Palestinaren aldeko mozioa onetsi du Udalak

Aiurri 2025ko mai. 30a, 13:27

Palestinaren gaineko mozioa bozkatzeko unean, atzo

Palestinako herritarrak jasaten ari diren tragedia gaitzat hartuta PSE-EEk eta EAJ-PNVk aurkeztutako mozioa onartu zuen Udalak atzo egindako udalbatzan; EH Bilduk bat egin zuen mozioarekin. Bestalde, eztabaida biziko zenbait une bizitu izan ziren udalbatzan, hainbat gai zirela medio.

Udalbatzak aztertu zituen gaien artean, azpimarratzekoa ere bada Axeri Dantzaren alde onetsi zuen adierazpen instituzionala (onarpenaren gaineko kronika eta bideoa, hemen).

 

Palestinaren aldeko bi mozio

Maider Lainezek (PSE-EE) eta Txitxu Ruizek (EAJ-PNV) irakurri zuten 10 puntuz osatutako mozioa. EH Bilduk ere bat egin zuen mozioarekin, nahiz eta Larraitz Arriola zinegotziak adierazi aukera galdu zela idatzi bateratua adosteko, eta horrekin “genozidioa irmoki salatzeko eta erakunde desberdinei ekintza politikoen bidetik neurri eraginkorrak har ditzaten eskatzeko”. Bere ustetan, “alderdien interesak lehenetsi” diren arren, Palestinako herritarrek bizi duten tragediak oraintxe ez duela desadostasunik eskatzen baizik eta urgentziazko erantzuna, eta horrexegatik, bere alderdiak bat egingo zuela mozioarekin iragarri zuen.

Era horretan, Elkarrekin Podemosek aurkeztu zuen 8 puntuko mozio alternatiboak, bere zinegotzi den Pepe Iparragirreren botoa jaso zuen soilik. Bigarren mozio horrek, funtsean, Israelen aurkako neurri gogorragoak eskatzen zituen, horien artean, harreman diplomatiko eta komertzialak hausteko eskaera egitea erakunde publiko guztiei.

Honatx hiru alderdiek honetsi zuten Palestinako egoerari buruzko mozioa, osorik:

“Israelek Gazan egindako operazio militarretan, Hamasek 2023ko urriaren 7an egindako eraso izugarrien ondoren hasi zirenak, eraso horiek gerra krimenak dira, eta erakundeak 1.250 pertsona baino gehiago hil eta 250 baino gehiago bahitu zituen. Operazio horietan, Israelek ekintza ugari jarri ditu abian, palestinarrei kalte konponezina eragiteko.

Urtebete baino gehiago da mundua Gazako Zerrenda okupatuaren heriotza eta suntsipen maila pentsaezinaren lekuko dela. Israelek Gazako palestinarren aurka egindako eraso bortitzak dozenaka mila pertsona hil ditu, familia osoak desagerraraziz, bizitegi-auzoak suntsitu ditu, azpiegitura kritikoak suntsitu ditu eta 1,9 milioi palestinar lekualdatu (Gazako Zerrendako biztanleriaren % 90 baino gehiago), aurrekaririk gabeko hondamendi humanitarioa eraginez. Are gehiago larriagotuz, NBEk ohartarazi du 14.000 umek desnutrizio larria dutela Zerrendan.

Mundua begira dagoen bitartean, lsraelek alde bakarretik hautsi du su-etena, eta eraso gupidagabeak egiten jarraitzen du zigorgabetasunez, palestinarren bizitzak etengabe galduz, Gazako hondamendi humanitarioak okerrera egiten jarraitzen duen bitartean.

Andoaingo Udalak Andoaingo gizarteak, duela urtebetetik oihuka eskatzen duena eskatzen du:

1. Hamasek 2023ko urriaren 7an egindako eraso bortitza gaitzestea.

2. Gazako biztanleria zibil palestinarraren aurka egindako genozidioa irmo eta ñabardurarik gabe gaitzestea.

3. Berehalako su-eten iraunkorra, indar militarrak lurralde okupatuetatik erretiratzea eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa, nazioarteko ebazpenak eta giza eskubideak erabat errespetatzea. erabat errespetatzea eskatze.

4. Gertakarien larritasunaren aurrean jarduteko eta Israelekin duen akordio komertzial eta politikoa berrikusteko eskatzen diogu EBri.

5. Gazako Zerrendan laguntza humanitarioa sartzeko bide seguruak berma ditzatela, lurralde horren kontrako legez kanpoko blokeoa kentzea eta Palestinako Lurralde Okupatuaren okupazioa amaitzea, 2024ko uztaileko Nazioarteko Justizia Gortearen iritzi aholku emailea praktikan jarriz, zeinek Israelek Gaza eta Zisjordania ekialdeko (Jerusalem barne), legez kanpokotzat jotzen zituen.

6. Europar Batasunak bere eragina eta boterea giza eskubideen, justiziaren eta kontuak ematearen alde erabiltzea. Zehazki, Genevako Hitzarmenak errespetatzen direla bermatzea. Hitzarmen horiek, gutxienez, eskatzen dute estatu guztiek eten ditzatela gatazkan parte hartzen duten aldeei egiten zaizkien arma transferentziak, nazioarteko zuzenbidea urratzeagatik kontuak ematea bermatzeko lankidetzan aritzea eta nazioarteko erakundeei eta mekanismoei laguntzea eskatzen dute, Nazioarteko Zigor Gorteak eta NBEren Ikerketa Batzordeak Palestinako Lurralde Okupatuari buruz egindako ikerketak barne.

7. Europar Batasunak Gazan presentzia militar iraunkorra ezartzeko, mugak aldatzeko edo palestinarrak Gaza edo Zisjordaniatik kanporatzeko edozein ahaleginen aurka agertzea, eta nahitaezko lekualdaketa hori Genevako Laugarren Hitzarmenaren urraketa larria dela eta gerrako krimena dela onartzea.

8. Andoaingo udaletik, Ekialde Hurbileko Palestinako errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziaren (UNRWA) premiazko eta beharrezko lana babesten dugu, larrialdi humanitarioko arrazoietan oinarrituta.

9. Andoaingo herriak elkartasun aktiboa adieraztea Palestinako herriarekiko eta munduko gerren eta indarkeria militaristaren biktima guztiekiko.

10. Akordio honen berri ematea Gobernuko Presidentetzari, Kanpo Arazoetako Ministerioari, Europako Parlamentuari, Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziari (UNRWA) eta gizarte eta giza eskubideen aldeko erakundeei”.

 

Oposizioaren kargu hartzeak gobernu-taldeari

Gai-zerrendako mozioak jorratu ondorengo galde-erreguen tartean, PSE-EE eta EAJ-PNVko bozemaileek kargu hartze ugari egin zizkioten gobernu taldeari. Gizarte zerbitzuen lan-sailean hartutako erabaki batek piztu zuen eztabaidarik sutsuena. Hain zuzen, PSE-EEk egunotan zenbait komunikabideei igorri dien oharrean (Aiurrik ez du jaso ohar hori) salatzen duenez, lan-sail horretako teknikarien irizpideei so eginez eta agindu politikoaren eskutik, udalaren jabetzeko etxebizitza bat aldi baterako esleitu da. Atzoko udalbatzan PSE-EEko Aritz Alkainek adierazi zuen larrialdi egoeran familia ugari dagoela Andoainen, eta onartezina dela teknikarien irizpideen gainetik hartzea halako erabakia. Erantzukizunak eskatu zizkion udal-gobernuari horrexegatik. EAJ-PNVko Imanol Goenaga ere kritiko agertu zen eman den prozedurarekin.

Elkarrekin Podemoseko Pepe Iparragirrek adierazi zuen bere iritziz udal-gobernuak zuzen jokatu duela kasu honetan, kontuan hartuta oso egoera larrian dagoela etxebizitza esleitu zaion pertsona. Andoni Alvarez alkateak, ere berretsi zuen muturreko egoera izan dela erabakiorra erabakia hartzeko orduan, eta salbuespentzat jo zuen. Eta gehitu zuenez, pertsona hori babesteko eta datu babeserako legea betez, ezin zuela detaile gehiagorik eman; nolanahi ere, ziurtatu zuen aldi baterako eta Aldundiaren eta Udalaren baliabideen jarraipenarekin egin zaiola esleipena.

Galde-erreguen tartean mahairatu ziren beste zenbait gairen artean, Aritz Alkainek salatu zuen Andoaingo udaleko etxebizitzaren mahaiak ez duela funtzionatzen eta ez dela lortu eremu tentsionatua izateko izendapena batez ere, eta beraz, izendapen hori lortu duten ondoko herrietan (Lasarte-Oria, Hernani...) ez bezala, Andoainen etxebizitzen merkatuak jarraituko dituela arautzen alokairuen salneurriak. Garazi Usandizaga hirigintza zinegotziak erantzun zion etxebizitzaren problematika lehentasuntzat jotzen duela udal-gobernuak eta azken aldian gertatu den udal arkitektoaren aldaketak eragin duela izendatua ez izana.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!