Egitasmo berria da Andoaingo Lehen Duatloia egitasmoa, xehetasun ugariz beterikoa. Federazioarekin eta agintariekin baimen guztiak lotzen aritu den Zumeatarrako ordezkari da Koldo Velasco. Urnietarra sortzez, Andoainen bizi da azken urteotan.
Duatloiaren lehen edizioa martxan dago Andoainen. Non du sorburua?
Zumeatarra Triatloi Taldetik sortu zen ideia, proba asko desagertu eta berriak aurkezten zirela ikusita. Andoainen antolatzeko pausua eman genuen eta, nagusiki, bi irizpide jarraitu ditugu: lehena, ikusleak bertatik bertara izan asmoz, probaren zati handia herri barruan egitea; bigarrena, hurbilduko diren partaideentzat ibilbide erakargarria egokitzea. Bi irizpide horiek oinarri aritu gara lanean, azken hilabeteetan.
Lan handia egin al duzue proba aurkeztu aurretik?
Bai. 2023aren amaiera aldera lantzen hasi ginen lantzen ideia, eta iazko maiatzetik hona lanketa handia egin dugu.
Sprint deritzon duatloi proba da. Xehetasunak ematerik bai?
Partaideak, lehenik eta behin, bost kilometro egin behar ditu korrika Goikoplaza eta Txitibar plaza artean. Ibilbidean Kale Nagusia eta Kaleberria zeharkatuko ditu. Beraz, ikusleek probaz gozatzeko aukera aproposa izango dute. Lehen proba amaituta, Goikoplazan bizikleta hartu eta Olagain aldetik Otietara joango dira. Ibilbide osoa errepidean izango da. Ibilbide hori hamar kilometrokoa da, beraz, bi itzuli egin beharko dituzte. Eta, amaitzeko, azken korrika saioa egingo dute Goikoplazan hasi eta bertan bukatzeko.
Probaren aurrean ilusioa eta ardura, bietatik izango duzuela pentsatzen dut.
Halaxe da. Ilusio berezia dugu, are gehiago, lehen edizioa delako. Eta ardura badugu, noski, partaideekiko eta ibilbidearekiko. Oinezkoen eta autoen joan-etorrian eragina izango du probak, beraz, adi egon beharko dugu.
"Ardura handia somatzen dugu gure baitan, baina ardura handi hori sentitu gabe ezinezkoa da antzekorik antolatzea"
Duatloian eskarmentua dutenei begira, nola deskribatuko zenuke martxoaren 15eko proba?
Bizikletan egin beharreko ibilbidea nahiko gogorra da, beraz, bizikleta gainean hobeto moldatzen denak tartea irekitzeko aukera izango du. Dezenteko aldapa du ibilbideak, gorabeheratsua da oso eta arnasa hartzeko tarterik ez dago ia.
Zein izaten da gakoa Duatloi batean? Bi kirol jarduera baitira –lasterka eta bizikleta gainean–, baina hiru proba dira.
Nire kasuan, bizikleta hartzeko unean indarra izan behar da watioak mugiarazteko. Eta, bestetik, ezin da dena eman bizikleta gainean. Azken probarako indarrak gorde behar dira.
Gogorra al da azken zatia?
Nire kasuan, bizikleta gainean gehiegitxo emanez gero, kosta egiten zait hirugarren ariketari neurria hartzea. Trantsizioak egiten asmatzea premiazkoa da, entrenamenduen eta eskarmentuaren poderioz lortzen dena.
Zenbat partaide espero duzue? Andoaindik eta Urnietatik partaideak espero dituzue?
200 partaide, horixe da gehienezko kopurua. Ehundik gora batzea lortzen badugu, oso pozik egongo gara. Eta inguruko herrietakoak baditugu, bai!
"Lehen kolpean 30 lagunek eman zuen izena. Tartean, gertuko kirolariak".
Baimen-eskaerak, trafikoari loturiko xehetasunak… Burukomin handiko lana al da?
Igaro ditugu hilabete okerrenak, buruhauste handikoa baita tamainako lasterketa antolatzea.
Lehenengoa. Horixe da iragarri duzuena. Jarraipena izango duen seinale…
Hori da asmoa. Jarraipena ematea gustatuko litzaiguke.
Partaideen interesekoa izan ohi da izen-ematearekin batera banatu ohi den poltsa. Zer aurkituko du partaideak bertan?
Galtzerdi parea, GaztaÒaga eta Mizpiradiko sagardoa, Lixone markako xaboia, Metta markako bidoia eta Keepgoing markako gelak.
Duatloian ez dabilenarentzat aproposa da etxeko proba? Denboraz dabiltza proban parte hartzera animatzeko?
Kirola egitera ohituta dagoen edonor –bizikleta gainean ibiltzera ohituta dagoena eta korrika dabilena–, proba egiteko gai da. Denbora aldetik, proba burutzeko malgu jokatuko dugu.
"Open delako tartean, sari berezia jasoko du lehen andoaindarrak".
Proba gauzatzeko boluntarioen premia duzue. Zenbat behar dituzue, denera?
Errepideko zainketa-lanak egiteko 55-60 lagun behar ditugu. Horiez gain, dortsal-banaketan, irteeran eta helmugan beharko ditugu lagun gehiago. Denera, 70-80 lagun. Laster biltzekoak gara haiekin guztiekin.