Arimen Gaua, azaroaren lehenaren bezperakoa, iristear da Andoainera. Euskaltzaleen komunitateak hirugarrenez antolatuko du Gau Beltza, eta aurreko bi edizioen ildotik jarraituz gero, jendetza erakarriko duen ospakizuna izango da. Manuel Larramendi Kultur Bazkunetik eta Aiurritik abiatu zen ekimena, baina lankidetzarik gabe ezinezkoa litzateke aurrera egitea. Auzolanean egiten da Andoainen Gau Beltza, laguntza eskatu orduko laguntza bikaina ematen duten herri eragileei esker. Astearte arratsaldean eragile gehienak elkartu ziren Goikoplazan, taldeko argazkia ateratzeko. Bertan ziren "Lebi" Etxeberrieta plazan aterako duten Lebiton konpartsako kideak, txokolatea egin eta banatuko duten Batzokiko kideak, Beldurraren pasabidea antolatzen ari diren Irunberriko ordezkariak, taloak egiteko elkartea uztearekin batera taberna zerbitzua eskainiko duen Kotoi elkarteko zuzendaritzako kideak, kapelak eta txartelak salduko dituzten Keinuko lagunak, Andoaingo Udaleko ordezkariak eta, nola ez, Aiurriko eta Larramendi Bazkuneko kideak. Agenda arazoak tarteko argazkira ez ziren iritsi Salkineko, Urkiko eta Maizorriko ordezkariak. Baina haiek ere Gau Beltzaren parte izango dira.
Hirugarren edizioa
Gau Beltza lehen urratsak ematen ari da Andoainen eta dagoeneko haur eta gaztetxo askoren buruan dagoen ospakizuna da. Ezin bestela izan, zirraragarria izateko osagai ugari dituelako urriaren hogeita hamaikak: txokolatea, antzezpen misteriotsua, dantza emanaldia, kalejira beldurgarria, beldurraren pasabidea, zezen-suzkoa... Ekitaldiz beteriko da, emozioz emozio bizitzeko modukoa. Ospakizunak kalean egingo dira, udalerri osora zabalduko direnak. Goikoplazan abiatuko da jaia, Kale Nagusiko Irunberrin ipiniko da Beldurraren pasabidea eta Etxeberrieta plazan amaituko da ospakizuna.
Jatekoa eta edatekoa
Txokolate-beroa dohainik emango da Goikoplazan, arratsaldeko 18:00tan hasita. Glutenik gabekoa da txokolatea eta hala eskatzen duenak ere glutenik gabeko bizkotxoa jan ahal izango du. Etxeberrietan banatuko diren taloak, berriz, urriaren 21etik aurrera 5 euroko prezioan salgai izango dira Urratsen eta Keinun.
Boluntario askoren lanari esker
Kultur eta gizarte mailako elkarteen laguntzaren parekoa da herriko euskaltzaleek ematen dutena. Jaiak tamaina handia hartu du eta behar bezala erantzuteko boluntarioen laguntza garrantzi handikoa da. Txokolatea banatzen, taloak egiten, bide-segurtasuna zaintzen... Herrikide askoren laguntza behar da. Antolatzaileek deialdi berezia luzatu dute arratsaldeko tarte batean laguntza puntuala eman dezakeenak izena eman dezan. Beldurraren pasabidearen sartu-irteeren zaintza, Goikoplazako eta Etxeberrietako ekitaldien zaintza-lana... Laguntzeko prest dagoenak izena eman dezake datozen egunetan, e-posta idatziz (andoain@aiurri.eus) edo whatsappa bidaliz (619 16 35 37). Behin hori eginda antolatzaileak jarriko dira laguntzaileekin harremanetan.
Gauzak ondo, hirugarren Gau Beltza ere sekulakoa izango da.