"Antolatuta gaude, aurrean izango gaituzue"

Jon Ander Ubeda 2025ko eka. 23a, 18:50

Dozenaka lagun elkartu dira Goikoplazan. Mugimendu feministak adierazpena irakurri du eta elkarretaratzea txalo artean amaitu da. 

"Arratsalde on eta eskerrik asko hurbiltzeagatik


Ostiral gauean txoznagunean eraso matxista bat eman zen. Mugimendu feministatik gure gaitzespen irmoena adierazten dugu erasoen aurrean, eta gure elkartasun eta babes osoa helarazten diegu erasoa jasan dutenei eta haien ingurukoei.

Berriro erasotu gintuzten Andoainen. Berriro egin behar izan diogu aurre eta berriro  salatu behar dugu jasaten dugun indarkeria.

Txoznagunea eta herriko jai-eremuak gune seguruak izan behar dira denontzako.

Eta hau guztion ardura da. Guztion ardura da ere horrelako erasoen aurrean dugun jarrera eta ez dugu inolaz onartzen egoera lasaitzeko asmoz erasotzaileei indarkeriaz erantzuten dioten gizonen jokabiderik. Ez gaituzue salbatu behar eta inolaz ere, jipoiek ez dute egoera konpontzen, okertu baizik.

Berrikusi zuen jarrerak eta hartu ardura. Ez bazarete konponbidea, arazoa zarete!

Mugimendu feministak eta jai hau antolatu duten eragileek ez ditugu eraso matxista, homofobo, arrazista, lesbofobo, transfobo, bifobo… ez eta bestelako  eraso motarik onartzen! Jaiak guztiok gozatzeko antolatzen ditugu eta egoten ez dakienak ez dauka lekurik hemen. Erasoei aurre egitearen ardura indibiduala eta kolektiboa da eta espazio aske eta seguruak lortzea guztion erantzukizuna.

Aski da! Ez Andoainen, ez inon eraso matxistarik ez!

Antolatuta gaude eta erasotzaile eta konplize zaretenak aurrean izango gaituzue!

Indarkeria matxistei sua!

Gora Autodefentsa Transfeminista!". 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!