Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien aurtengo deialdia egin dute

Aiurri 2025ko mai. 20a, 17:37

Bi arlotan banatuko da saria, azken urtetan legez: “Kazetaritza Saria” eta "Komunikazio Saria”. Saridun izateko hautagaitzak irailaren 19ra bitartean aurkez daitezke, eta azaroaren 26an emango dituzte ezagutzera irabazleak, Basteron egingo den ekitaldian. Arregik bidelagun izan zuen Gabriel Aresti gogoan hartu dute bereziki gaur egin duten deialdiaren aurkezpenean. Agerraldia, bideoz ikusgai: 

Marta Lasa kultura zinegotziak, Josune Irabien Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Euskara Sustatzeko zuzendariak eta Mikel Arregi Aranburuk aurkeztu dituzte Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak. Arregi Ormazabal familiaren Eguzki Alde etxean egin dute agerraldia.

Aurkeztu ahal izango diren lanek 2024ko irailaren 16tik 2025eko irailaren 15era arteko tartean egin edo garatutakoak beharko dute izan. Horrela, Kazetaritza sariari dagokionez, egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren kazetaritza-lanek izango dute saria eskuratzeko aukera, 9.000 eurokoa izanik saria. Komunikazio sariaren kasuan, berriz, euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailetzat jotzen diren ekimenak aurkeztu ahal izango dira.

9.000 eurokoak dira sariak, eta Xabier Laka eskultoreak egindako irudi artistikoa jasoko dute sarituek.

Sarien oinarriak, rikardoarregikazetaritzasaria.eus web orrian.

 

Euskarazko kazetaritzarako sari erreferentziala

Josune Irabienek adierazi du “euskarazko kazetaritza osorako erreferente bilakatu” dela saria eta baita “horren baitan lantzen den edukia”.

Euskal kazetaritzak atzo bezalaxe gaur ere, bultzada behar duela azpimarratu du, “Rikardo Arregi aitzindaria izan zen eta bere lanek euskarazko kazetaritzaren profesionalizazioa eta modernizazioa bultzatu zuten. Garai hartan ikusten zuen sektoreak, gaur egun bezalaxe, bultzada behar zuela. Izan ere, gizarteak etengabeko informazioa behar du eta kazetaritza lanak ezinbestekoa da. Are gehiago sari honek euskara kalitatea ere saritu nahi du”.

Euskararen normalizazioan eta euskarazko komunikazioaren sustapenean Jaurlaritzak duen konpromisoa agerian utzi nahi izan du Irabienek, “horretarako, gonbidapena luzatzen diegu euskarazko kazetaritza eta komunikazioan diharduten guztiei, beren lanak aurkeztera eta euskarazko komunikazioaren etorkizuna elkarrekin eraikitzera”.

Azkenik, aitortu du Jaurlaritza “gustura” aritu dela Andoaingo Udalarekin elkarlanean aurreko edizioetan, eta “honetan ere horrela izango da”.

 

Gabriel Arestiri gorazarre

Marta Lasak adierazi duenez, Gabriel Aresti ekarri nahi dute gogora, idazlearen heriotzaren 50. urteurrenaren harira, aurtengo sarietan. “Rikardo eta Gabriel lotu nahi ditugu, elkarren artean harreman handia izan baitzuten, harreman pertsonal sakona baina, batez ere, garaian suspertu beharreko euskalgintza eta kulturgintzako lanetan harreman ezinbestekoa”.

Harreman sakon horren adierazgarritza jo du Gabriel Arestik Rikardori eskaini zion "Auhenaren sentimendua" izeneko olerkia, andoaindarraren hileta elizkizunean, San Martin parrokian, Arestik berak irakurri zuena, 1969ko uztailean.

“Euskal Herriak 60ko hamarkadako susperraldian izan zituen kultura eragile nagusietako biri” gorazarre egin nahi zaiela Arregiren izena daramaten sarien 37. edizioan, esan du, segidan, Lasak. “Izan ere, lankidetza hori, elkartasun hori estua izan baitzen, Arestik Bizkaitik eta Arregik Gipuzkoatik kulturgintza eta euskalgintza modernizatzeko ahaleginean gogo bakarra adierazi baitzuten, nork bere ñabardurekin, eta gogokidetasuna handia izan baitzen bien artean”.

 

Mikel Arregik, anaia gogoan

Mikel Arregi esker oneko agertu da anaiaren oroitzapenari eusten dioten ekimen ororekin, eta bereziki, 37 urte bete dituen sariarekin. Eta Aresti hartu du ahotan ondoren: “Guretzat ere aurten oso berezia gertatzen da Gabriel Arestiren heriotzaren 50. urteurrenarekin gogoratzea, Rikardoren heriotzaren unerik ilunenetan Gabriel gure artean izan baitzen eta bere poema aski ezaguna, "Auhenaren sentimendua" izenburukoa, Rikardoren hileta elizkizunean eman zigun ezagutzera, bertan ginen guztiok hunkituz. Une haiek ahaztezinak dira. Harreman handia izan zuten Rikardok eta Gabrielek; egin kontu Rikardo hil zen egunean Bilborantz zihoala Ramon Saizarbitoriarekin batera, zer eta Gabriel Arestiri erostera Txillardegiren Elsa Scheelen liburuaren edizioa, Arestik egindakoa, sortze bidean zuten Lur argitaletxearen lehen liburu gisa banatzeko. Ba al dakizue nola ordaindu behar zioten edizioa? Kotxe batez; hain zuzen ere, Bilborantz zeramatzan Seat 850 Arestiren esku utziz. Kotxe horretan izan zuten Mendaron auto istripua”.

 

"Auhenaren sentimendua" poema

Grabatuta geratu zen Gabriel Arestik San Martin parrokian hileta elizkizunean egin zuen “Auhenaren sentimendua” poema errezitaldia. Joseba Agirre Zugasti zena izan zen grabazioaren egilea, kasete batean.

Ia mende erdia pasa eta gero, 2017ko irailean, bere etxean egin zuten aurkikuntza. Agirre-Azpiazu familiaren zaintzapean egon zen audioa hamarkadetan, eta Gara egunkariak kaleratu zuen. Hemen, entzungai.

Hileta izan zenetik gutxira, Gabriel Arestik Harrizko Herri Hau (Kriselu-Lur, 1970) liburuan argitaratu zuen poema.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!