Ainhitze Kalonge, Erramun Galparsoro eta Jose Manuel Muñozek hartu zuten hitza, “Urumeako Mendiak Bizirik” herri ekimena ordezkatuz. Bi zentral eolikoen proiektuek zuzenean ukitzen dituzten Goizueta, Arano, Hernani eta Ereñotzuko herritarrek osatzen dute aipatu elkartea; hain zuzen, Aranoko herritarrak dira Galpasoro eta Muñoz, eta Pagoaga-Ereñotzukoa Kalonge.
Labur esanda, bi proiektuk eragin dute kezka bailarako hainbat herritarrengan, multinazional energetikoek sustaturikoak biak ere. Lehena, Ikatz Gane izenekoa da, eta Sevillan egoitza duen eta energia berriztagarrien sektorean lan egiten duen Enigma Green Power 26 S.L.U. da enpresa eskatzailea; Endesa dago atzean. 33 Megabateko potentzia eragingo luketen 200 metroko bost haize-sorgailu instalatzeko administrazio baimenaren eskaria egina dauka, iazko maiatzaren 23ko EHAAn agertu zenez. Horixe da dagoen informazioa oraingoz, “Urumeako Mendiak Bizirik” elkarteko Jose Manuel Muñozek adierazi zutenez, “nahiko enigmatikoa da proiektua, Hernani eta Aranoko lur sailak hartzen dituela besterik ez dakigu, beren planoak aintzat hartuz gero”.
Erreka izenarekin Repsolek aurkeztu duen bigarren proiektuaren gainean informazio gehiago dagoela ziurtatu zuen Galparsorok. “Lehenengo susmoa, bazetorrela alegia, 2024an izan genuen, ingurugiroarekin lotutako inpaktuen ikerketak egiten dituen enpresa bateko langileak gora eta behera baitzebiltzan, Aranon. Handik gutxira, Repsoleko ordezkariak udaletxean agertu ziren, jarrera itsusiarekin, zera esanez: loteria egokitu zaizue proiektu honekin; herritarrekin errespetuz jokatzen duen enpresa gara, eta nahi baduzue, frontoia estaliko dizuegu eta herri eskola eraiki”.
Enpresaren jarrera horrek eragin zieten lehenengo haserrea, eta amorrua. “Herritar soil gisa, babesgabetutasuna sentitu dugu hasieratik. Enpresa pribatu baten eskutik jakin dugu proiektuaren nondik norakoa. Eta hasieratik proiektuaren aurka azaldu den Aranoko udalaren bitartez lortu dugu eskuartean daukagun informazioa. Goiko erakunde publikoetatik inor ez zaigu azaldu azalpen ofizialik ematera, eta are gutxiago adierazi digute gertuko herritarrekin saiatuko direnik kontsentsua lortzen, proiektuak aurrerabiderik ba ote duen ala ez ikusteko. Azken batean, argi geratzen da energia berriztagarrien gaiarekin dagoen planifikazio publiko eza. Dena esku pribatuetan uzten ari dira, eta, gainera, gaian sakontzen hasten bazara, ohartzen zara politikariek enpresen interesen arabera hartzen dituztela erabakiak”.
Hiru hizlariek zehaztu zutenez, bi proiektuek Hernaniko lur sailetan bat egiten dute; konkurrentzia edo lehia dago nonbait, eta horrexegatik, Repsolek (Erreka) Endesaren aurkako helegitea jarri du Balore-Merkatuaren Batzorde Nazionalean (CNMV).
Egundoko lur-mugimenduak
Oraingoz 800 orrialde dituen Erreka proiektuaren txostena daukatela eskuartean, eta hori goitik behera aztertu dutela baieztatu zuten hizlariek, Euskaldunaren egoitzan egindako hitzaldian. “Bere azterketatik atera dugun ondorio nagusia, begi bistakoa da: makrozentral eoliko baten aurrean gaudela. Madrilgo gobernuari dagokio onartzeko eskumena, daukan dimentsioagatik (15 aerosorgailu eta 100 Megabatio) eta bi autonomia hartzen dituelako. Hain zuzen, hainbat herrietako lur eremuei eragingo die: Arano, Astigarraga, Berastegi, Elduain, Ereñotzu, Errenteria, Goizueta, Hernani, Oiartzun eta Urnietari”.
Zehaztu zutenez, zentral eoliko batean, kontuan hartu behar dira haize errotez gain, bere inguruan eraiki behar den azpiegitura guztia; besteak beste, goi mendirako sarbidea, sortutako energia pilatzeko estazioa, energia hori garraiatzeko dorreak (goi-tentsioko linea), energia hori pilatzeko bigarren estazio edo transformadorea...
Txostenaren irakurketarekin, harridura handiena azpiegitura guzti hori eraikitzeko behar den lur mugimenduaren zifrek eragin diela, aitortu zuten. “Zentrala eraikitzeko obrek Urumea bailaran txikizio galanta eragingo lukete”, adierazi zuten, eta zehaztapen hori egiteko, zenbait datu deskribatu zituzten. Hala nola, indusketa lanak (1,7 milioi m3), betelanak (milioi bat m3), zimentaziotarako hormigoia (15.000 m3), 15 aerosorgailuen zimentaziorako hormigoia (11.000 m3), 68 ebakuazio dorreak (803 m3), zaborra edo lur sobranteak 700.000 m3). “Bitxikeria moduan, aipatu behar da sustantzia arriskutsuez zikindutako trapuekin ere egin dutela kalkulua (509 kg)”.
Estimazioarekin jarraituz gero, adierazi zuten soilik 15 aerosorgailuen eremuak, 15 futbol zelaien tamainako eremua hartuko lukeela. “Mendi, gain horiek ezagutzen dituenak badaki natur eremu txiki batez ari garela, eta beraz, ikaragarria dela zenbateko lur okupazioa egingo luketen”.
Sarbideari dagokionez, proiektuak Besabitik abiatzea dauka aurreikusita. “21 kilometroko mendi-pista egin nahi dute Besabitik hasi eta gorantz, sei-zazpi metroko zabalerarekin. Halakorik gure ingurunetan ez da ikusi sekula!”, esan zuen Galparosok.
Proiektua Urumeako mendietako bioaniztasunarentzat eta ekosistemarentzat kaltegarria izango litzatekeela uste izateko, beste zenbait alderdi aipatu zituzten. Besteak beste, hegaztientzat traba izatea (beren korridore naturala baita bailara); Urumea ibaiaren kalitatea (mendi-gain horietatik jaisten diren erreketako emaria jasotzen du); zentral eolikoaren eraikuntzarako energia fosila erabiltzea soilik: edota, bete-betean ukitzea ondare historikoari begira Euskal Herriko estazio megalitikorik garrantzitsuenetakoa den Adarra-Mandiegi. Aerosorgailuetatik gertu bizi diren giza komunitateen osasuna (estresa, nerbio-sisteman alterazioa...) ere ez dela libratzen, ohartarazi zuten. Gaur egun, ehun bat biztanle dituen Arano ere jende-gabetzen joango litzatekeela etorkizunean, aurreikusi zuten.
Energia berriztagarriak, auzitan
Haizearen industriak azken aldian bizi duen zabalkundearen atzean negozioa dagoela beste ezeren gainetik, adierazi zuen Galparsorok. “Orain gutxi arte Repsol enpresa, edo Josu Jon Imaz bera, energia berriztagarrien negazionista eta erregai fosilen defendatzaile agertu zaizkigu, eta orain, kolpetik, beste inor baino ekologistako eta berdeago datozkigu! Hori sinetsi behar al dugu?”.
Europan aplikatzen ari diren trantsizio energetikoaren politika erabat kontraesankorra dela gehitu zuen Galparsorok. “CO2 isurketak murrizteko energia berriztagarriak sustatu nahi dira, baina hain justu, CO2ari aurre egiteko premiazkoak diren ekosistemak hondatu nahi dira. Energia berriztagarrien alde gaude, jakina, baina hori ez dabidea, eta datu errealek hori baieztatzen digute: isurtzen den CO2 kopuruak igotzen segitzen du, nahiz eta energia berriztagarriak etengabe hazi”.
Mezu berezia mendizaleei
Azken aldian, erruz zabaltzen ari dira zentral eolikoen hotsak gertuko mendi parajeetan, Urumeako aipatu bi horiez aparte, Buruntzan, Amasamendian, Goizueta-Lesakan (Domiko)...
Etorkizunean datorkigun errealitate horren aurrean, Jose Manuel Muñozek dei berezia luzatu zien mendizaleei. “Perretxikoak bezala sortzen ari dira proiektu eolikoak gure mendietan; oraindik ere etorriko zaizkigu gehiago ate joka. Andoaingo mendizaleen elkartean gaudela, probestu nahi genuke dei berezia egiteko mendizaleei, sentiberak izan daitezen. Euskal Herriko mendiak industrializatzen ari zaizkigu abailan, izugarrizko eraldaketa datorkigu, eta beharbada, bukatzen ari zaigu gure inguruko mendi parajeetara igotzearen betiko ohitura, natur-gune eta arnasgune birjinak topatzeko eta horiekin gozatzeko. Asko jota buzoiren edo gurutzeren bat topatu ohi ditugun tokietan, hormigoizko tonak eta tonak izango ditugu lasterrera. Espazio txiki batean bizi gara, eta hori izango da errealitatea. Edozein tontorrera edo mendi-bizkarrera igotzen garela ere, aerosorgailu erraldoiak ikusiko ditugu nonahi”.
Andoainen taldea osatzeko deia
Gertuko proiektu eolikoen gainean informazioa jasotzeko eta sentsibilizazio kanpainak abian jartzeko, Andoainen talde bat osatzeko asmoa azaldu dute zenbait herritarrek. Horretarako, lehenbiziko bilera irekia antolatu dute Euskalduna Mendigoizale Taldearen egoitzan, martxoaren 25an, arratsaldeko 19:00etan. Herritar orori luzatu die gonbidapena.
Aranon, egun osoko jaia
"Urumeako Mendiak Bizirik” elkarteak ekitaldiz beteriko egun osoko jaia antolatu zuen Arano herrian, joan den larunbatean. Bailara horretako mendi gainetan proiektatuta dauden bi zentral eolikoek eragingo lituzketen kalte ekologikoen gainean sentsibilizazio kanpainaren baitan antolatu zuten jaia.
Egun euritsua suertatu arren, jende mordoa bertaratu zen Aranora, eta giro polita zabaldu zen egunean barrena, bai Arano herritik gora kokatzen diren natur parajeetan egindako txangoan, eta baita Aranon bertan egindako ekitaldietan.
Horrela, goizeko 11:00etan “Vidas irrenovables” dokumentala proiektatu zuten, eta Francisco Javier Vaquero egilearekin solasaldia egin zuten ondoren.
12:30etan, mendi txangoa egin zuten, aerosorgailuak proiektatu dituzten natur-eremuetan barrena.
14:30etan, Burningo bordan, pintxoez eta saldaz gozatzeko aukera eduki zuten. Aranorako itzulera, kalejira alaitsuan egin zuten parte-hartzaileek, Joseba Tapia, Izer eta Jon Mari eta Alabier trikitilariekin, eta “Mendiak bizirik! Horrela ez!” leloa zeraman pankartaren atzetik.
Azkenik, goian-behean euria egiten zuela eta, herriko ostatuaren aterpean, trikitilariek bigarren saioa egin zuten, eta horien ondoren, Aitor Mendiluze eta Julio Soto bertsolariak saioa gai librean egin zuten; bertso mordoa kantatu uzten, energia berriztagarriak eta haize-erroten zentralak gaitzat hartuta.
Trikitilarien eta bertsolarien saioak, Aiurriren webgunean bideoz ikus litezke.