Joan den asteazkeneko udalbatzan, Andoaingo Udal korporazioa osatzen duten lau alderdiek (EH Bildu, PSE-EE, EAJ-PNV eta Ahal Dugu-Podemos), besteak beste, Herritarren eta Andoainen indarkeria matxistaren kasuetan erantzun publiko instituzionala emateko protokoloa, Bizitzaren Kulturaren aldeko mozioa, Buruntzan eraitsitako ikurriña, eta, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren 49. urteurrenaren aldeko Adierazpen lnstituzionala jorratu zituzten.
Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa
“Andoainen indarkeria matxistaren kasuetan erantzun publiko instituzionala emateko protokoloa” aho batez onartu zen udalbatzan. Aztergaia hizpide izan zuten une bera, klik bakarrera:
Hiru irizpide izan zituzten kontuan:
- Emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa bat da.
- 2017az geroztik, Andoaingo Udalak politika espezifikoak ezarri dituela emakumeen aurkako indarkeria matxistaren eta biktimen arretaren inguruan.
- 2019an onartu zuen Erakundeen arteko Jarduera eta Koordinazio Protokoloa, indarkeria matxistaren biktimei eta biziraun dutenei laguntzeko.
"Andoainen eman daitezkeen garrantzi bereziko egoeren aurrean erakundeen erantzun publikoa gidatuko duen mekanismo bat izateko beharra antzeman dela, eta erantzun publiko hori biktimari erreparazioaren printzipioan eta herritarrenganako erantzukizun pedagogikoaren printzipioan oinarritu behar dela”, adierazi zuten protokoloaren aurkezpenean.
Herritarren eta Bizitzaren Kulturaren aldeko mozioa
Biel Kontsumitzaileen Bizitza elkarteak gerrateen inguruko mozioa aurkeztu zuen unea:
Mozioan hainbat eskaera egiten ziren; hala nola, gatazkan Ukrainako gerran parte hartzen duten erakunde guztiei “berehalako menia aldarrikatzeko eta dagokion negoziazio-prozesua hasteko”, derrigorrezko soldadutza aurka jartzea, NATO desegitea, edota Gazako genozidioa eta “mundu osoan zehar heriotzaren kultura gauzatzen duten gerrak”. Mozioa ez zen aurrera atera, Ahal Dugu-Podemosek soilik eman baitzuen aldeko botoa; EH Bilduk abstentziora jo zuen eta PSE-EEk eta EAJk kontra egin zuten. Emaitza ikusita, Udalbatza-aretoan entzule gisa zeuden Bizitza elkarteko zenbait kidek, haserre bizian, zutitu, eta kargua hartu zieten mozioa aurrera atera zedin eragotzi zuten zinegotziei, euren jarrera “lotsagarria” zela leporatuz. Ondoren, aretotik irten egin ziren.
Buruntzako ikurriñaz, luze eta zabar
Bi mozio eztabaidatu eta bozkatu zituzten Buruntzako ikurriñaren eraispena zela medio. Ordubete eman zuten eztabaidan. Eztabaida hasi zeneko unea, bideoan:
Askorako eman zuen gaiak, izan ere, zehazki, ordu bete iraun baitzuen lau alderdien arteko liskar dialektikoak; horretan, PSE-EEko Maider Lainezen eta EAJ-PNVko Imanol Goenagaren arteko ika-mika beroa nabarmendu zen. Izan ere, aurreko legealdian (2019-2023) aipatu bi alderdiek udal gobernuan koalizioa osatu zuteneko kontuak azaleratu zituzten udalbatzan, elkarri kargua hartuz orduan hartutako jokabide eta erabakiengatik.
Hain zuzen, bi ekintza zirela medio, hots, Buruntzako gurutzea eraistea (2021eko abendua), eta, Buruntzan ikurriña zutitzea (2023ko urria), bada, bi ekintza horien aurrean erantzun bateratua ematerako orduan biren artean agerian gertatu ziren desadostasunak.
Esan bezala, bi mozio jarri zituzten mahai gainean. Lehena, EAJ-PNVren eskutik, lau puntuk osatuta. Lehenak, ikurriñaren aurkako sabotaje ekintza gaitzestea eskatzen zuen. Bigarrenak, ikurrina andoaindar guztiak ordezkatzen dituen ikurra dela berrestea nahi zuen, 2013an Andoaingo udalbatzak "ikurriñaren aldeko" adierazpena onartu zuen heinean. Hirugarrenak, “ gero eta ohikoagoak bihurtu diren gorroto mezuak eta ekintzak”, tartean ikurriñaren kontrakoak, salatzea eskatzen zuen. Eta laugarrenak, udalak, “elkarlanean, Buruntzako gailurrean berriz ere ikurriña jartzeko konpromisoa” hartu zezan nahi zuen. Soilik EAJ-PNVren hiru boto jaso zituen jatorrizko mozio horrek.
EH Bilduk, berriz, bi puntuko mozio alternatiboa aurkeztu zuen, Buruntzako ikurriña hizpide izanda. Lehen puntuan, kezka adierazten zen ikurriñaren aurkako erasoak, “gure ikur nazionalekiko adierazten duen errespetu faltagatik”. Eta bigarrengoak konpromisoa hartzen zuen, elkarlanean hausnartzeko abiatzeko eskualdeko (Urnieta eta Lasarte-Oria) udalekin, talde memorialistekin eta beste talde desberdinekin, “Buruntzako tontorrean ikurrik egon behar duen edo ez, eta egotekotan zer nolako izan behar duen adosteko”.
Mozio horrek EH Bilduren eta Ahal Dugu-Podemosen aldeko botoak jaso zituen (9) eta PSE-EE eta EAJ-PNVren kontrakoak (8). Hortaz, aurrera atera zen mozio alternatibo hori.
Sahararen aldeko adierazpena
Andoaingo Hurria Sahara elkarteak aurkeztuta, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren 49. urteurrenaren aldeko Adierazpen Instituzionala onartu zuen udalbatzak. Bilduk, EAJk eta Ahal Dugu-Podemosek alde egin zuten, eta PSE-EE abstenitu egin zen. Mozioaren aurkezpena eta alderdien adierazpenak bideoan:
Mozioaren edukia, hemen.