Haizea Barandiaran Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun sailetako zinegotzi ahaldunak eta Sandra Barrenetxea berdintasun teknikariak aurkeztu zituzten ikastaroak.
Aldi berean, agerraldian izan ziren Marta Lasa kultura eta hezkuntza lansaileko zinegotzi ahalduna, Aritz Alkain eta Belen Moreno PSE-EEko zinegotziak, Txitxu Ruiz EAJko zinegotzia, eta, Pepe Iparragirre Ahal Dugu-Podemoseko zinegotzia.
Zehazki, honako ikastaroak: ongizate emozional eta autozainketa lantegiak; eskalada hastapena; gorputza suspertu eta sasoitu, sortuz eta jolastuz; Batukada feminista; arte garaikidea eta feminismoa; korrikaren munduan murgilduz; sendabelarrak ezagutzen; ginekologia naturala eta maitasunezkoa; brikolaje lantegia; autodefentsa; eta jatorri anitzetako emakumeen elkargune multikulturala
Haizea Barandiaranek adierazi zuenez, “bertan antolatzen diren egitasmo eta ikastaroen bitartez, besteak beste, emakumeen ahalduntzea, emakumeen izaera autokontzientea, autoestimuen lanketa, gaitasun propioak ezagutzea eta espazioen berreskuratzea lortzen dira”.
Gogoratu zutenez, doakoak dira ikastaro guztiak, mugatuak dira plazak (beharrezkoa izango da aurrez izena ematea, beraz), eta, lehentasuna izango dute Andoainen erroldatutako emakumeek edo ikastaroa eginda ez dutenek. Zaintza zerbitzua jarriko dela ere gogorarazi zuten.
Informazioa eskatu edo izena emateko, 94300830 telefonora hots egin behar da, edota, berdintasuna@andoain.eus helbidera idatzi.
Aurkezpen ekitaldia, Plaza Morean
Jabekuntza Eskolako ikastaroak ekitaldi baten eskutik aurkeztuko dituzte Plaza Morean, datorren ostiralean, 18:00etatik aurrera.
Ekitaldian, besteak beste, Batukada Feminista Sareak eta Beatriz Egizabal bakarrizketalariak “Magma mia” bakarrizketarekin hartuko dute parte.
Argazkian Beatriz Egizabal ageri da, iazko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Andoainen e// marka duten denda eta tabernetan euskara erabiltzearen aldeko kanpainaren baitan Basteron egin zen ekitaldiko une batean.