Euskaraldia 2025

Andoaingo Hamaikakoa, Euskaraldiari ekin aurretik

Aiurri 2025ko api. 16a, 07:44

Apirilaren 4an aurkeztu zen Plaza Morean Andoaingo Hamaikakoa.

Euskaraldiaren Batzordea martxan da Andoainen eta hamaikakoa aurkeztea izan da lehen ekitaldia.

Rocio Arias (E)

"Euskaraz bizitzeko ahalegin betean da gure lehen protagonista. Aiurri aldizkariaren banatzaileak hainbat ordu ematen ditu AEK euskaltegian".

Jimmy Brosa (U)

"Ubitarte futbol zelaian, kirol jardueran eta gizarte balioetan, trebatzen dira dozenaka haur eta gazte. Mendeurrena bete du Euskaldunak eta Jimmy Brosa presidentea dugu bigarren protagonista".

Marijo Irastorza (S)

"Eragile askori esker herri bizia da Andoain. Ostalari, dendari eta merkatarien alde lanean ari da Salkin elkartea. Urteotan, euskaraz bizitzeko ahalegin betean da Marijo Irastorza dinamizatzailea. Bejondeizula, Marijo".

Jaime Nieto (K)

"Taldeko kirol jardueren artean, iazko udaberrian, historia egin zuen Leizaran Ernio Inmobiliaria taldeak: Euskal Ligako sailkapena lortu zuten. Ibilbide oparoa egin duen taldekideetakoa da Jaime Nieto".

Arkaitz Amenabar (A)

"A, Andoain, Auzoak. Santakrutzekin ekingo diogu auzoetako jaien errondari. Iraila partean Sorabillako jaiak ospatzen dira eta jakin dugu Jai Batzordea biziberritzen ari dela. Gazte horien artean dira Arkaitz Amenabar eta lagunak. Jaien antolakuntzaren lekukoa hartzeko ekimena txalogarria da".

Sekina Samorie (R)

"Andoaindar hitzak "r" du amaieran. Askotariko andoaindarrez osaturik dago udalerria. Mundu osotik Andoainera, bizimodu hobe baten bila, hurbildu diren horietako bat dugu Sekina. Gure herria ulertzeko eta euskara barneratzeko ahalegina egin izana azpimarragarria da".

Itxaso Mendiluze (A)

"Arteak eta kultur jarduerak erreferentziazko gune dute Bastero Kulturgunean. Erakusketa-aretoan muntaia ederrak ikusi ditugu eta artisten lana erakusketa gelara egokitzeko ikuspegia Itxaso Mendiluzeri zor zaio. Arte garaikidea Andoainera ekarri duen erantzuleetakoa da, zalantzarik gabe".

IÒaki Irulegi (L)

Lan mundua euskaraz bizitzeko ekimena oso apala zen garaian, Latz kooperatibako langileak eredugarriak izan ziren. Euskararen aldeko ekimen ugaritan parte hartu zuten. Latz dagoeneko ez dago martxan baina bertako langileen ekimena ez dugu oharkabean igarotzea nahi. Gaurkoa izan dadila Latz kooperatiban lan egin zuten herrikide euskaltzaleen aldeko omenalditxoa. Haien ekimena ordezkatuko du,  IÒaki Irulegik".

Klaudia Alduntzin (D)

"Plaza Morean gaude eta ondoan dugun eraikinean hitzak bezain besteko garrantzia du doinuak. Udal Musika Eskolako kideen artean Klaudia Alduntzin lan ona egiten ari da, ikasleak trebatzen eta musika lau haizetara zabaltzen".

Garbiñe Agirre (I)

"Ibilbidea. Garbiñe Agirre jubilatu zen, baina erretiratu ez. Iaz, Leicaur aldizkarirako saiakera mardula aurkeztu zuen: Euskararen transmisioa Andoainen XX. Mendean. Hainbat emakume euskaldunen bizipenak eta ikuspuntuak. Egun, Andoaingo euskera, bihotzetik kalera! Manuel Larramendi Kultur Bazkunak aurrera daraman ekinaldi berrian murgilduta dabil.

Juanjo Elordi (A)

"A letrak joku handia eman digu: Andoain, auzoak, andoaindarrak, artea… Eta, nola ez, Axeri Dantza. Urteurren bikoitza ospatzen ari dira aurten: Axeri-Dantza parekidearen 25. urteurrena eta Axeri-Dantzaren berreskurapenaren 50. urteurrena. Hamaikakoaren hamaikagarrena Axerientzat da. Juanjo Elordik jasoko du hamaikagarren letra".

Hurrengo hitzordua maiatzaren 9an izango da, "Xaxa fest!" izenekoa. Gazte, nerabe eta familiei zuzendurikoa izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!