Ikasleek udal ordezkariei hiri jasangarritasunean hobetzeko neurriak proposatu dizkiete

Aiurri 2025ko eka. 5a, 14:28

La Salle Berrozpe ikastetxeko, Aita Larramendi ikastolako eta Ondarreta Herri Eskolako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek hiri jasangarriaren aldeko neurri zehatzak proposatu dizkiete udal ordezkariei, Andoaingo Eskolako Agenda 2030 programaren eskutik. Udaletxean egin dute Udal Foroa, gaur eguerdian.

Ikasleek ikasturtean zehar 11. Garapen Jasangarriko Helburua (Hiri eta komunitate jasangarriak) jorratu dute, eta hori oinarri izanda udalerrian egin duten diagnostikoaren ondorioak eta hobekuntza proposamenak aurkeztu dizkiete alkateari zein gainontzeko udal ordezkariei.

 

Diagnostikotik, ondorioetara

Ikasleek bi proposamen mota azaldu dizkiete udal ordezkariei: batetik, Udalaren eskumenekoak diren neurriak, eta bestetik, ikasleek eta herritarrek haien eguneroko bizitzan garatu ditzaketen ekintzak. Ikasturteko lanketan egindako diagnostikotik, hona azaldu dituzten zenbait ondorio (Andoaingo jomugan hartzen dute horietako batzuk):

- "Herriko hainbat gure irisgarriak ez dira oraindik eta oztopo fisikoek zailtasunak sortzen dituzte”.

- "Itsuentzat eta gorrentzat ez dago behar adinako egokitzapenik (seinaleak, semaforoak...)”.

- "Bastero kulturgunean eta liburutegian hainbat hobekuntza behar dira (ateak, igogailuak, seinaleak...)”.

- "Gazte gehienok egunero eta ordu asko ematen dugu sare sozialetan, eta konturatzen gara horrek eragin negatiboak dituela”.

- "Teknologiaren erabilera ez da berez txarra, baina kontrolik gabe eta modu desegokian erabiltzen bada, arazoak sortzen dira”.

- "Gazteok protagonismo handiagoa izan beharko genuke herrko erabakietan eta ekintzetan parte hartzeko”.

 

Proposamen-sorta

Gaurko udal forora proposamen-sorta ere ekarri dute udal agintariei aurkezteko. Hona zenbaitzuk:

- “Aisialdirako estalitako espazioak eta gazteentzako lokal gehiago sortzea”.

- "Deskonexioan oinarritutako ekintzak antolatzea: pantailarik gabeko jarduerak, tailerrak eta zibersegurtasun ikastaroak”.

- "Kiroldegia berritzea eta zerbitzua zabaltzea, entrenatzeko leku gehiago eta beste solairu bat egitea”.

- "Birziklapen programa hobetu eta ingurumenarekin lotutako gune gehiago sortu”.

Proposamenen atalean, aldi berean, ikasleek eurek aurrera eramateko modukoak ere azaldu dituzte. Hona zenbaitzuk:

- “Gure kezka eta proposamenak Udalari helarazi, talde lanean jardunez eta ikasleen ahotsa udaleko ekintzetan entzunaraziz, eskutitz, aurkezpen eta bileraren bidez”.

- "Prozesu parte-hartzaileetan parte hartu, adibidez, aisialdi eskaintzaren inguruan”.

- "Gazteek txikiagoei sare sozialen arriskuez hitz egiteko ekintzak antolatu”.

Kudeaketa, heziketa eta komunikazio arloko zerbitzuak eskaintzen dituen Arazi enpresako Eneko Salaberria teknikariak bideratu du udaletxean egin duten batzarra.

 

“Esku-hartze Plana”

Bestalde, 2025-2026 ikasturtean Udalak eta hiru ikastetxe parte-hartzaileek “Esku-hartze Plana” abiatuko dute, gaurko ekitaldian aurkeztu dituzten proposamenetako batzuk praktikara eramateko asmoz.

Helburu nagusia gazteen parte-hartze aktiboa bultzatzea izango da, jasangarritasunerako trantsizioan urrats eraginkorrak emanez herri mailan. Eskolako Agenda 2030 programak Andoaingo hezkuntza komunitatea eta Udalaren arteko lankidetza indartu eta gazteak herriaren etorkizuna eraikitzeko ezinbesteko eragile gisa kokatzen ditu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!