Bailarako ondare historikoa eta kulturala berreskuratzeko eta gizarteratzeko xedez orain bi hamarkadarik gora sortu zen Burdina elkarteak Gordeleku izeneko museo etnografikoa ireki zuen 2022an, eta egunotan, bertan bilduta dauden 1.500 pieza baino gehiago inbentariatzen eta katalogatzen hasi dira Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak.
Hain zuzen, Aranzadiko Etnografia saileko arduraduna den Maite Errarteren eta Suberri Matelo kidearen zuzendaritzapean ari dira burutzen egitasmoa.
Inbentarioa egitearen premia azpimarratu dute biek ere. “Bildumaren nolakotasuna eta piezen kopurua ikusita, objektu hauekin inbentario bat osatzeko beharra sortu da, bilduma etnografiko baten inbentarioa egitea funtsezkoa baita bilduma hori epe luzean gordeko dela bermatzeko, ikerkuntzarako errekurtso baliogarri bilakatzeko eta haren kudeaketa hobetzeko”.
Urrian ekin dioten eginkizun horri esker, “bilduma etnografiko hau andoaindarrentzat nahiz etorkizuneko belaunaldientzat baliabide kultural irisgarriagoa bilakatuko” dela adierazi dute.
EHUko ikasleen parte-hartzea
Egitasmoa gauzatzeko, ezinbestekoa izan da EHUko Antropologia Graduko praktiketako ikasleen laguntza. Aurten, zehazki, sei ikaslek parte hartuko dute bildumaren katalogatze lanetan, Aranzadiko etnografoekin batera. Ainhitze Mitxelena, Oier Garcia, Joana Muñoa, Naroa Martinez, Irene Baez eta Urko Rodriguez dira horiek.
Era horretan, “Burdina taldearen bilduma hobe ezagutzeko balio izateaz gain, jende gaztea ondare kulturalaren kudeaketan trebatzeko balio izango du”, gaineratu dute.
Egitasmoak urte batzuetan luzatuko dela ziurtatu dute, bilduma mardula bezain interesgarria delako”. Lanen lehen fasean “bildumaren ezagutzan sakonduko da, piezei zenbakidun etiketa bat jarriz, objektu etnografikoen kopuru zehatza jakin ahal izateko. Datorren urtean fitxa espezializatuak egingo zaizkie pieza hauei”.
Ekimena aurrera eramateko, Andoaingo Udalaren babesa jaso du Aranzadi Zientzia Elkarteak. Gainera, Aranzadik Gipuzkoako Foru Aldundiarekin duen hitzarmenaren baitan Gipuzkoako etnografia sustatu eta zabaltzeko lanen baitan txertatzen da ekimena. Hain zuzen, egitasmoari ekin zitzaion egunean, Gordelekun bertan bildu ziren Andoaingo Udaleko kultura alorreko zinegotzi Marta Lasa eta Diego Barrasa, Burdina Taldeko kideak, Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia saileko kideak, eta, EHUko Antropologia Graduko ikasleak.
Gordelekua, urtetako ametsa errealitate bilakatuta
Andoaingo elkarteak bazuen asmo bat aspaldiko urtetan, abian jarri zenetik kasik: geure arbasoen lanbideak, bizimodua eta pentsamendua islatuko dituen museo modukoa antolatzea. Langintza horrekin tematuta ibili dira azken urtetan, eta azkenik, 2022ko urriaren 7an burutu zuten irekitze ofiziala.
Eta horretako, kolaboratzaileei eta tresnaren bat dohaintzan eman duten pertsonei aurkeztu zien Gordelekua, urriaren 7ko asteburuan.
Hurrengo egunetan, udal ordezkariei eta herritarrei zabaldu zizkien ateak.
Urriaren 7ko ekitaldian egindako erreportajea, hemen ikusgai.