SAN JUAN JAIETAN, ANDOAINEN GERTATUTAKO ERASO MATXISTAREN AURREAN
Andoaingo Udalak gaitzespen irmoa adierazi nahi du gure herriko San Juan jaietan
gertatu berri den eraso matxistaren aurrean. Biktimaren ingurukoei babes eta
gertutasun osoa adierazi eta eman nahi diegu, eta, horretarako, haien eskura jarriko
ditugu behar dituzten baliabide psikologiko eta juridikoak eta osasun eta babes arloko baliabideak, eta behar duten informazio guztia izan dezaten bermatuko dugu.
Andoaingo Udalak, kasuaren berri izan ondoren eta −gertaerari buruzko ahalik eta
ikuspegi osoena eta egiazkoena izateko helburuarekin− bildutako informazioa
kontrastatu ondoren, Andoainen gertatutako indarkeria matxista kasuen aurrean eman beharreko erantzun publiko instituzionalerako protokoloa aktibatu du.
Premiazko bilera egin da informazio guztia biltzeko eta, modu horretan, erakundeen erantzuna eta biktimari eta biktimen ingurukoei eman beharreko arreta koordinatzeko.
Azpimarratu nahi dugu indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria dela.
Indarkeria matxista lehen mailako arazo soziala da; indarkeria hori pairatzen duten eta indarkeria horri aurre egiten dioten emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako erasoa. Indarkeria horren adierazpenak ez dira gertakari isolatuak; aitzitik, gure gizartea egituratzen duen sinesmen-sistema batean oinarritutako jokabideeta balio-sare baten parte dira. Gure gizartean erroturik dagoen sistema horren ondorioz, emakumeak gizonen mende jartzen dira eta ez zaie lekurik uzten gizartean adierazteko eta jokatzeko beste modu batzuei. Horregatik, azpimarratu nahi dugu erabat arbuiatzen dugula indarkeria matxista oro.
Beraz, Andoaingo Udalak konpromisoa hartzen du lanean jarraitzeko, erakunde publiko gisa, emakumeen giza eskubideak eraginkortasunez betetzen direla bermatu ahal izateko. Halaber, Andoaingo Udalak adierazten du lanean jarraituko duela eraso
matxista orori irmoki erantzunez, biktimari eta ingurukoei lehentasunezko arreta
emanez, indarkeria matxistari aurre egiteko prebentzio jarduerak eginez eta
erasotzaileen inpunitate soziala saihestuz.
Horrenbestez, Andoaingo Udalak aurrera jarraituko du indarkeria matxistarik gabeko
bizitzak bermatuko dituzten politikak bultzatzen.
Horregatik guztiagatik, Udalak:
- Jakinarazi nahi du Udalbatzan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek aringarririk gabe arbuiatzen dutela Andoaingo San Joan jaietan gertatutako erasoa.
- Bat egiten du, Mugimendu Feministak gaur, ekainak 23an, 18:00etan Goikoplazan deitutako gaitzespen ekitaldiarekin, EZ ANDOAINEN EZ INON. ERASO MATXISTARIK EZ lelopean, eta herritar guztiak gonbidatzen ditu bertan parte hartzera, gertakari honen aurrean bere gaitzezpena adierazteko.