Andoaingo euskera, bihotzetik kalera

Gastronomia eta artisautza azoka Andoainen

Azaroaren 9an, larunbatarekin, GASTRONOMIA ETA ARTISAUTZA AZOKA izango da Andoaingo Goikoplazan, goizeko 11:00etan hasita. Bertan, Euskal Herriko hainbat ekoizle elkartuko da bere ekoizkinak saltzeko, dela gastronomiaren alorrekoak, dela artisautza langintza ezberdinetakoak. Denetara, 29 saltegi izango dira Andoaingo lehenengo azoka honetan, Goikoplazan, goizeko hamaiketatik aurrera.

Azokaren baitan TONBOLA ere antolatuko da, milaka opari banatuko dituena egun osoan zehar laguntza eman nahi dutenen artean. Izan ere, azoka antolatu izanaren helburua Andoaingo erdigunean, bihotzean, EUSKARARENTZAT EGOITZA BERRIA zabaltzeko DIRU- BILKETA egitea da; horra tonbola ipintzearen arrazoia. Tonbolako sariak Andoaingo dendari eta merkatariek emanak dira, baita azokara bertaratuko diren ekoizleek eta, herritik kanpo, Gipuzkoako beste denda, enpresa eta erakunde batzuek ere.

Egitarau alaia egongo da egun osoan zehar: Aire Eire taldearen musikak eguerdi aldera alaituko du plaza, antolatzaileak Txomin Parrilak erretako zizka-mizkak eta pintxoak, Gaztañaga sagardotegiko sagardoa eta Brewand Roll garagardoa banatzen dituzten bitartean laguntza ematen dutenen artean.

Arratsaldeko lauetan (16:00) Zillarriturri Toka txapelketa izango da plazan bertan, eta, seietan, Andreurdiñarena Irrintzi txapelketa (18:00). Zazpietan, berriz, GAUR8 taldearen erromeria soinuek alaituko dute plaza eta, ordurako, Txomin Parrilaren arkumeak erreta izango dira nahi dutenen artean dastatzeko.

TONBOLAN BILDUTAKO LAGUNTZA EGOITZA BERRIA EROSTEKO

Goikoplazan antolatzaileek ipiniko duten tonbolan herritarrek ematen duten laguntzaren helburua Andoaingo kalean egoitza berria erostea da, herriko euskaltzaleen ekimenez antolaturiko ekintza eta ekitaldiek herritarren hurbiltasuna izan dezaten. Xede horrekin eman zion Manuel Larramendi Kultur Bazkunak hasiera ekinaldiari eta xede horrekin ari da ipintzen bere itsulapikoa diruz betetzeko ekitaldi guztietan. Rural Kutxan ere kontu korrontea zabaldurik du dirulaguntzak eman ahal izateko.

Hurrengo hitzordua abenduaren 5ean izango da, Bastero Kulturgunean antolatu den jaialdian.

Egiogun egoitza berria euskarari Andoainen!! EGIGUN, bai, DENON ARTEAN!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!