Edizio berri honetan euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua sortu nahi dute: euskaldun eta euskaltzaleak mugiarazi, alegia.
"Euskararen erabileran eragiteko daukagun tresna, bide eta modu masiboena da Euskaraldia",
Goiatz Urkijo
Horregatik, Euskaraldia ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatzea proposatu dute antolatzaileek: reset egitea, berrabiaraztea. Izan ere, azken edizioaren ondoren, eragile eta herritarrekin batera egindako hausnarketa prozesuaren ondorioetako bat da Euskaraldiak berrikuntza behar duela, herritarrengan, berriz ere, ilusioa masiboki piztuko badu. Bada, antolatzaileek ausardiaz eta gogoz heldu diote erronkari.
Euskaraldia: elkar mugituz egingo dugu
"Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia" bat nahi dute. Laugarren edizioaren leloak berak –elkar mugituz egingo dugu– aktibazioari, mugimenduari, emozioei eta batak bestearengan dugun eraginari egiten die erreferentzia. "Euskaraz hitz eginez, batak bestea mugitu egiten du, eta besteak bata, hizkuntza inertziak eraldatuz", azpimarratu du Urkijok. Lehen hitzetik euskaraz eginda, edo ahal den guztietan euskara erabilita, mugitu egiten ditugu solaskideak, eta jendartea bera: "Interakzio bakoitzak euskararen erabilera handitzen du, eta milaka eta milaka pertsonek batera eginda, efektu biderkatzailea lortzen da".
Euskaraldia festa bat ez den arren, ariketa gozamenetik ere egin daitekeela azpimarratu dute antolatzaileek, euskaraz bizitzeko gogoz ari den komunitate bat garela sentituz eta ospatuz. “Emozioek eta umore onak eramangarriagoa egingo dute estres linguistikoa”, adierazi du Urkijok. “Norbere buruari erronka zehatz egingarriak ezartzea, eta elkar mugituz, ariketaz gozatzea da edizio berriaren proposamena”.
Ariketaren esentziari eutsi
Berritasunak berritasun, Euskaraldiaren oinarria mantendu egingo da, eraginkorra baita: partaideek ahobizi ala belarriprest rola hautatuko dute, izena eman, eta hamaika egunez, dagokien txapa jantzita egingo dute ariketa. Antolatzaileek txaparen erabileran azpimarra jarri dute, txapak ahalbidetzen baitu ariketa bera. Norberaren hizkuntza-portaera zein izango den adierazten du, eta batez ere, ingurukoei mezu argia bidaltzen die: “Nirekin egizu euskaraz, lasai”.
Euskaraldian parte hartu nahi duenak martxoaren 15etik aurrera izena eman beharko du