Euskaraldia 2025

"Arizona" antzezlana, ostiral honetan Bastero Kulturgunean

Aiurri 2025ko mai. 23a, 08:50

Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreek ikuskizun berriena dakarte Andoainera.

Antzerkizaleak ostirala ailegatzeko irrikaz dira, bogako bikotea iristear delako. Aspaldikoa da Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreen arteko kimika eta hori antzezlan bakoitzean islatzen ari dira. Ostiral honetan, 19:30ean hasita, "Arizona" antzeztuko dute Bastero Kulturguneko auditorioan.

Euskaraldiaren egitarauan txertatu dute funtzioa Andoaingo Udaleko programatzaileek. “Muga gai unibertsala da. Antzezlanean kontatzen dena ez da bakarrik Arizonan gertatzen eta mugen gainean denok ere hausnarketa egin beharko genukeela uste dut”, zioen Jon Plazaolak antzezlanaren aurkezpenean. George eta Margaret senar-emaztearen rolean murgildu dira Garmendia eta Plazaola. Antzezlanean, Arizonako muga zaintzera joan dira biak, Mexikotik inor sar ez dadin. “Magaretek bi aurpegi ditu. Menpekotasun handia du senarrarekiko, baina galdera asko egiten dizkio bere buruari? Georgek baino hausnarketa gehiago egiten ditu”, zioen Aitziber Garmendiak. Eta Plazaolak, berriz, horrela deskribatzen zuen bere rola: "George primarioa da, ia-ia, mezu populisten diana da. Baina badu, ezkutuan, alde iluna”. Umorez beteriko antzezlana da "Arizona", kutsu sozial nabarmenarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!