Sekulako giroa Kaletxikiko jaietan

Aiurri 2025ko uzt. 4a, 07:57

Omenaldi-ekitaldia San Pedro eguneko bazkarian.

Goi mailako bertso-saioa egitarau oparoaren atarikoa bilakatu zen. Kandidarekin hasi eta amaitu ziren jaiak, auzotarren arteko giro ona sendotzeko baliagarria izan dena. Jaien argazki-bilduma eta bideo sorta zabala ikusgai daude Aiurri.eus gunean, atal berezian

Kaletxikiko jaiak amaitu berritan, Aiurri astekariak Jai Batzordean buru-belarri dabiltzanen lehen balorazioa jaso du. Pozarren daude, antolatzaile eta auzotar modura. Eta, ezer baino lehen, auzoak bizi duen armonia nabarmendu dute: "Nabarmentzekoa da auzoan sortu zen giroa jaiak iraun zuten lau egunetan". Izan ere, ostegunean abiatu ziren jaiak Berrozpeko kaperan maila handiko bertso-saioarekin. Biharamunean, Kandida eta Tolosako Popeye txarangarekin jai-giroa auzo osora barreiatu zen. Kaletxikira jaitsi aurretik udal ordezkaritza zabala zain zuten Kontzejupean. Ostiral gaua Txapela Bravak girotu zuen, tex-mex eta rantxera doinuekin. Jaietako lehen sorpresa lehenxeago iritsi zen, Lebi zezensuzkoak agerraldia egin baitzuen Berrozpeko jolastokian. Gozamena izan zen bertan ziren haur, gaztetxo eta familientzat.

Sagardo txapelketa izan zen larunbat eguerdian eta, ohi bezala, jendetza hurbildu zen auzunera. Arratsaldean danborradaren txanda izan zen eta taldekideetako batek aukera baliatu zuen bikotekideari ezkontza-proposamena luzatzeko. IkurriÒa zeraman neskak ezusteko galanta jaso zuen, eta baiezkoa eman zion. Bertan ziren, lekuko gisa, Sestaotik etorritako gurasoak. Danborrada San Juan Bataiatzailea adinekoen egoitzaraino iritsi zen. Ama Kandidari ere pare bat pieza eskaini zizkioten Berrozpeko kaperan. Gauean, sekulako giroa jarri zuten, ohi bezala, Nemux DJek. Igandean, soka-dantzaren ostean, lehen paella-txapelketa antolatu zuten. Juanma eta Aitor Garcia aita-semeak izan ziren irabazleak. Arratsaldean izan zen egitarautik kanpoko bigarren hitzordua: apar-festa. Sardin-jatearekin amaiera eman zioten ekitaldiz beteriko asteburuari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!