“Mugikorrak sakon aztertuko ditugu, bertan zer dagoen ikusteko”

Jon Ander Ubeda 2025ko mar. 7a, 07:00

Altxa Buruak antolatuta, eta Udalaren lankidetzarekin, jardunaldiak egingo dira Basteron, datozen egunetan, "Zentzuzko erabilera eta osasuna saretzen" izenburupean. Hizlarietakoa Telmo Lazkano psikologoa izango da.

Eskuko telefonoaren erabilerarekin kezkatuta, Altxa Burua mugimendua sortu zen, guraso talde baten eskutik. Sorreratik, bere balio zein helburuetan, haur eta nerabeengan lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko xedea dute. Ez hori bakarrik, heziketan sakondu nahi dute, besteak beste, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune bilakatuz eta gurasoak bidelagun zein eredu izanik, nerabeengan helduen ekintzek hitzek baino oihartzun handiagoa eduki ohi dute-eta, askotan.

Zerekin egingo dute topo saio horietara bertaratzen direnek?

Programaren helburua ulertzeko, lehenik, jatorria ezagutzea komeni. Bi errealitateri erantzuna ematen saiatuko gara: batetik, "adikzio" hitzarekin defini dezakegu mugikorrarekin dugun harremana; bestetik, hazkundea izan dute adin txikikoen artean buru-gaixotasunek. Bi kasu horiek eskutik helduta doaz, nahi baino neurri handiago batean. Bada, "Zentzuzko erabilera eta osasuna saretzen"  (ZEOS) programa horri guztiari argia ematera dator. Ez dugu diagnostikoan gelditu nahi. Orduan, askotariko abiapuntuak eta baliabideak azalduko dira, familia gisa zein herri gisa bi errealitateei erantzuteko.

"Testuinguruan jarrita, lau saio izango dira, bi eremu ezberdinetan banatuta: konpetentzia psikoemozionalari dagokiona eta konpetentzia digitalari dagokiona"

Mugikorrak sakon aztertuko ditugu, bertan zer dagoen ikusteko. Ezagutza praktikan jartzeko aukera ere izango da.  Maitane Ormazabalekin, zabalduenen dauden buru-gaixotasunen gaineko ezagutza eraikiko dute herritarrek, bai eta horri guztiari elkarrekin erantzuteko gakoen berri izan ere.

Nahiko ezaguna da, jada, Altxa Burua plataforma. Hasieratik gaurdaino, aldaketarik, eguneraketarik izan al duzue, ekimenaren definizioari edota lanketari dagokionez?

Oinarria hasierako berbera da eta bidean apustu berri baten alde egiten ari gara: hezkuntzaren digitalizazio osasuntsu, libre eta ebidentzietan oinarritutakoaren alde egitea. Altxa Buruaren aterkipean ez daude, soilik, beren haurrei mugikorra eman ez dieten familiak, baita eman dietenak ere. Are gehiago, azken horiek dira laguntza behar dutenak, batez ere: jada, eman dutenak eta horrekin harreman osasuntsua eraiki nahi dutenak.

Orain aste batzuk egin zen Azpeitiko topaketa, parte-hartze handiarekin.

Asko ari da zabaltzen egitasmoa: kanpaina bat jarri genuen martxan eta 20.000 familia atxikitu ziren Altxa Buruaren helburuetara. Uste baino oihartun handiagoa dugu.

Gurasoak, irakasleak eta ikasleak edo nerabeak dira zuen programaren ardatzak. Gurasoei zuzendutakoak al dira Basteroko jardunaldiak?

Hori da, bai. Guk lanketa beti hasten dugu etxean alegia, gurasoekin. Zergatik? Familia, eskola eta nerabei dagokionez, ekuazio honetan, gurasoek dutelako erantzukizun handiena.  Horregatik, nire ustez, ahalduntze psikoemozionala zein digitala, lehendabizi, gurasoei eskaini behar zaiela. Gero, irakasleei zuzenduta dago bigarren pausoa, lanketa egin dezaten. Azken jauzia ikasleei edo nerabeei dagokie.

Patata beroa erori al zaie irakasleei? Etxean kontrolatu ez den erantzukizuna erori al zaie gainean?

Jendartearen isla da hezkuntza, eta jendartearen lagin bat dago ikasgeletan. Orduan, ezinbestean, gure inguruan gertatzen den gauza orok izango du isla edo eragina, eskola-esparruan. Batak besteari pilota botatzen dion bitartean, nor da kaltetua? Haurra. Guztiok nahi dugu gure umeentzat onena, hortaz, elkarrekin jardutea da onena. Gaia ikasgeletara iritsi da eta kudeatu beharrekoa da, erantzukizunak garbi izanda: lehenengo ardura etxean eduki behar da eta ondo legoke eskoletatik laguntza bermatzea, ahal den neurrian. Hala ere, aktore asko ditugu, ez baita, soilik, familiaren, eskolaren zein nerabeen kontua. Baditugu instituzioak, baita horretaz guztiaz elikatzen den teknologia-industria ere. Bi horiek ere badute erantzukizunik, azken finean, egun, bizi ditugun arazoak teknologia-industriak diseinatutako produktuen ondorio dira.

Jendartearen isla da hezkuntza, eta jendartearen lagin bat dago ikasgeletan.

Ez da aterki beraren pean sartu behar teknologia guztia: bada gure zerbitzura dagoen teknologiarik, baina baita gu bere zerbitzura nahi gaituenik ere. Azken horrek ekarri du zeresan handiena, hori izan baita egungo egoerara eraman gaituena. Teknologia-industria ez da autoerregulatuko, bere negozio-eredua arretaren ekonomian oinarritzen delako eta diseinu adiktiboak sortzea duelako helburu. Horren aurrean, instituzioak behar ditugu, erabiltzaileak babesteko, beste arlo batzuetan egiten den bezala. Hortaz, ikuspegi zabalagoa izan beharko genuke, norbanakoari erantzukizuna kendu gabe, ardura kolektibizatzeko.

Bistakoa da arazo baten aurrean gaudela. Osasun publikoari dagokion arazoa dela aipatu duzu.

Amerikako Estatu Batuetan 41 estatu federalek auzipetu dute beraien enpresa garrantzitsuena: Meta (Facebook). Tik Tok ere 15 estatuk salatu dute. Osasun publikoko arazo baten aurrean gaudela diodanean, entitate zientifikoek eta, orokorrean, komunitate akademikoak hala adierazten dutelako da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!