San Juan jaietako musika eskaintza

Jon Ander Ubeda 2025ko eka. 14a, 07:00

Egunotan, egitaraua banatzen ari dira udalerrian: ekainaren 20an hasita, Andoain San Juan jaietan murgilduko da. Askotariko musika proposamenak entzuteko aukera paregabea izango da, bereziki, Goikoplazan eta Nafarroa plazan

Sanjuanak hastear dira eta, honatx, zuzenean ariko diren musika taldeak.

Ekainak 20, ostirala:
Punk doinuak

Punk rock doinuak nagusituko dira Nafarroa plazan, ostiral gauean. Bergarako Brigade Loco taldea ariko da. Euskal Herriko hainbat agertokitan aritu dira eta ezin aipatu gabe utzi futbolarekiko duten lotura. Anoetako Bultzada harmailaren singlea kaleratu zuten eta 2023an Reale Arenan bertan jotzeko aukera izan zuten, Europa Leagueko partida batean. Gaualdia osatuko du Tarragonako Crim taldeak. Sarean jarraitzaile asko dituzte eta, urrutira joan gabe, maiatzean Bad Religion taldearen biran parte hartu dute.

Ekainak 21, larunbata:
Erromeria eta berbena-taldea

Goikoplazan, Olgetan erromeria taldea ariko da. Kide gehienek Andoaingo Aita Larramendi ikastolan ezagutu zuten elkar eta, iaz, San Juan jaietan emanaldia egin zuten. Jendetza erakarri zuten eta aurten ere errepikatzeko gogoz daude. Erromeria eta plaza doinuekin ikuskizun bizia egin ohi dute. 

Nafarroa plazan Nueva Etapa Orquesta taldea ariko da. Berbena-taldea da, ibilbide luzekoa, eta estatuko dozenaka udalerritan jo ohi dute. Amonik ez dute behar, beren aurkezpen-txartela irakurrita: “Talde eraberrituak bere hasierako arimari eusten dio, ilusio berrituarekin eta azken teknologiarekin lagunduta, eta horrek hautagai ezin hobea bihurtzen du kalitatezko ikuskizun handi bat lortzeko”.

Ekainak 22, igandea:
Suneren estreinakoa

Ganbara tabernako agertokitik Goikoplazara jauzi egingo du Mingo Fisuras taldeak. Pop-rock estilo indartsua lantzen du Enrique Mingo eta IÒaki Fisuras musikariak buru dituen Donostiako taldeak. "La fiesta es aqui" disko berriko kantuak entzuteko aukera izango da ilunabarrean. Gauean S¸ne kantaria arituko da Nafarroa plazan. Huntza taldearen ibilbideari amaiera emanda, Josune Arakistainek ibilbide artistiko berriari ekin dio. Gaualdia osatzeko, hiru disko-jartzaile: Garaiko, Pires eta Chanca.

Ekainak 23, astelehena:
Nogenen gaua

Nogen ariko da Nafarroa plazan, San Juan bezperako emanaldian. Lehen bi disko arrakastatsuen ondoren, donostiarrak oholtza gainera itzuli dira Aben Cirkel bere hirugarren diskoa aurkeztera. Lan berriarekin mugak hautsi eta orain artean ezezagun zituen latitude berrietara heltzea du helburu taldeak, eta horretarako Ane Negueruela abeslariaren ahots hunkigarri eta boteretsuaren zein gainerako taldekideen bultzada eta bizitasunaz baliatuko dira. Bezperako hiru disko-jartzaileekin luzatuko da gaua.

Ekainak 24, asteartea:
Euskal erromeria

Axerien egun handia, folkloreari eta tradizioari jarraipena eman asmoz, Trikidantz taldeak erromeri doinuz beteko du Nafarroa plaza. Xede argia dute: “kontzertuetan jendeak gurekin dantza zein kantu egitea”.

Ekainak 25, asteazkena:
Puro Relajo

Azken urteotako joera ikusita, jaietako azken eguneko emanaldiak ikusle gehien elkartuko ditu. Izan ere, Puro Relajo enegarrenez ariko da San Juan jaietan. Rantxerak eta mariatxi-doinuak eginez parekorik ez duen taldea da, eta Andoainera etorri diren aldiro ehunka zaletu hurbildu dira.

Aurtengo jaiak, beraz, punk doinuekin abiatu eta rantxerekin amaituko da. Eta, tartean, askotariko estiloak Goikoplazan eta Nafarroa plazan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!