Dantza plazaratuz bizi den herriaren aldeko aldarria egin du axerien San Juan jaien pregoiak

aiurri 2025ko eka. 20a, 21:01

Axeri dantzariek Olagaingo txistulariekin kalejiran heldu dira Goikoplazara, eta udaletxeko balkoira, Axeri Dantzaren aldeko hainbat eragile igo dira, tartean azken urtetan beren buruzagi izan diren hiru kapitain (Juantxo Arregi, Xatonio Irazu eta Izakun Beraza). Kolektiboa izan da pregoiaren irakurketa, eta tarteka, plazan bildutakoen txaloak jaso ditu. Argazki-sorta eta bideoa, ikusgai:

Pregoiak, hainbat gai ukitu ditu: hala nola, Axeri Dantzak bere ibilbide historikoan plazaratzeko eduki izan dituen zailtasunak, iraganeko dantzari zaleak, orain mende erdi berreskuratu zuten Lizar Makileko dantzariak, hamarkadetan ateak ireki dizkien herriko elkarte gastronomikoak, txistulari bidelagunak, istripuz hildako Katto kapitaina, orain mende laurden gertatu zen emakumeen parte hartzea, gaur egun Andoainen dantzatzeko irrikaz dauden euskal kultur zaleak…

Honatx, osorik, idatzia:

Behin batean ba omen zen dantza bat, lagun arteko liskarrek lausotu eta kanpoko gerrek burua altxatzen utzi ez ziotena. Gerra, genozidio eta ziurgabetasun ororen aurrean herriak dantzatzeko duen eskubidea aldarrikatu genuen ta, gaur ere, aldarrikatu nahi dugu bai Euskal Herrian zein Palestinan.

Baina axeriak ez dio axeri izateari uzten ehizatua bada ere, eta 1975ean Lizar Makili esker gure dantza berreskuratu zen.

Bide hori Adunarrek eta Andoaindarrek eskutik egin genuen, eta gaur egun ere bide horri eutsi nahi diogu. Bluxa gorria soinean eta zapia buruan, axeri izaerak batu gintuen eta batzen gaitu oraindik ere.

Axeri Dantza gure nortasunaren adierazgarri da, eta Andoainen izaera erakusten du.

Gurekin aurrera egin du, eta aurrera egingo du luzaroan.

Gizartearen bilakaerarekin batera, Axeri Dantza ere aldatzen joan da, eta 2000. Urtera arte egindako borrokari esker emakumeok festetan gure lekua izan eta axeri izateko eskubidea eskuratu genuen.

Axeri izateko baldintza bakarra nahi izatea da, eta horrek batzen gaitu adin, jatorri eta pentsaera ezberdinetako dantzariok. Andoaindar guztiok dugu tokia eta guztiok gara ongi etorri.

Euskaraz bizi gara eta euskal kulturak elkartu gaitu, baina ateak irekita daude nahi duen ororentzat!

Baina Axeri Dantza ez dugu dantzara ateratzen garenok bakarrik osatzen, ezinbesteko bidelagunak ditugu txistulariak, txalapartariak, bertsolariak, dultzaineroak… Biba zuek!

Gainera, lana arindu eta festa zabaltzeko asmoz, Andoaingo elkarte gehienen jaki goxoak dastatu ditugu urte hauetan: Peña Santa Cruz, Ontza, Batzokia, Irunberri, Kotoi, Zumeatarra, Erreka Buru, Hogar Extremeño… Mila esker zuei ere. Zenbat gozatu dugu zuen etxeetan!

Eta baita etxetik kanpo ere! Urte hauetan zehar, gure herrian sortutako ondare hau Euskal Herriko txoko ezberdinetan erakusten saiatu gara: Basauri, Senpere, Viana, Donostia…

Baina kanpora begira jarrita ezin barrukoa aipatu gabe utzi. Barruraino sartu gara zuen sukaldeetan, Inauteriak iragarriz puska biltzen aritu garenean ateak parez pare zabaldu dizkiguzuelako. Gora Andoaingo auzoak eta jai batzordeak!

Axeri Dantza biziberritu zenez geroztik, hainbat gertaerak gure bidea markatu dute. 2010ean gure betiko buruzagiak, Juantxok, testigua pasa zuen. Orduan ere esan genizun arren, mila esker berriro! Eredu izan zara atzetik etorri garen eta etorriko direnentzat! Bizitzak gozotik bezainbeste izaten du gazitik, eta guk ere izan ditugu gure galerak urte hauetan zehar.

2012ko uztailaren 29an Pirinioetako mendi hegaletan gora bihotz gorriaren zatitxo bat galdu genuen. Aupa Katto!

Bihotza uzkurtuta, Xatok heldu zion lekuko horri eta ondoren ailegatu zen nire txanda. Ohorea izan da zuen hiruon urratsei segida ematea!

Hamaika irakaspen jaso ditugu ibilbide luze honetan eta ikasi genuen txarra kenduta ondo bizi gaitezkela eta hil arte dantzatuko dugula.

Apustuen bidez ez bada, ez dago kulturan, herrigintzan ez eta bizitzan ere Aurrera egiterik.

Orain 50 urte gazte talde batek egindako apustu bati esker dugu Axeri Dantza. Orain 25 urte beste gazte talde baten apustuari eta emakumeen borrokari esker, Axeri

Dantzak bizirik dirau.

Horretarako indarra, gogoa eta borondatea behar dira, eta aldaketa eragin zuten haiei aitortza egin nahi diegu. Eta gu ere indarrez gainezka gaudela oihukatu!

Eutsi diezaiogun aurrekoek hasi zutenari! Segi dezagun dantzan. Segi dezagun ametsetan. Guztiok batera geldiezinak gera!

Gora Axeri Dantza!

Gora Andoain!

Gora San Juanak!".

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!