Jon Unanue, Larramendi Kultur Bazkuna
“Interesgarria eta ederra da, zinez, Aiurri.eus webgunean argitara eman den filmazioa"
Andoaingo kaleen azterlan toponimikoa egin du eta, horrez gain, ikerketa historikoen makina bat libururen editore eta argitaratzaile izan da Unanue. Honatx, fimazioa ikusi osteko erreakzioa: “Interesgarria eta ederra da, zinez, Aiurri.eus webgunean argitara eman den filmazioa. Irudiak kalitate handikoak dira eta, pena bakarra, itxura egiteko bideo bat dela. Alegia, ez dela zuzeneko grabazio bat. Hor azaltzen diren ekintza militarrak ez dira zuzenean bizi ziren gertakariak, baizik prestaturikoak bideoa grabatu ahal izateko. Hala ere, irudiak oso interesgarriak dira alderdi antropologikotik aztertuta, bai gaiari dagozkion hainbat xehetasun ezagutzeko, bai herriari buruzkoak ere.
Zubiak, esate baterako; lekukotasun bat gehiago dugu lehertu zituzten momentuan zubi horiek nola zeuden jakiteko. Zeren eta horrelakoetan beti sortzen da eztabaida. Esate baterako, Erdi Arotik hona zubia dago Gurutze Santuaren parean. Iraganeko material grafikoari esker jakin dezakegu eraikin horiek izan duten bilakaera".
Marta Trutxuelo, Andoaingo Udal Artxiboa
"Filmazioak argazkiak ez duen beste gertutasun bat iradokitzen du"
Karmele Otaegi eta Marta Trutxuelo Andoaingo Udal Artxiboko zuzendaria eta langilea ondare grafikoa gordetzeko lan bikaina egiten ari dira. Dokumentuak sorrarazi zion inpresioaz galdetu diogu Trutxuelori: "Filmazioak aparteko kalitatea du, errestaurazio prozesu sakon bat egin dela dirudi, digitalizatu aurretik egindakoa. Momentuz, Andoain agertzen den lehen filmazioa dugu. Irudiak mugimenduan, soinurik gabekoak dira. Garai hartako Andoain ezagutzen genuen beste irudi batzuren bitartez, izan ere Udal Artxiboan garai haren aurretik egindako argazki zaharragoak gordetzen baititugu. Pertsonalki, hain irudi garbiak ikusteak harridura sortu zuen nigan. Izan ere filmazioak argazkiak ez duen beste gertutasun bat iradokitzen du. Eta kasu honetan, are gehiago, hain gogorra izan zen gure historiaren atal baten islada delako".
Xabier Lasa, memoria historikoan aditua
"Irudietan, Andoaingo herritarren kontrako basakerien eragile zuzenak dira protagonistak"
Hainbat libururen egilea da andoaindarra, eta bertako memoria historikoaren lanketa bere pasioetakoa da. "Egundoko zirrara eragiten dute mugimendua daukaten irudi horiek. Izan ere, orain arte, gertaera lazgarri haiek, errepresioaren biktimen eta beste zenbait herrikideren testigantzaren bitartez, edo argazki bakan batzuen bitartez irudikatu behar izan ditugu geure irudimenean. Eta egin esanda, daukaten balio historikoa ukatu gabe, tristura eta amorrua eragiten didate. Bertan, ageri baitira, Andoain abuztuaren 16an suz eta odolez okupatu zutenez geroztik bertako biztanlerian mina eta heriotza eragiten ari ziren hiltzaileak; harro-harro agertu ere, Donostia eta Gipuzkoa osoa jada hartu dutela jakin bezain pronto.
Irudietan, Andoaingo herritarren kontrako basakerien eragile zuzenak (Espainiako ejertzitoko soldaduak, karlistak, falangistak...) dira protagonistak. Penaz, horien ondoan ez dira ageri eragile intelektualak, herriko faxistak alegia. Hots, abuztuaren 16an Udalaren jabe egin zirenak, eta hortik aurrera, herrikideen izen-abizenak zerrenda beltzetan idatzi zituztenak, eta aurkari politikoekin egundoko “garbiketa” egin ostean hurrengo lau hamarkadetan ezinbesteko elementuak izan zirenak diktadura frankista herrian zorrotz aplikatzeko orduan".
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 668 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.