Nola hartu zenuen Kandida izateko egin zizuten proposamena?
Pozez! Hori bai, errespetua pittin bat eragingo dit eginkizunak, guztien begiradapean jartzen baitzara. Alde horretatik, ez dakit beldur eszenikoa edo zer den, baina barruan zirrara txiki bat sentitzen ari naiz egunotan.
"Ohorea da proposatu didatena, eta saiatuko naiz ondo betetzen figurari dagozkion ardurak, eta aldi berean, festez gozatzen"
Zein ekitaldirekin gozatuko duzu bereziki?
Kandidari egokitzen zaizkion ekitaldiekin ez ezik (Txikitxuekin etorrera, Soka Dantza, bazkaria, zapi berde-beltza gordetzeko azken ekitaldia...), beste zenbaitekin ere saiatuko naiz ondo pasatzen; hala nola, bakarrizketen saioarekin, Nemux Djk gauean jartzen duen giroarekin...
Nolanahi ere, gauza batekin daukat pena galanta: igandean, I. Paella Lehiaketan ezin parte hartu! Izena emana naukan, eta hor non etorri zitzaizkidan Kandidaren proposamenarekin.
Zalantzatan ibili zinela orduan, proposamenari baietz esateko?
Ez pentsa! Bi arrazoiengatik esango nuke animatu naizela. Batetik, nahiz eta Kaletxikin jaioa ez izan, bertakoa sentitzen naizelako erabat. Eta, bestetik, feminista sentitzen naizen aldetik, ikusten dudalako emakumeek arlo publikoan dagokigun tokia hartzen joan behar dugula, modurik naturalenean eta alaienean.
Inguruan ezer aipatu al dizute...
Familian, senarra eta bi alabak ez dira hainbeste harritu, igual ondo ezagutzen dutelako nire izakera festazale eta baikorra; alaba batek zera esan zidan, jakina zela, urte batean ez bazen bestean izendatuko nindutela... Euskaltegiko eta yoga taldeko kideak gehiago harritu dira, erronkari baietz esan izanagatik. Egia esan, Kandida izango zarela pentsatze hutsak, dardara eragiten dio jende askori, izan lotsa, izan beldurra... eta normala izan daiteke.
"Kaletxikitar sentimenduak bultzatu nau pausoa ematera"
Azalduiguzu, mesedez, nola bizi duzuen sentimendu hori.
Hernaniarra naiz, eta hango Sanjuanetan Andoaingo mutikoa ezagutu nuen. Horrek ekarri zuen Kaletxikin bizitzen jartzea geroztik, orain 33 bat urte. Kaletxikin bizi naizenez geroztik, gogoko dut esatea, bizitzera Andoainera ez, baizik eta Kaletxikira etorri nintzela. Hemengo auzotarrek harrera beroa egin zidaten aurreneko egunetik, eta hori ez da ahaztekoa. Familia baten antzerakoa izan da, beti, kaletxikitarren bizimodua, nik ezagutu dudana behintzat. Auzoan oraindik ez da galdu balkoitik balkoira mintzatzeko ohitura sanoa; hori bada zerbaiten seinale.
Hain zuzen, pregoian, besteak beste, auzoan berehala ezagutu nituen eta jada gure artean ez dauden bizilagun maitagarri haiek nahi nituzke aipatu.
Pregoia aipatu duzu. Zer edo zer aurreratzetik bai?
Aipatu ditudan pertsona horiez gain, mezu baikorra nahi nuke zabaldu. Egia da penaz ari garela ikusten auzoko komertzioak nola doazen ixten; baserritarren kooperatibak ere, bide horretatik doala esanez oharra jarri du egunotan. Hori da errealitatea, saltoki handiak, Amazon, on-line erosketak... ari direla nagusitzen gure bizitzan. Baina ikuspegi itxaropentsua nahi nuke transmititu, alegia guztiok ere badaukagula gaitasuna egoera berriei aurre egiteko eta moldatzeko.
"Pregoian kuspegi itxaropentsua nahi nuke transmititu"
Festarako gonbidapena inori zabaldu nahi?
Kaletxikitik kanpoko guztiei luzatuko nieke gonbidapena. Egia da, San Juan festak bukatu berritan eta uda-giroan sartu garelarik, normalki jendeak badaukala motiburik errelajatzeko. Hala ere, hartzeko denbora eta bertaratzeko eskatuko nieke bai Andoaingo beste auzoetako biztanleei, eta baita ere, ondoko herrietakoei. Ez dira damutuko, ongi etorriak izango dira eta ederki asko gozatuko dute hemen bizitzen den jai-giroaz.