Lehiaketan parte hartu duten laburmetrai guztiak helbide honetan ikus litezke.
“Andoain Laburrean”, 16-28 urte bitarteko gazte ez-profesionalei begirako lehiaketa da, eta Andoaingo gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta sormena bultzatzeko helburuarekin antolatzen dute Udaleko Euskara zerbitzuak eta ESCIVI Zine eta bideo eskolak elkarlanean.
Lanak aurkezteko orduan, lehiaketak ezinbesteko baldintza du bideoek hizkuntz edukiren bat izatekotan (ahotsa, musika, kartelak, elementu grafikoak…), honek euskarazkoa izan behar duela nahitaez. Aurten, gaia librea ipini dute; ezarri den baldintza bakarra leiho bat azaltzea izan da, “izan zeharka, izan istorioaren elementu garrantzitsu gisa”.
Hiru lan sarituak
Honako hiru sari banatu zituzten, Ainhoa Aiertza ESCIVI eskolako irakasleak aurkeztu zuen ekitaldian, Basteron:
* 1. Saria:
Zeruko iragana. Animaziozko Film laburra. Egileak: Ane Chanca, Mireia Cuñado eta Iakes Fuentes.
500 euroko saria.
* 2. Saria:
Barruko dardara. Egileak: Maider Arruti, Oihane Otarzabal, Sam Gonzalez eta Nagore Eceiza.
300 euroko saria.
* Ikuslearen saria:
Bizi lapurtuak. Covidak eragindako biktimen gainean. Egileak: Xabat Minguez eta Ander Oyarzabal.
150 euroko saria.
Xabat Minguezen aitak (Xabier Minguez) eta arrebak (Nora Minguez) aktore lanak egin dituzte bertan.
Uxue Botas eta Komando Marmitako
Uxue Botas zinegile andoaindarra eta Komando Marmitako laburmetraia izan dira aurtengo edizioko gonbidatu bereziak.
Botasek Ane Nafarreterekin elkalanean errodatu duen komedia laburra proiektatu zuten, eta ikusleek Botasekin zein Kristina Zoritasekin (biak lehiaketako epaimahaikideak) solasaldia egiteko aukera eduki zuten Basteron.
Aiurrik Uxue Botasi 2024ko urrian egindako elkarrizketa, hemen irakurgai.