“Mugitu Andoain” ekimena ospatuko dute larunbatean

Aiurri 2024ko ira. 17a, 17:18

Larunbatean ospatuko da jarduera fisiko eta kirolaren onurak azpimarratu eta praktika horien sustatzea helburu duen “Mugitu Andoain” ekimena. Zehazki, 09:00etan hasita eta 13:00ak arte, kirol arloko diziplina eta ekimen desberdinek osatuko dute ospakizuna. Udal ordezkariek eta teknikariek zein kiroletako elkarteen ordezkariek aurkeztu dute larunbateko egitaraua, udaletxean egin duten agerraldian (bideoa, behean):

13:00ak aldera amaitzea espero dute, esan bezala. Horretarako, Zumea plazan, opariak banatuko dira parte-hartzen duten guztien artean eta pintxoak ere banatuko dira.

Egitaraua ekimenez ekimen zehazten duen orria herriko buzoi guztietan banatzen ari dira egunotan.

 

Kirol egokituekin, arreta berezia

Andoni Alvarez alkateak agerraldian azaldu duenez, kirol egokituari tarte berezia emango zaio aurtengo edizioan, “futbol, eskubaloi eta saskibaloi ikuskizunez disfrutatzeko aukera izango dugu 10:30etatik aurrera Allurralde kiroldegian; Pala egokituak, berriz, bere tartea izango du 11:00etan Goikoplazan”.

Bestalde, egitarauan hiru berrikuntza nabarmendu nahi izan dituzte: “arrantza tailerra eramango da aurrera Ontza elkartearen eskutik, Zumeatarra kirol taldekoek Atletismora gerturatuko gaituzte, eta, txikienen gozagarrirako, Real Sociedad Fundazioaren eskutik, puzgarriak ere egongo dira”.

Azkenik, Alvarezek aurtengo edizioan izango den beste aldaketa gogorarazi du. Hain zuzen, aurreko urtetan jardunaldiari amaiera emateko egin izan den denboraldiko kirol lorpenen aitortza-ekitaldia atzeratzea erabaki dute. Udalak eta kirol elkarteek hala erabakita, ekitaldia aurrerago egingo dutela iragarri du Alvarezek.

 

Udala eta 15 kirol elkarte, elkarlanean

Edizio berri honen antolakuntzan Udala eta 15 elkarte edo talde aritu dira elkarlanean. Hona zeintzuk diren horiek:

- Ibili Andoain.

- Euskalduna Mendigoizale Taldea.

- Euskalduna Andoaindarra Futbol Elkartea.

- Leizaran Eskubaloia.

- Ganbara Saskibaloi taldea.

- Txirrindandoain.

- Soinketa +65 urteko taldea.

- Andoaingo Txirrindulari Eskola.

- Oskarbi taldea.

- Gazteleku Pelota Elkartea.

- Ontza Elkartea.

- Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa.

- Zumeatarra Kirol Taldea.

- Kabutoken Kenpo-Kai kluba.

- Real Sociedad Fundazioa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!