Xabat Amilibia (Gazteleku Pilota Eskola):
“Pilota zaleek badaukate zertan gozatua San Juan jaietan; ez daukate aitzakiarik Arrateko pilotalekura edo Kontzejupera ez hurbiltzeko egunotan".
Egin kontu: ostiraleko pregoiaren ostean, Arraten, ilunabarrean, paleta larruz eta pala motzean partiduak izango dira, eta baita ere, erremonteko profesionalak; azken horretan, Aritz Eskudero eta Jon Irazu herritarrak! Larunbat goizean, eskuzko gaztetxoen finalak; eta arratsaldean, berriz, zesta puntako San Juan txapelketako finalak. Hurrengo egunean, bi pilota jaialdi bata bestearen segidan; Arrate, lehenbizi, Gipuzkoako pala txapelketako finala, eta ondoren, Kontzejupean, eskuzko finalak.
Sanjuanak euskal joko eta tradizioekin lotu izan dira beti, eta pilotari dagokionez behintzat, eusten zaio joerari horri. Gazteleku pilota eskolaren ikuspegitik, ahalegin handia eskatzen digute San Juan jaiek, baina gustura aritzen gara, Udalaren laguntza ere badugu-eta. Ondo moldatzen gara klubeko kideak elkarrekin, eta maitasunez lantzen dugu pilota harrobitik hasita. Emaitzak ere, bistan daude: Gipuzkoan, herriarteko lau txapelketa jartzen dira jokoan, eta horietatik hirutan hartu dugu parte aurtengo denboraldian. Ez hori bakarrik, batean txapela irabazi dugu, eta bigarrengoan, finalera iristeko zorian gara.
Nerea Arregi (Olagain Udal Txistulari elkartea)
Galtza bete lan ibiltzen gara Sanjuanetan, txistulariak. Geure artean umorez esan ohi dugu polo urdina lehen egunean janzten dugula, eta ez dugula kentzen azken eguna pasa arte.
Izan ere, larunbatean ez beste gainerako egunetan, badaukagu modu bateko edo besteko saioren bat! Programa eskutan hartuta, edonork esango luke ezinbestekoa dela txistuaren hotsa jaietan. Ez dakit herritarrek sumatzen eta estimatzen ote duten gure parte-hartze aktiboa, baietz espero dut!
Libratzeko daukagun egun hori, igandeko kontzertuaren azken prestaketak egiteko hartuko dugu beharbada. Izan ere, berezi-berezia izaten da kontzertua guretzat; gonbidatu ugari erakartzen ditugu, abeslariak, dantzariak, musika-joleak... Nortzuk izango diren horiek, ezin da argitu oraingoz, ezjakintasun puntu horrek ere ikusmina pizten dielako gure jarraitzaileei. Publiko fidela daukagu emanaldi horretarako, hutsik egiten ez duena; adinean gora doa, eta nahiko genuke gazteagoak ere hurbilduko balira, polita izaten baita ikuskizuna nire iritziz. Aurtengo berrikuntza gisa, aipatuko nuke lekuz aldatuko dela; Goikoplazan bai, baina goialdean, frontoiko ezker paretaren kontra.
Txistua jotzea egokitzen zaizkigun saioetatik, aipatu kontzertu hori kenduta, gainerakoak nahiko antzekoak izaten dira urtez urte. Nolanahi ere, horietako bi saio aipatuko nituzke bereziki: San Juan bezperan, suaren aurretik, San Juan Zortzikoa joz eta Etxeberrieta auzotik abiatu eta herri guztia zeharkatuz ilunabarrean egiten dugun kalejira, eta, ondorengo San Juan suaren ospakizun polita. Hori batetik, eta bestetik, Axeri Dantza, aparteko ospakizuna bizi du aurten dantza herrikoi horrek, eta Olagain elkarteak bere ekarpena egingo du plazan, oholtza txistulariz beteta”.
Jon Imaz (Zumeatarra Atletismo elkartea)
“Nerea Fernandez gogoan, XVII. Bikoteen krosaren antolaketarekin egiten diogu ekarpena San Juan jaiari, Zumeatarratik"
Formula ez da batere erraza, bi faktore direla medio batik bat: korrikalariak ez daude ohituta bikote batekin parte-hatzera, eta horrez gain, herriko jaiak direnez kirola egitea ez baizik eta gozatzea eskatzen dizu gorputzak... Errealitate horren jakitun izan arren, elkarteak mistoaren apustua egin zuen, eta tinko eta sinetsita eutsi dio horri, prestatu dugun 17. edizio honetan ere. Gipuzkoan makina bat lasterketa dauzkate eskura korrikalariek, baina banaka batzuk gureak daukan proposamenarekin, berdintasunaren aldeko osagai horrekin. Gainera, are herrikoiagoa dela esango nuke gurea, izan ere, bikoteka lasterka egiterakoan, lehiari ez zaio hainbesteko garrantzia ematen. Aurtengo edizioa, hiru berrikuntzekin dator. Batetik, irteera eta helmuga, Nafarroa Plazan izango da. Bigarrengo berrikuntza, 8-11 urtekoek zein 12-14 urtekoek lasterketa propioa edukiko dutela; 600 metroko ibilbidea izango dute lehenek, eta 1.600 metrokoa bigarrenek. Eta bestetik, Ipar Martxa zaleek ere, bikoteka ibilbidea egiteko aukera edukiko dute; ibilbide berbera egingo dute, nahiz eta lehiarik gabekoa izan. Aukera probestu nahi nuke udaltzainei eskertzeko eskaintzen diguten laguntza.
Egun bakarreko konpromisoa eskatzen digu krosaren antolaketak Zumeatarrako kideei, eta egia esanda, aurten ere hitzordu ugari dauzkat apuntatuta agendan, gogoko baititut San Juanak. Iraganean zenbait ekitalditan parte hartu izan dut: Agustin Leitzako danborradarekin 25 urtetan, Musika Bandarekin tronboi-jole gisa zenbait urtetan... Aurten, ostera, ikusle modura gozatuko ditut Sanjuanak. Musika kontzertuak, Axeri Dantza, txuleta-jatea...
Asier Lopez de Arregi eta Neide Garmendia (Lebiton Konpartsa)
“Gure konpartsa kalera ateratzeko 20 bat lagun mugitu behar izaten dira, gehi dultzainero bidelagunak. Saio osoa nekagarria izaten da, eta erreleboak behar izaten direnez, bi pertsona behar ditu erraldoi bakoitzak, eta hamabi lagun zortzi buruhandiek.
Mundu digitalizatuan bizi gara, eta haurrak ere gero eta itsatsiago egoten dira mugikorrekin; hala ere, oraindik, ohartzen gara horrelako konpartsek zenbateko ilusioa eta zirrara sortzen duten. Haurrek, ez hain haurrek eta helduek asko estimatzen dute buruhandi eta erraldoiek kaleetan eta plazetan jartzen duen jai-giroa. Gaztetxoek buruhandiekin jolasean edo zirika ibiltzea dute gogoko, eta bazterrean dauden helduei ere irribarre bat eragiten diegu ezpainetan. Nahiko motibagarria izaten da hori guretzat.
Aurten, pregoiaren lehen egunean egingo dugu saio nagusia. Aparte, zezensuzkoaz ere gau arduratzen gara, eta bi irtenaldi egokitzen zaizkigu aurten, larunbat eta astearte gauetan”.