“Ez gaude ahaztuta” aldarrikatu dute, Joxe Ramon Ansaren hilketaren 46. urteurrenean

aiurri 2025ko mai. 4a, 14:48

Talde ultraeskuindarrek 1979ko Santa Krutz jaietan hil zuten Joxe Ramon Ansa Etxeberria gogoan hartu dute eguardian. Bere familiarrek eta lagunek “Ez gaude ahaztuta” aldarrikatu dute, espigoian egin den ekitaldian. Maiatzaren 6an, asteartearekin, Ansa gaztea hil zuten tokian -Xoxokako bidean- lore eskaintza egiteko deia luzatu dute. Argazki-sorta eta ekitaldiaren bideoa, hemen:

Nerea Etxezarreta txistulariak eta Unai Barrutia dantzariak aurreskua egin dute, eta Pablo Flores bonbo-jolea Jexux Ibañez akordeoi-jolea eta Javier Bueniki kaxa-jolea musikaz arduratu dira.

 

Eraso faxistek kolpatutako herria

Miren Ansa eta Jaxone Usandizaga ekitaldiaren aurkezleek Joxe Ramon Ansaren hilketarekin lotutako testuinguru historikoa egin dute, eta horretarako, 70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hasieran Andoainen izan ziren indarkeriazko zenbait gertakari gogorarazi zituzten. “Ultraeskuindarrek Andoain bereziki kolpatu zuten, herritarrengan gauetan kalera ateratzeko beldurra nagusitzeraino. Paisanozko guardia zibilek herritar bati tiro egin zioten belaunean, beste herritar bat kalean harrapatu eta galdeketa egin zioten kalean bertan; zenbait manifestazio baketsu ere indarka eraso zituzten. Bestalde, preso ohi baten etxea tirokatu egin zuten, familia batzuk heriotza mehatxuak jasateaz gain, euren negozioak erasotu ere egin zituzten (su eman, tirokatu, etab.). Autoak erre zizkieten zenbait herritarri. Baserri bat tirokatu eta belar metak erre zizkieten. Beste etxe bati molotov koktela jaurti zioten…”.

Eraso guzti horien artetik, mingarriena, Joxe Ramon Ansa Etxeberriaren erailketa maiatzaren 6an, izan zela gogorarazi zuten, “Santa Krutz jaietatik etxera zihoala, igande goizaldean”.

Halaber, ez dute ahaztu nahi izan handik ia bi urtera, 1981eko martxoaren 3an, erail zuten beste andoaindarra, Patxi Ansa Zinkunegi, Antzizu baserriko semea, alegia.

 

Mendiluze eta Sorozabalen bertsoak

Joxe Ramon Ansa Etxeberria gogoan hartzeko ekitaldi publikoak antolatu izan dira azken urtetan. Gaurko talde antolatzaileak 2023an hartu zuen gaztea urtero gogoratzeko konpromisua

Hain zuzen, urte batzuk lehenago, 2019an, Jokin Sorozabalek eta Aitor Mendiluzek Xoxokan abestu zituzten bertsoak hartu dituzte ahotan bertaratu direnek, gaurko ekitaldian (bosgarren bertsoa gehitu diote, herritar batek jarrita):

Jokin Sorozabal:

Egun triste hartan gelditu ginan

denok barruak nahastuta

hemen gertatu ziren gauz batzuk

izenik ere ez du-ta

baina oroimena ez daramagu

gorrotoakin puztuta

soinu askorik ez degu egin

baina ez gaude ahaztuta (bis)

 

Aitor Mendiluze:

Oso gaztea nintzen artean

halere honen testigu

gure herrian alde denetan

latzak gertatu zaizkigu

baina gogoan jasotzen denak

gero balio hori du

aurrera egiten jakin izanak

asko erakusten digu (bis)

 

Jokin Sorozabal:

Berdintsua da denen mina ta

berdintsua denen pena

berdin-berdina batzuek eta

besteek sufritzen dutena

eta biktima izendatzeko

ez begiratu izena

askorentzako deus gutxi zera

baina guretzako dena (bis)

 

Aitor Mendiluze:

Joxe Ramonen oroitarria,

beste askoren hobia

zuri beltzetan zipriztinduta

idatzi den historia

gaur egun hori ezin da utzi

ahazturan eroria

datozenentzat altxor bat bada

gertatuen memoria (bis)

 

Herri baten ekarpena:

Langile umil eta jatorra

Joxe Ramon gaztea

Santakutzetan lagun girotik

etxeko bidean lotara

hiltzaile haiek segatu zuten

bizitzen hasia zena

urteak pasatu dira baina

inor ez gaude ahaztuta (bis)

 

Gandiagaren poesia

Bitoriano Gandiaga poetaren poesia-pasarte bat irakurri dute ekitaldian:

Arbola bat nintzen.

Lur honetan bizi nintzen.

Sustraiak lur honetan barneratuak nituen.

 

Lur honek berea eman zidan, hor daukana, muinean daukana, lurpean hondua.

Horretatik bizi izan nintzen.

Hori da izerdian nuen elikagaia.

 

Adarrak gora igo zitzaizkidan.

Nire itxaropena, eta etorkizuna, eta ilusioa gorantz loratzen ziren.

Parean nuen zerua nirea zen.

 

Eta itxaropena ematen zidan zeru horretatik bizi nintzen.

Oxigenoa ematen zidan aire horretatik.

 

Arbola nintzen.

Ez ahaztu hori nintzela, arbola.

 

Eta orduan esaten dudana da zer gertatu zitzaion arbola honi. Hara:

 

Arbola honi lurra ukatu zitzaion.

Airea ukatu zitzaion.

Zerua ukatu zitzaion.

Hil egin zuten.

 

Hori da dena.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!