Urteak aurrera joan ahala, hildakoen egunaren bezpera festa handia bilakatzen ari da Euskal Herriko hainbat txokotan. Amasa-Villabonan, Adunan, Andoainen... indarra hartzen ari da Gau Beltza. Bereziki, ikastetxeetan eta euskalgintzako hainbat eragilek egindako lanari esker. Izan ere, gutxira arte, arrotza zen jaia inguruotan eta, hara non, ohitura zaharra zela urriaren 31n festatxoa egitea. Transmisioan etenaldia izan da, hainbat belaunaldiren artean. Zorionez, euskal kutsuko ospakizuna hedatuz doa Euskal Herrian. Aurten ere Beterri-Aiztondoko gaztetxoek Gau Beltzan murgiltzeko aukera izango dute.
Josu Ozaita antropologoak garapen hori azalduko du Andoainen, datorren urriaren 17an eskainiko duen hitzaldian. Urkik antolatutako ekitaldia da.
Ahanzturatik berreskuratu den ospakizuna
Gau Beltzari eskainitako liburua idatzi zuen Ozaitak 2020an. Sinopsiak azken urteotan etxe askotan errepikatu den joera jasotzen du: "Anari amorratua dago, etxean ez baita giro: Halloween ospatu nahiko luke, baina amak ezetz dio, jai arrotza dela eta ez duela balio onik sustatzen. Bere inguruan giroa txartzen denean, Anarik itsasoa du ihesbide; bertan lortzen du bakea, surfa lagun. Azkenaldian maiz itsasoratzen da. Ez du etsiko, ordea, eta eskolako lan baten ondorioz, aitonak kontatuko dio umetan haiek ere ospatzen zutela antzeko egun bat, eta kalabazak lapurtzen, apaintzen eta herriko hainbat txokotan uzten zituztela. Auzoak beldurtzeko bihurrikeria bat zen. Anarik irrikaz lotuko ditu hariak, eta lagunekin batera gaurkotuko dute arbasoen ohitura bat: Gau beltza".