Mirari Etxeberria Andoainen 1998an jaio zen, eta Iruñean bizi da azken urteetan.
Hain zuzen, Iruñean egin zituen biolinaren goi ikasketak, eta Amsterdamen orkestra zuzendaritzako ikasketak. 2017an, 20 urte zituela, Iruñeko Gazte Orkestra (JOP) sortu zuen.
Nafarroako musikari gazteek osatzen duten orkestra autogestionatua da geroztik. Urtez urte hazten joan den egitasmoa izan da, eta egun, 65 musikari ditu orkestrak; goi mailako musika ikasleak dira denak ere, interpretazioaren edo pedagogia eta musikologiaren arloetan. Orkestraren web orrian bere filosofia laburbilduta irakurri daiteke: “esfortzua, dedikazioa, pentsamendu kolektiboa eta berdintasuna bezalako baloreekin lan egiten dugu; musikari gazteei beraien ideia propioak aurkezteko espazio bat emanez”.
Esan daiteke Mirari Etxeberriari etxetik datorkiola musikarako zaletasun bizia. Izan ere, ama du Junkal Guerrero Langara musika konposatzaile, irakasle eta zuzendaria.
Musika klasikoa jomugan
Musika klasikoa da barruak mugitzen dizkion pasioa, eta bere egundoko ahaleginak bideratzen ditu musikari gazteak eta musika zaleak musika genero horretara erakartzeko.
Iruñerriko Euskalerria Irratian, Metropoli forala saioan egin zioten elkarrizketan, garbi mintzatu zen egitasmo pertsonal horren gainean: "Mito bat da gazteok musika klasikoa ez dugula maite". Elkarrizketa entzungai, hemen.