Goikoplazan harrizko iturria jarri dute, eta Nazario Maiz bere egilea omendu dute

Xabier Lasa 2024ko urr. 25a, 17:34

Edateko ura isurtzen duen harrizko iturria jarri dute Goikoplazan, eguardian. Makina bat urtetan La Salle Berrozpeko irakasle izan den Nazario Maiz salletarra da bere egilea, eta omenaldia eskaini diote ekitaldi berean. Ekitaldia, bideoz, ikusgai:

Bi osagai ditu eskulturak: Euskal Herriko baserri eta bordetan ohikoak ziren hiru hankeko egurrezko aulkia, eta, kaikua bere gainean.

Nazario Maizek eskulturaren gaineko azalpenak eman ditu, bideoan ikusi daitekeen moduan, eta besteak beste, ohartarazi du berak egindako antzeko bigarren iturria Beizama herrian topa daitekeela.

Maiz salletarra Salle-Berrozpeko irakaslea izan da urtetan, eta Andoaingo La Salle-Berrozpe berriki utzi dutenetako bat da. Uztailaren Agurreko ekitaldi beroa prestatu zieten La Salle Berrozpe ikastetxeko komunitateak Maizi eta beste hainbat salletarri.

Eskulangintzan betidanik murgilduta ibili izan den artisaua da; gogoratu besterik ez dago Andoainen azken urtetan jarri izan dituen zazpi maskor, Santiagoko Bidearen adierazgarri direnak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!