Euskaraldia 2025

Kulturaren bidetik, euskaraz

Aiurri 2025ko mai. 16a, 12:00

Kanturako tradizioa errotuta dago Andoainen eta Urnietan, bereziki, kantu-taldeei esker. Ostegun honetan, Plaza Moretik abiatuta, kantuz ekingo diote Euskaraldiari. Arratsaldeko 19:00tan hasiko da emanaldia.

Eta hurrengo egunetarako jarduera gehiago iragarri dituzte. Izan ere, kultura bada euskarara hurbiltzeko tresna eraginkorra bezain indartsua.

Maiatzak 16, ostirala. 19:30.
"Aztia", Bastero Kulturgunea

Don Inorrez eta Metrokoadroka taldeek Aztia proiektua sortu dute. Proiektuaren lehen emaitza izen bereko diskoa izan da, bigarrena zuzeneko emanaldia. Oholtza gainean umorea eta kontzertu giroa izango dira nagusi, musika, antzerki bakarrizketa eta butoh dantza uztartuta.

Maiatzak 17, larunbata. 14:00.
Bertso bazkaria, Batzokia

Aitor Mendiluze eta Agin Laburu, biak ala biak, aurkezpenik behar ez duten bertsolariak. Bazkalostea girotzeko saio bikaina egingo dutela zalantzarik ez da.

Maiatzak 17, larunbata. 19:00.
Kontzertua, Irunberri

IÒaki Gozalo "Wentxi", Esti Mujika, Jon Huizi, Larraitz Arriola eta Axi Aranburu eskarmentu handiko musikariak dira eta Aiduru talde berria sortu dute. Ikusmin handia piztu du hitzorduak.

Maiatzak 23, ostirala. 18:00.
Mintzodromoa, Plaza Morea

Mintzodromoa euskaldunen artean elkar ezagutzeko dinamika berezia da. Euskaraz hitz egiteko aukera bat gehiago eskaintzen du eta, era berean,  euskaldunen arteko harreman berriak sortu, sendotu eta  saretzen dira. Mintzodromo hitzaren bidez mintzatzeko gunea eta unea adierazi nahi da. Andoaingo AEK-k antolatu du Euskaraldiaren barnean antolaturiko mintzodromoa.

Maiatzak 23, ostirala. 19:30.
Antzezlana, Bastero

Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreen "Arizona" antzezlanak ikusmin handia piztu du, han eta hemen antzoki guztietako sarrerak agortzen ari baitira. Mugak defendatu behar dituzten bi herritarren rolean ageri dira bi aktoreak. Eta, muinean, gaur gaurko errealitate gordina. Sinopsian ageri denez, "Juan Carlos Rubioren testuak mugei, migrazioari, giza ergelkeriari eta manipulazioaren mugei buruzko gogoeta egiten du, bizitzaren basamortuan galdutako bi gizakiren arimaren erretratu tragikomikoa izateaz gain".

Euskaraldiak, datozen egunotan, kulturaren bidea hartuko du Andoainen. Aukera zabala, beraz, euskaraz abesteko, barre egiteko eta hausnartzeko. Finean, euskaraz bizitzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!