Lebiton konpartsako buztinezko pertsonaiak, ikusgai Etxeberria harategian

aiurri 2025ko eka. 21a, 08:51

Arreta handia piztu dute egunotan Etxeberria Harategiko erakusleihoan jarri dituzten buztinezko pertsonaiak, Andoni Etxeberriak adierazi duenez. 

Lebiton Konpartsa osatzen duten lau erraldoiak eta zortzi buruhandiak dira horiek, eta Mari Gutierrez da eskuz egin dituen artista. San Juan jaiekin bat eginez jarri dituzte erakusleihoan, eta zenbait egunetan bertan edukiko dituzte erakusgai.

Mari Gutierrez egileak esan duenez, Eduardo Arreseygor irakasle zuela orain urte batzuk egin zituen buztinezko hamabi piezak, sormen-tailerrean. Buztinaren sormen prozesuak bere konplexutasuna duela gaineratu du. “Piezak eskuz egin behar izaten dira, eta gero 300 gradutik gora jarritako labean tratatu”.

Euskal kulturarekin lotutako beste zenbait pertsonaia eta talde ere eginak dauzka, hala nola, zanpantzarra, abesbatza, otxotea…

Eskulanak beti izan ditu gogoko Gutierrezek, eta aipatu du Arresygorren ikasle izateaz gainera, denboraldi batean, Donostiako zenbait jubilatuen etxeetan ikastaroak (kakorratz-lanak, makramea, gurutze-puntua…) gidatu izan zituela.

 

 

Erraldoi eta  buruhandiak, Andoaingo pertsonaiak

Lebiton Konpartsa osatzen duten erraldoiek eta buruhandiek Andoaingo pertsonaia historikoak irudikatzen dituzte. Juan Legarra Etxebeste eta Cecilia Legarra aita-alaba, eta, Azelaingo bikotea (Azelaingo señoritoa eta bere maitalea). Buruhandiek, berriz, Plazaolako trenbidearen baitan sorturiko lanbideak dituzte inspirazio-iturri: mehatzaria, olagizona, makinista, geltokiko nagusia, ikazkina, emakume estraperlista, arrieroa, eta, Lebiton (basoko borda batean lo egiten zuen “gaiztoa”, Andoaingo kondaira bateko pertsonaia).

Pertsonaia horien azalpenak biltzen dituen esku-orria, hemen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!