteko ordezkariei. San Jeronimo kaleko Kriptan, 19:00etan.

* Abuztuaren 28an (asteazkena). Donostia Konbentzioaren Gerran (1794-1795). Gillotinaren inkognita izenburuko hitzaldia, Jose Javier Pi Chevrot arkitekto doktorearen eskutik. Kriptan, 19:00etan.

* Abuztuaren 29an (osteguna): Goikoa espioi donostiarra gerra napoleonikoetan izenburuko hitzaldia, Carlos Rilova historialaren eskutik. Kriptan, 19:00etan.

* Abuztuaren 30ean (ostirala): Jose Maria Leclercq ikerlariak laster argitaratzekoa duen Donostiako setioa: 1813ko uda hartan liburua izango du hizpide. Kriptan, 19:00etan.

* Abuztuaren 31an (larunbata). Ohiko ekitaldiak antolatu dituzte. Hona zeintzuk:

- 11:30. Santa Maria Basilikan meza, Donostiako setioko sutearen eta giza sarraskiaren biktima izan ziren herritarren alde

- 12:45. Udal agintarien lore eskaintza, Portaletaseko Itsas Atean.

- 16:00-17:00. Setioaren kale antzezpena, Donostia 31 Kultur Taldeko kideen eskutik: Tropa ingelesak Zurriolatik abiatuta hiria hartzen saiatuko dira, eta horretarako kanoiekin tiro egingo die Urgullen dauden tropa napoleondarrei. Hamabost minuturo antzeztuko dute sekuentzia.

- 17:00. Tropen hurbiltzea, eta kanoi hotsak Kursaalaren eta Begiratokiko Bateriaren artean.

- 18:00. Donostia 31 Kultur Elkarteak Gipuzkoako Elikagaien Bankuari omena. Ondoren, oroitzapen desfilea abiatuko da Zuloaga plazatiik.

- 19:00. Bulebarreko kioskoan, hildakoen omenezko minutu bateko isilunea. Hiriko ereserki zaharra interpretatu ostean, kale antzezpeneko zenbait pasarte egingo dituzte Bulebarrean, Parte Zaharrean, Bretxan, Plaza Berrian, Santa Maria elizan, San Bizenten eta Zuloagan.

- 21:30. Kaleko argien itzaltzea eta kandelen piztea Abuztuaren 31 kalean. Ondoren, prozesio zibikoa, San Bizente elizatik Santa Mariara. Zenbait geldialdi egingo ditu prozesioak, eta horietan, honako kultur eragileen emanaldia izango da: Santa Zezilia, Easo Gazte eta Gaztelupe Abesbatzek, Udal Txistulari Bandak, Aiert Beobide dantzariak eta Imanol Artola errezitatzaileak. Xabier Otaegi izango da aurkezlea.

Bestalde, abuztuaren 24tik abuztuaren 30a bitarte, 1813 aurreko Donostiaren gainean azalpenak ematen dituzten panelak eta gari historiko hartako gutunak, agiriak eta zenbait objektu ikusgai egongo dira San Jeronimoko Udal liburutegiko egoitzan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!