Euskaraldia 2025

“Emanaldian konplizitatea sortzen da ikuslegoarekin”

Aiurri 2025ko mai. 14a, 09:37

Don Inorrez eta Metrokoadroka taldeek Aztia proiektua sortu dute. Proiektuaren lehen emaitza izen bereko diskoa izan da, bigarrena zuzeneko emanaldia. Oholtza gainean umorea eta kontzertu giroa izango dira nagusi, musika, antzerki bakarrizketa eta butoh dantza uztartuta.

Ostiral honetan, 19:30ean hasita, Bastero Kulturgunean ariko dira. Kultura Sailak antolatu du eta Euskaraldiaren egitarauaren baitan txertatu dute.

Aztia disko batetik abiatutako ikuskizuna da. Eta horren bidetik liburua ere bidean da. Azalduko zeniguke zer diren bata zein bestea?
Aztia, lehenik eta behin, disko bat da. Don Inorrezen bulkada bati erantzunez sortu dugun lana da. Gero etorri da emanaldia eta, antzerkilariak garenez, guretzat diskoa oinarri garrantzitsua da. Baina, lehenik eta behin, disko bat izan zen; taldearentzat berariaz idatzitakoa antzerki bakarrizketa batean oinarrituta. Aztitza, berriz, azken garaietan eta azken urteetan –batez ere, Mister Señora idatzi nuenetik– idatzitako hainbat testuen konpilazioa da. Hamaika idazlan dira guztira, tartean, liburua zabaltzen duen Aztia izenekoa.

Bulkada hitza aipatu duzu elkarrizketaren hasieran. Bulkada batekin hasitakoa oholtzaraino eraman duzue.
Bulkadarena, akaso, Imanol Ubedak azaldu beharko luke nik baino hobeto. Nirekin harremanetan jarri zen Don Inorrez proiektuarentzat nahi zuela disko berri bat egin, ez zuen oso argi zein norabide hartu, zer kontatu eta nola. Berak proposatu zidan diskorako zeozer idaztea. Nik esan nion, letragintzan egin izan ditudala lanak, baina errespetu handia diodala letragintzari eta normalean kosta egiten zaidala. Bai, bera ari zen hain justu Mister Señora irakurtzen eta aipatu zidan liburuko pasarte batzuk oso musikagarriak iruditzen zitzaizkiola. Orduan esan nion, agian, idatz nezakeela antzerki bakarrizketa bat ideia horretatik abiatuta eta ea hortik kantuak ateratzeko gai izan zitezkeen. Eta horrela abiatu genuen prozesua. Idatzi nuen letrez, hitzez betetako paisaia oso zabal bat Aztia izena hartu zuena. Eta berak hortik kantak atera zituen. Niretzat izan zen zerbait magikoa ikustea nola halako ideia zabal batetik hasi ziren sortzen beste gauza batzuk. 

Liburuaren pieza ezberdinetan begirada zorrotz, kritiko eta autokritiko bat antzeman dute liburuaren editoreek. Aztian osagai horiek agerikoak dira.
Bai. Nire idazteko moduan, tonu aldetik denetik dagoen arren, umore asko dago. Eta umorea sekulako tresna da nire kezkei eta kezka sozialei buruz hitz egiteko. Iruditzen zait, batzuetan, umoreak zenbait gai lantzeko zubiak eraikitzen dituela. Umoreak gerturatzen zaitu pertsonengana, entzuleengana, irakurleengana. Eta ez da erraza izaten, iruditzen zait batzuetan umorea apur bat mesfidantzaz begiratzen dugula, hutsala izango balitz bezala edo gai batzuei garrantzia kenduko balie bezala baina nik uste dut batzuetan kontrakoa dela. Begirada zabaltzea ahalbidetzen du jendartean dauden kezkak lantzeko. Elementu horri asko erreparatzen diot. Bufoiak bere burua jartzen du erdigunean. Badaki makilkadak jasoko dituela eta bere buruaz barre egiten du, hasteko eta behin. Bufoiarena ez da bakarrik teknika bat, jarrera bat baizik. Oso gustuko dut hori. Landu izan dugu, fisikoki, badelako antzerki teknika bat, baina bada filosofia bat ere. 
Zentzu horretan, autokritiko izatea ezinbestekoa iruditzen zait kritikoa izatera iritsi ahal izateko. 

Aztia ikuskizunaz ezin gehiegi aurreratu. Onena Andoaingo saiora bertaratzea da.
Emanaldi berezi samarra da, ez da erraza azaltzen. Musika, antzerkia, bakarrizketa... emanaldi hibridoa da eta konplizitatea sortzen da ikuslegoarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!