Esperientzia handia duzu alorreko hainbat batzorde eta forotan parte hartzen ari zarelako? Andoaingo Etxebizitza Mahaiaz zein ikuspegi duzu?
Lehen, Etxebizitza Mahaian, banakako kasuak aztertzen ziren eta ez hainbeste ikuspegi kolektibo batetik. Foro horretan Etxebizitza Plana egitera bideratu behar ditugu indarrak, argi daukat hori. Baldintza hori jarrita, parte hartu eta nire ekarpena egin dezaket. Asmoa badago eta horretarako borondatea badagoela antzematen dut. Mahai horretan elkartzen ari garen guztiok ezagutzen dugu Hirigintza Sailan egitasmoak aurrera ateratzeko dauden arazoak. Etxebizitza Planari ekin aurretik diagnostikoa egingo da, eta hori laster bideratuko dela espero dugu. Beraz, borondatea badago eta nik horri garrantzi handia ematen diot.
Diagnostikoa, ondorioak eta proposamenak; hurrenkera horretan egingo da Etxebizitza Plana. Andoain tentsionatutako gune izendatu aurretik, beraz, lan hori egin behar da. Eta hori guztia Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. Agintaldi honetan, beraz, Etxebizitza Mahaia adierazitakoaren bidetik doa. Eta horretan akordioa erabatekoa da.
Izan ere, aurreko agintaldian kasu bakanak aztertzen ziren, esan bezala, eta ekarpenak egiteko aukera eskasa zegoen. Norabidea ezarrita zegoen bileran hasi orduko, kontsulta handirik egin gabe. Eztabaida sustatzeko aukerarik ez zen ia. Hori, orain, erabat aldatu da. Helburu argia dago: Etxebizitza Plana egitea. Udalerriko arazoak antzeman eta beharrezkotzat hartzen diren neurriak hartzeko ikuspegia badago. Are gehiago, Andoain Kanona ezartzen lehen udalerrietakoa izan daiteke. Beraz, alor horretan, lan egitea eta ekarpenak bideratzea guztiz interesgarria da. Bide onean goazela esango nuke. Akaso, denbora gehiago beharko dugu. Baina borondatea erabatekoa dela antzematen dut.