"Inoiz baino larriago" dauden Saharako errefuxiatuen kanpamenduen aldeko elikagaiak biltzen jarraitzen dute

Aiurri 2025ko urt. 10a, 15:34

Hurria Sahara elkarteak elikagai-bilketa kanpainarekin jarraitzen du egunotan, Aljeriako Tindouf eremuko desertuan bizi diren errefuxiatu sahararren alde, "Elikatu itxaropen bat" programaren barruan.

Errefuxiatuen kanpamentuetan egoera larrian bizi direla ohartarazi dute elkarteko boluntarioek. Ondorioz, jakien bilketa honako saltoki hauetan ari dira egiten, edo egingo dute datozen egunetan:

  • BM (Plazaola kalea): gaur (urtarrilaren 10a eta bihar (urtarrilaren 11a).
  • Coviran (Karrika), Eroski (Ondarreta), Eroski (Zumea) eta Telletxea (Bazkardo), urtarrilaren amaiera arte.
  • SuperAmara: urtarrilaren 24 eta 25a.

Ondoren, herriko ikastetxetan izango du jarraipena kanpainak. Otsailean, berriz, bildutako guztia antolatu, eta Euskadiko Sahararen aldeko Karabanaren esku utziko dute.

Elikagaien zerrenda

Honako elikagaiak eskatzen dituzte: arroza, pasta, atuna, sardinak oliotan, azukrea, dilistak, garbantzuak eta babarrunak. Konpresak ere behar dituzte. Glutenik gabeko elikagaiak bilduko  dituzte aurten ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!