Urumeako mendietan zentral eolikoen aurkako eguna ospatu zuten Aranon

Xabier Lasa 2025ko mar. 16a, 01:38

Egun osoko jaia ospatu zuten Aranon atzo, “Urumeako Mendiak Bizirik” elkarteak antolatuta. Hainbat lagunek txangoa egin zuten zentral eolikoak proiektatu dituzten natur-guneetan barrena goiz partean. Arratsaldean, Arano herrian, Joseba Tapia, Jon Mari Beasain eta Izer eta Alabier trikitilariek jai-giroa zabaldu zuten, aurre eginez eguraldi petralari. Azkenik, Aitor Mendiluzek eta Julio Sotok bertso saioa egin zuten, haize-errotak hizpide hartuta. Musika eta bertsoekin, bideoak, behean: 

“Urumeako Mendiak Bizirik” herri kolektiboa pozik agertu zen hainbat herritar batu izanagatik ekimenera, eta batez ere, eskerrak eman zizkien Joseba Tapia, Jon Mari Beasain eta Izer eta Alabier trikitilariei eta Aitor Mendiluze eta Julio Soto bertsolariei.

Antolatzaileek honako agiria zabaldu dute, egun osoko jaiaren balorazio gisa:

"Herri baten aldarria

Martxoaren 15ean Aranon egun osoko egitaraua zegoen antolatuta Urumeako Mendiak Bizirik taldearen eskutik Udalaren laguntzaz.

Ideia izan, bospasei lagun onekin hitz egin eta aldarrikapen festa antolatua zen bapatean Aranon. Aurreko astean, pankartak egin, bide bazterretan kokatu, erosketa batzuk eta sutan jarri ziren lapikoak. Salda, haragia eta txorizo egosia.

Larunbata: aranoarrek aspaldi elurrik ez genuen ikusi, baina ederki ari zuen mara-mara. 07:45ean kafea hartuz elkartu soziedadean eta azken momentuko aldaketak adostu eta lanari ekin genion. 20 bat lagun han genbiltzan. Jakiei azken ukituak, karpa muntatu, eliza zinema areto bilakatu, material postua jarri...

11:00etan dokumentalaren aurretik gustura hartu genuen salda bero bana eta ondoren Francisco Javier Baqueroren “Vidas irrenovables” dokumentala ikusi genuen. Zuzendariak aurrez jo zuen abisua: “ez da dokumental atsegina. Gutxiago zuen herrian bertan makroproiektu eoliko baten mamua dabilenean.” Eta ez, ez zen atsegina izan beste hainbat herri txikiren bizipenak herritarren ahotik entzutea halako proiektuen ondorioekin bizi diren bitartean. Beldurgarria eta kezkagarria.

Dokumentaletik burumakur baino, zerbait egin beharra dagoela konbentzituta atera ginen. Pintxo pare bat eta mendira! Bertatik bertara ikustera txikizio aurretik daukagun ondare natural eta historiko konparaezina. Giroak ateri eutsi zion eta itzulerarako han genituen zain Tapia, Izer, Jon Mari eta Alabier trikitilariak. Pieza batzuk mendian bertan dantzatu eta gero, kalejiran iritsi ginen herrira pankarta eta guzti. “Mendiak bizirik! Horrela ez!”.

Herrira iristearekin batera zaparrada ederra bota zuen, baina ordurako goxoan sartuta geunden, pintxo trago eta trikitixa. Kontsejun goxo egon ginen musika zuzenean gozatuz eta azken ginda, Julio Soto eta Aitor Mendiluze bertsolariek jarri zuten. Ordu bete inguru aritu ziren bertsotan, serio hasi, baina umorez eta animoz bukatuz.

Hotz egin zuen, naturak bere oldarraldia erakutsi zigun, baina herritarrok elkarren beroa sentitu ahal izan genuen. Makroeolikorik ez! Ez Urumean ez inon!

Lortuko dugu!".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!