Axerien eta bero saparen urtea

Aiurri 2025ko eka. 26a, 13:24

Udaren etorrerarekin termometroak gora egin ahala, beroa nagusitu da jaietan. Sargori zen egun gehienetan. San Juan egunez, gainera, ekaitza lehertu zen erromeria ospatzen ari zen bitartean

Eguraldia ezinbesteko aldagaia da jaietan, egitaraua baldintzatzeraino. San Juan eguneko zezensuzkoa ez zen egin, ordu horretan sekulakoa baitzen ekaitza elektrikoa. Hori da bertan behera geratu den ekitaldi bakarra, baina ezin alde batera utzi gehiegizko beroak duen eragina. Axeri Dantzan, esaterako. Sekulako beroa pasa zuten, bereziki, eguerdiko 12:00tako dantza-emanaldian. Beraz, beroagatik gogoan hartuko ditugu 2025eko Sanjuanak, baina bada beste bereizgarria: Axerien efemeride bikoitza.

25 urte bete dira emakumezkoak parte hartzen hasi zirenetik eta 50 dantza berreskuratu zutenetik. Urteurrena zelako edo, aurten jendetzak eman du izena. Jaiak, oro har, bikainak izan dira eta jendetza ibili da kaleetan. Ezin aipatu gabe utzi ostiral gaueko eraso matxista. Horrek ilundu du jaia, eta aztoratu herria.

Bart amaitu dira jaiak jendetza erakarri zuten bi ekitaldirekin: Puro Relajoren emanaldia Aliens Foc Scura taldearen piroteknia-kalejira. Ehunka lagunek eman diote jaiari amaiera, kalean.

Palestinako herriari keinu ugari

Ekialde Hurbilean ez da giro eta Palestinako herria pairatzen ari den genozidioak hainbat herrikideren erreakzioa piztu du. Aurtengo jaietan Palestinarekiko keinuak ugari izan dira. Lehen egunetik hasita, emakume talde batek ekintza ikusgarria egin zuen eta udaletxe ondoko belardian hildako haurrak irudikatzen dituzten panpinak utzi zituzten. Pregoilariek ere aintzat hartu zuten Palestina eta, bestalde, hainbat ekimen izan da herrialde hartako biztanleei laguntzeko: igande arratsaldean, talo-jate solidarioa egin zuten; astelehenean, Azokan, jatorri anitza duen emakume taldeak janari-postua ipini zuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!