“Ekintzen aroan gaude, promesena igaro zen”

Jon Ander Ubeda 2024ko aza. 9a, 07:00

Euskal Autonomia Erkidegoan eta Espainiako Estatuan, etxegabetzeen auzian Stop Desahucios erakundeak duen partaide esanguratsua da Marce Garcia Stop Desahuios Gipuzkoa erakundeko andoaindarra.

Saretzen egitasmoaren bidez jasotako datuei eta grafikoei erreparatuta, gure udalerrietan, etxebizitzaren erosketa da historikoki nabarmen gailentzen den joera.

Jabegoaren eremua da gure erkidegoa. Espainian ere hori bera gertatzen da. Baina, bestalde, duela hamasei-hamazazpi urte atzera eginez sorturiko krisiaren ostean, milioika pertsonentzat zaildu egin da mailegu bat eskatzeko sarbidea. Baldintzak orain oso gogorrak dira, eskatu behar duzun mailegu osoaren % 20 aurreztuta izan behar duzulako. Horrek, ondorioz, asko zailtzen du mailegua eskatzeko aukera.

Ezintasun horri aurre egiteko alternatiba izan daiteke alokairua. Eta, diru-sarreren arabera, alokairu soziala. Baina zer ari da gertatzen? Alokairuen prezioa nabarmen garestitzen ari dela. Merkatu librean, mailegu bat ordaintzea baino garestiagoa da alokairuari dagokion errenta ordaintzea.

Alokairuari dagokionez, erreferentziazko lurraldeetatik urrun gaude. Viena hiria dute denek eredu, baina horra iristeko beste mentalitate bat behar dugu. Han, etxebizitza alokairuan eskuratzeko aukera zabala dago, salneurri egokian. Europa osoa hara begira dago, baina jabetzaren kultura hain dugu barneratuta, mentalitate aldaketa bat behar baitugu. Denbora beharko da horretarako. Beraz, honaino iritsita, bistakoa da etxebizitza erosteko arazoak daudela, eta erosketaren alternatiba izan daitekeen alokairua are garestiagoa dagoela. Horregatik, Stop Desahucios erakundean, alokairu sozialaren aldeko defentsa egiten ari gara. Izan ere, Etxebizitza Legean jasota dagoen bezala, diru publikoa alokairu sozialera bideratu behar da.

Alokairuei dagokionez, aldi baterako alokairuen hazkundea sasoi honetako auzia da. Gida bat aurkeztu duzue, zuen hitzak hona ekarrita, “iruzurrezko aldi baterako kontratuen eraginpean dauden maizterrei zuzenduta”.

Etxebizitza Legea onartu zenetik, eta, hainbat udalerritan, tenkatutako eremu gisa izendatzeko prozedura abiatu denetik, etxebizitzarekin negozioa egin nahi duen hainbatek aldi baterako eskaintzaren alde egin du. Horrekin iskin egin diezaiekete, bereziki, alokairuagatik gehienezko prezioa ezartzeari. Aldi baterako kontratuen alde egiten ari dira, legeak duen hutsunea baliatuz. Gogoan hartu behar dugu Hiri-errentamenduei buruzko Legeak jasotzen duena, hots, jabea 5-7 urte arteko alokairu-hitzarmena sinatzera behartuta dagoela maizterraren bizitokia etxebizitza hori bada.

Hainbat familia aldi baterako hitzarmenak ari dira sinatzen, alokairu egonkorraren ordez. Gerta liteke maizter dagoen familiaren bizkar egitea hori. Horrela, eta hilabete batzuen bueltan, etxetik kanpo utz ditzakete, esaterako, aldi baterako hitzarmena baliatuz eta jabeari alokairuaren prezioa nabarmen igoz. Tranpatia da egoera, aldi baterako hitzarmenak sinatzeko argudio indartsua behar baita. Ikasleen, hiri batetik bestera lanera joandakoen edo beren etxean eraberritze-lanak egin behar dituztenen kasuetarako erabili ahal da aldi baterako hitzarmena. Beste kasuetan, ez.

Ba al du turistifikazioak zerikusirik horretan?

Izan daiteke. “Idealista” atarian sartu zaitezke eta bertan aldi baterako hitzarmenak estekan klik egin. Horko eskaintzan ageri da ekainera bitarteko –ikasleei begirakoa–, eta udarako alokairua. Baina hori legez kanpokoa da. Turistikoa izateko, aurretik, Eusko Jaurlaritzan izena emanda egon behar da eta iragarkietan erregistro-zenbakia azaldu behar da, derrigorrez. Hedabideetan egindako elkarrizketetan irakurri diogulako, Gipuzkoako Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargo Ofizialako lehendakariak berak aitortzen du aldi baterako alokairuen artean ezkutatzen direla turismora bideratutako hainbat. Bada, hori iruzur egitea da.

Horri aurre egiteko gida bat aurkeztu duzue.

Bai. Jurisprudentzia dagoelako. Alokairuan bizi den familia bat har dezagun adibidetzat. Etxebizitza hori du bizitoki, bertan erroldatuta dagoelako. Legearen arabera, 5 edo 7 urteko hitzarmena sinatzea dagokie. Herrialde Katalanetan gehiago, baina toki guztietan nabarmen igo dira hamaika hilabetero berritzen diren alokairuen kasua. Jabeak maizter horiei ezin die aldi baterako hitzarmena ezarri. Hitzarmen egonkor bat behar dute eta hori justizia-epaietan onartuta dago. Beraz, maizter horien kasuan, aldi baterako alokairu egoeran badago, zer egin dezake? Oso erraza da, maizterrak jabeari burofaxa bidali behar dio, informazioa jaso duela esanez eta hitzarmena legearen arabera arautu behar dela adieraziz. Hori da guk eskaintzen dugun erreminta. Modu horretan, aldi baterako milaka hitzarmen egonkor bilakatu daitezke.

Etxebizitzen parkeari erreparatuta, kasuan kasu, egoera aldatuz doa. Baina bada sentsazioa, oro har, babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntza ez dela behar bestekoa.

Etxebizitzaren Gida Plana Euskadiko etxebizitza-politikak bideratzeko dokumentu estrategikoa da, hiru urteko epealdia duena. Bertan, besteak beste, eraikuntzaren planifikazioa aurreikusten da eta horretarako zein baliabide jarri behar dituzten zehazten dute. Hori kontuan hartzen da, datozen urteetako aurrekontuetan txertatzeko. Sailburuen ahotan, lerroburua oso polita da: “Alokairu sozialaren aldeko apustua egingo dugu”. Eta plana jaso duenari erreparatzen hasi eta oso nabarmena da agindutakoaren eta betetakoaren artean dagoen aldea. Babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, salmentara bideratutako helburuak betetzen dira. Eta, kasu batzuetan, gainditu ere bai. Orain, alokairu sozialari erreparatuta, eta nahiz eta hori bideratzeko aurrekontu zehatza izan, ez da helburu gisa jarritako % 30era iristen.

Etxebiden eskaera gehienak alokairu sozialekoak dira, zuek maiz aldarrikatu duzuenez.

Etxebiden, eskatzaileen 10etik 8k alokairu sozialaren aldeko eskaera egin dute. Zergatik? Ez dutelako beste aukerarik. Merkatu librean dagoen alokairua ordaintzea ezinezko zaie; mailegurik ere ezin dute eskatu. Gehiengoa dira, esan bezala: eskatzaileen 10etik 8. Eta hala ere, egun, salmentarako etxebizitzak ari dira eraikitzen. Orduan, zertan ari dira? Etxebizitzak erosteko eta ordaintzeko aukera dutenentzat ari dira eraikitzen. Nork du mailegua eskuratzeko aukera? Denek ez.

Eztabaida sustatu behar da, zeren eta zein helburu sozial du babes ofizialeko etxebizitza tasatu batek? Donostian, azken promoziokoak, 270.000 inguru balio dezake. Zer babes ofizialeko etxebizitza klase da hori? Luxuzkoa da, hori lor dezakeenarentzat. Urtean 50.000 euroko diru sarreratik gertu dagoena izango da eroslea, baina gainerakoentzat ezinezkoa da prezio hori ordaintzea.

Premia bizia dutenen kasuan, alokairu sozialerako ezarritako helburuak ez dira betetzen ari, inondik inora. Lehenik eta behin, alokairu sozialera gordetako aurrekontu-partida hori nora doa? Ez dugu ikusten. Metatuz doa partida hori, urtetik urtera? Ez dakigu. Eta esango nuke Eusko Legebiltzarrean oposizioan dauden alderdiek ere ez dutela galdera hori egiten. Gure erakundeko kideak boluntarioak gara eta hori ikusteko gai bagara, non arraio dago oposizioa?

Bada, alokairu sozialaren aldeko apustua bada mantra modukoa, ordezkari politikoen ahotan.

Konbentzituta nago, gaia gertutik jarraitu dudalako, ez dagoela horretarako borondaterik. Alderdi nagusiak, EAJ-PNVk, sekula ez du izango horretarako borondaterik. Beren politika bakarra ordaindu dezakeenarentzat eraikitzea da. Ez dago gehiago. Hori da laburpena.

Hitz egin dezagun etxebizitzen legezko erreserbaz. Edozein promozio gauzatzeko, legez erreserbatu behar dira kopuru batzuk salmenta librerako eta babes ofizialerako. Gutxieneko erreserba honako hau da: % 20 etxebizitza tasatura bideratu behar da, eta beste %20 babes ofizialekoetarako. Azken horretan erdia izan daiteke salmentarako eta beste erdia alokairurako. Joera, oro har, babes ofizialeko guztia salerosketara bideratzea da. Non geratzen ari da alokairurako aukera? Eusko Jaurlaritzak, berriki, alokairu sozialerako 7.000 etxebizitza bideratuko dituela iragarri du. Ez da beteko, neronek esan diezazuket ez dutela agindutakoa beteko. Azken urteotako aurrekontuarekin 500 bideratzera ere ez baitira iritsi. Aurtengo aurrekontua hirukoiztuta bakarrik iritsi daitezke 7.000ko helburu horretara. Eta hori ez da gertatuko.

Eusko Jaurlaritzak promesa egin bai, baina ez du bete. Eta gu gainean gaude.

Hutsik dauden etxebizitzen afera ez da berria, eta horiek ez merkaturatzea arazo bat da dagoen eskaintza apur hori garestitu egiten delako.

Zorionez, Euskadin badugu baliabide bat beste erkidego gehienetan ez dagoena: Bizigune. Programa bat da, eta etxebizitzaren jabeari berme batzuk eskaintzen dizkio. Garrantzitsuenak honako bi hauek dira: jabeak errenta bat kobratuko du, hilean behin, kontratuak irauten duen bitartean; eta, bigarrenik, Bizigunek konpromisoa hartzen du etxebizitza hori egoera onean itzultzeko. Beraz, jaberen batek segurtasun faltaren ideia hori badu buruan, mamu hori gainditu egiten da Eusko Jaurlaritzaren programaren eskutik.

Gerta daiteke, etxebizitza huts baten jabe izatea eta aparteko informaziorik jaso ez izana. Horiek, hainbat udalerritan, Ondasunen Higiezinen Zergaren bitartez, errekargua jasotzen dute. Ni neu errekargua bideratzeko moduarekin oso kritiko naiz. Funtzioa hutsik dauden etxebizitza horiek merkaturatzea zelako. Eta hori ez da inondik inora bete. Dirua biltzeko ekimen hutsean geratu da, eta kritikagarria da. Etxebizitza huts hori alokairuan jartzeko edo saltzeko badugu beste alternatiba bat: Kanona. Errekargu bat da, handiagoa. Kanona aplikatzeko, azken bi urteetan etxebizitza huts horri erabilpenik ez zaiola ematen frogatu behar da. Kasua hori bada, lehen urtean, etxebizitzaren metro karratuko 10 euroko errekargua aplikatzen da. Kanona ezartzen hasita, beraz, hutsik dagoen etxebizitzagatik 800 euro ordaindu beharko lituzke jabeak. Eta kopuru hori, urtez urte handituz joango litzateke. Epe luzera nahitaezko alokairua edo desjabetzea abiarazi liteke. Hori guztia araudi batean jasota dago, Eusko Jaurlaritzan.

Araudi batean jasota dago, baina ez da betetzen ari. Eta zu zeu kritiko agertu zara EH Bildurekin.

Sei urtez, gurekin batera, presioa egiten jardun du Eusko Jaurlaritzan. Kanonaren araudia ateratzea aldarrikatzen ari ginen. Eta, orain, udal mailan EH Bilduk duen boterea ikusita, ez dira Kanona aplikatzen ari. Kanona ezartzeko araudia duela bi urte jarri zen martxan, eta ez da inon aplikatzen. Inon ez.

Kanonak badu aipatu beharreko ertz garrantzitsua: ezer baino lehen, jabeari aukera bat eskaintzen zaio. Bilera batera deitzen zaio etxebizitza huts horren jabeari, eta bilera hori egitea oso garrantzitsua dela deritzogu. Bilera horretan, egoeraren berri ematen zaio. Alegia, etxebizitza horrek ez du erabilerarik eta, teorian, Kanona aplikatu behar zaio. Baina hori egin aurretik, erabaki hori justifika dezakeen arrazoiren bat ba ote duen galdetzen zaio. Justifikatuta badago, ez diogu Kanona aplikatuko. Baina justifikaziorik ezean, Bizigunera gerturatzeko gonbita luzatuko zaio edo etxebizitza salmentan jartzea eskatuko zaio. Eta bere horretan jarraituz gero, Kanona ezarri beharko zaio. Aukeren berri ematen zaio jabeari; informatu egiten zaio.

Kanona aplikatzea ezinbestekotzat hartzen duzue, beraz.

Etxebizitza hutsa duen jabegoa eroso dago, oro har. Eta, merkatuaren gorabeheren arabera, etxebizitza garestitzen den aroa iristean, etxebizitza saldu dezake. Bitartean, nahita eragindako eskaintza eza eragiten ari dira merkatuan. Eta muinean, merkatuan, eskari bat dago eta alokairu-eskaintzarekin arazo bat dugu. Eskaintza, ondorioz, garestituz doa aukera txikia dagoelako. Ezin dugu onartu jendeak etxebizitzak hutsik uztea, justifikaziorik gabe. Beharrezkoa da, orduan, etxebizitza hutsak merkaturatzea. Jabegoa presionatu behar da. Azal dezatela zergatik duen hutsik. Justifikaziorik gabe, Kanona aplikatu beharko litzaioke.  Guk zera defendatzen dugu: Kanona aplikatzearen ordez, onurak eskaini diezaizkiogun jabe horri etxe huts hori alokairura edo alokairu sozialera bideratzeko.

Eta onura horiek zeintzuk liratekeen zehazterik bai?

Udal mailan, hobariak IBIan. Demagun, % 90ekoa alokairu sozialera bideratu denean, eta %50 ohiko alokairura. Posible da eta egin daiteke. Izan ere, EAEn, urtero, etxebizitzaren erosketa ahalbidetzeko onura fiskalak 300 milioi eurora iristen dira urtean urtero. Mailegu bat eskatzeagatik erosleak jasotzen duen dedukzio fiskala da, nagusiki. Dirutza da: 300 milioi euro.

Alokairura bideratutako laguntzak, aldiz, 100 milioi euro besterik ez dira. Gauzak horrela, gehiago saritzen dugu erosketa, arazo handiena alokairuan dagoenean. Eusko Legebiltzarreko ponentzian parte hartu nuen eta neuk defendatzen dut erosketarako onura fiskalak kendu behar dizkiogula horren premia ez duenari.

Egoera ekonomiko on samarra duelako.

Zehazki, horregatik. Etxebizitzaren Euskal Behatokian jasota dago datua: 60.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituzten pertsonei zuzenduta dago erosketaren kenkarietarako partida osoaren % 35. Guk argi dugu: beharra ez duenari ez zaio eman behar. Diru hori jaso –dirutza da–, eta benetako beharra duenari bideratu. Bi kolektibok dute lehentasuna, gure ustez: alokairu soziala eskatzen ari diren gazteak eta nahikoa diru-sarrera ez duten familiak. Honen guztiaren emaitza badakizu zein den? Alderdi guztiek paso egin dutela. Inork ez du, egun, gure postura defendatzen. Eta, zinez, argia eta zehatza da planteamendua: aizue, beharra ez duenari laguntza handiagoa bideratzen zaio benetako beharra dutenei baino. Bitxia izan zen ponentzia horretan EAJ-PNVko ordezkariak erantzun zidana: “Zergatik bideratu behar dut diru hori etxebizitzara eta ez osasunera edo hezkuntzara?”. Bada, guk dioguna da dirua badagoela, baina kontua da diru hori zertara bideratzen ari den. Eta berriro aipatuko dut: 60.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituzten pertsonei zuzenduta dago erosketaren kenkarietarako partida osoaren % 35. Erraza da: horiei kendu eta gazteriari lagundu. Ez dago bestelako hitz-jolasik egin behar.

Auziak ertz asko ditu eta, egun, bogan daude etxebizitza turistikoak. Kanpaina bati ekin diozue, berriki.

Gure lurralde historikoan, esaterako, auzia Donostian, Hondarribian, Zarautzen… kostako udalerrietan ematen ari zen. Baina hori hedatuz doa eta Lasarte-Oriako kasua oso deigarria da. Horrela jarraituz gero, gainera, ez da izango udalerri bakarra. Donostian “Moratoria” delakoa ezarri zen eta geroztik etxebizitza turistiko gehiago ezin da eskaini. Zer gertatu da? Arazoa inguruan hedatzen ari dela. Lasarte-Orian, 2023tik hona, 17 etxebizitza turistiko berri agertu dira. Bistakoa da Donostiatik gertu egotearen eragina dela hori, hiriburuarekin ondo komunikatuta dagoelako. Etxebizitza turistikoak negoziora bideratutako etxebizitzak dira, ez dira bizitoki egonkor izateko erabiltzen. Beren merkatua izan dezakete, ados, baina merkatu hori kontrolatu eta arautu egin behar da. Eta, ezer baino lehen, jasangarria behar du izan. Ezin dugu arazoak gainezka egiten digunean erreakzionatu. Hori da Donostian gertatu zena. Baina, bestalde, bitxia da Lasarte-Orian jazo dena. Udalerri horretan gune tentsionatu edo tenkatua izendatzeko urrats handiak eman dituzte, ez baitago ez alokairurako, ez salmentarako nahikoa eskaintza bertako familientzat. Beraz, koherentzia ariketa bat da “Moratoria” aplikatzea eta etxebizitza turistikoei muga jartzea.

Turismora bideratutako etxebizitza horien kontura espekulatzen ari denik badagoelako. Izan liteke jabeak familia bat botatzea etxebizitza hori turismora bideratzeko. Nonbaitetik atera baitira Lasarte-Orian, denbora-tarte laburrean, 17 etxebizitza turistiko berri. Edo hutsik zeuden, edo maizterrak bota dituzte, errentagarritasun handiagoa ateratzeko. Bada, Lasarte-Oriako plenoan, etxebizitza turistikoei “Moratoria” aplikatzeari ezezkoa eman zioten. Eta nork eman du horren aurkako botoa? PSE-EEk. Inkoherentzia handia da. Eta ez da horretan geratzen. Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburua egon da Lasarte-Orian bertan eta honako hau adierazi du: "Ahaztu egin zaigu etxebizitzak bizitzeko direla". Barre egiten dut, baina egoera negargarria da.

Bukatzeko, zertan da Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala?

Duela bi urte sinatu genuen. 88 erakunde –gizarte zibila, erakundeak, enpresak, profesionalen kolektiboak– atxiki ginen eta itun horrek badu epealdi bat 2022 eta 2036 artekoa. Berriki, kargua hartu berritan, Denis Itxaso jaunak adierazi du sinatzaile guztiak berriro deituko gaituela. Bada, zertarako? Kontsentsu handi batera iritsi ginen orduan, eta babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko promesa jaso zen bertan. Ez, ez gaituzte berriro deitu behar. Eusko Jaurlaritzak emandako hitza bete behar du. Nola esan dezake berriro deitu behar gaituela? Zertarako? bete behar diren akordio batzuk daude. 2036ra bitarte alokairu sozialeko 19.000 etxebizitza berri eraikitzea adostu zen bertan. Ikus dezagun denborak zer erakusten digun. Lehen bi urteetan, behintzat, ez dute ezer egin. Adostutakoa ez dute bete.

Babes ofizialeko etxebizitza gutxien eraikitzen ari garen aroa bizi dugu. Beraz, nor ez da emandako hitza betetzen ari? Etxeko lanak jarri ziren eta ez dira idatzitakoa betetzen ari. Itun Soziala deitzen badute, gu ez gara joango. Etxeko-lanak egin ditzatela, lehenik, eta ondoren aurrekontuetan jasota gera dadila. Ekintzen aroan gaude, promesena igaro zen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!