Euskaraldia 2025

Dozenaka lagun elkartu zen Xaxafest jaialdian, Euskaraldia abiatzear denean

Aiurri 2025ko mai. 10a, 08:30

Bart egin da Andoainen Euskaraldiaren lehen ekitaldi handia, haur eta gazteei bereziki zuzendua.

Haurrak, gaztetxoak eta familiak. Horiexek izan ziren, nagusiki, Ondarreta Herri Eskolako jolastoki estalia berenagatu zutenak. Andoaingo batzordeak egitarau oparoa iragarri zuen eta, euriak baldintzatu bazuen ere, bere osotasunean egin ahal izan zen.

Gazte Lokaleko kideei esker, lehen orduan margotzeko eta jolasteko aukera izan zen. Gutxira, Urnietatik hurbildu ziren Egapeko bi taldetxok emanaldia egin zuten. Korrikaren edota Euskaraldiaren kantuak oinarri hartuta, tradizioa eta berritasuna uztartzen duten koreografiak landu zituzten. Txalo zaparrada jaso zuten dantza saio bakoitzaren amaieran.

Atsedenerako tarterik ez zen izan, Asier Burguete eta lagunen Zirku Kalejira abiatu baitzen segidan. Kalejira du izena ikuskizunak baina, azkenerako, jolastokian egin zuten saio osoa. Ohi bezala, parte-hartzailea eta umorez beterikoa izan zen. Haur askok arreta bereziz jaso zuen ekitaldia.

Magoen eta malabaristen tartea amaituta, bokata-afariari hasiera eman zioten. Dozenaka txartel saldu zituzten antolatzaileek eta, horiez gain, beste hainbat familia bertaratu ziren afaltzera. Gaua hurbiltzen ari zen, eta harekin batera euskal kantu ezagunekin gozatzeko parada. Arrixku taldekoek kantatzen eta dantzatzen jarri zuten ikuslegoa. Gehien gozatu zutenak, ziurrenik, xaxatzaileen gurasoak izan ziren. Gaueko 22:30ak zirenean amaitu zen festa.

Gutxi falta da Euskaraldia abiatzeko. Atzokoan, dagoeneko, txapa paparrean jantzita zegoen bat baino gehiago. Izena emateko eta txapa jasotzeko postua bertan zegoen eta ez ziren gutxi izan bertara hurbildu zirenak. Larunbat goizez zabalik da Zumea kaleko lokala, izena emateko edo txapa jasotzeko.

Euskaraldia abiatzear da Euskal Herrian, eta Andoainen dagoeneko giro horretan murgilduta daude euskaltzaleak. Xaxafest jaiak, nola ez, xaxatuta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!